Lazaroren heriotzea
11,1 Gizon bat, Lazaro izenekoa, gaixorik egoan. Betaniakoa* zan, Maria eta honen ahizta Martaren herritxokoa. 2 (Maria hau —gaixorik egoan Lazaroren arrebea— Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere ule-adatsez sikatu eutsozana zan). 3 Ahizta biek Jesusi albistea bialdu eutsoen: «Jauna! Zure adiskidea gaixorik dago». 4 Jesusek, hori jakitean, esan eban: «Gaixotasun hau ez da heriotzara eroateko, Jainkoaren aintza azaltzeko baino, bere bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu dadin».
5 Marta, honen ahizta eta Lazaro oso adiskide ebazan arren, 6 hau gaixorik egoala jakinda ere, Jesus beste egun bian gelditu zan egoan lekuan. 7 Ondoren, esan eutsen ikasleei:
—Goazen barriro Judeara.
8 Ikasleek esan eutsoen:
—Maisu, oraintsu juduek harrika egin gura eutsuen, eta hara zoaz barriro?
9 Jesusek erantzun eutsen:
—Ez ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilanak ez dau estropezurik egiten, eguzkiak argitzen deutso-ta bidea; 10 baina gauez dabilanak, estropezu egiten dau, ez dauka-eta argirik.
11 Eta gehitu eban:
—Lazaro gure adiskidea loak hartu dau*; baina banoa izartzera.
12 Esan eutsoen, orduan, ikasleek:
—Jauna, loak hartu badau, osatuko da.
13 Jesusek Lazaroren heriotzaz esan eban hori, baina ikasleek ohiko loaz ziharduala uste eben.
14 Azkenik, argi eta garbi esan eutsen Jesusek:
—Lazaro hil egin da, 15 eta pozten naz han ez izanaz, zeuen onerako izango da-ta, holan sinistu daizuen. Goazen, ba, haren etxera.
16 Orduan, Tomasek, Bikia eritzoenak, bere ikaskideei esan eutsen: «Goazen geu ere beragaz hiltera».
Jesus, biztuerea eta bizia
17 Jesus heldu zanean, lau egun eroiazan Lazarok hilobian. 18 Betania Jerusalemdik hurrean dago, hiru kilometrora edo; 19 eta judu asko etorri zan Maria eta Martagana, nebeagaitik doluminak emotera. 20 Martak, Jesus etorrela entzun ebaneko, bidera urten eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. 21 Martak esan eutson Jesusi:
—Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilgo. 22 Baina, halan ere, badakit eskatu deiozun guztia emongo deutsula Jainkoak.
23 Jesusek erantzun eutson:
—Biztuko da zure nebea.
24 Eta Martak:
—Badakit, bai, biztuko dala azken egunean, hildakoen biztuerakoan.
25 Jesusek esan eutson, orduan:
—Neu naz biztuerea eta bizia*; nigan sinisten dauana, hilda ere, bizi izango da. 26 Eta bizi dana, nigan sinisten badau, ez da betiko hilgo. Sinisten dozu hau?
27 Martak erantzun eutson:
—Bai, Jauna, sinisten dot zeu zarala Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortekoa zana.
Jesusek hilobi ondoan negar
28 Ondoren, Marta bere ahizta Mariari dei egitera joan zan, eta esan eutson isilka: «Maisua hemen dun eta dei egiten deuna».
29 Berehala jagi eta Jesusengana joan zan. 30 Jesus artean herritxoan sartu barik egoan, Martak topatu eban lekuan bertan. 31 Orduan, hari doluminak emoten etxean egozan juduek, Mariak arin jagi eta urten egin ebala ikusirik, jarraitu egin eutsoen, hilobian negar egitera joialakoan. 32 Mariak, Jesusengana heldu eta ikustean, oinetara ahuspeztu eta esan eutson: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilgo».
33 Jesusi, orduan, Maria eta beronegaz etozan juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin eutson eta, zeharo hunkiturik, 34 esan eban:
—Non ipini dozue?
Erantzun eutsoen:
—Jauna, zatoz eta ikusi.
35 Jesusek negarrari emon eutson. 36 Han egozan juduek esan eben:
—Bai maite ebala!
37 Baina batzuk esan eben:
—Itsuaren begiak ireki ebazan honek, ezin ete eban hau hiltea galazo?
Lazaroren biztuerea
38 Jesus, barriro ere hunkiturik, hilobira hurreratu zan. Hartzulo bat zan, harri batez estaldua. 39 Jesusek esan eban:
—Kendu harria.
Martak, Lazaro zanaren arrebeak, erantzun eutson:
—Jauna, hatsa botako dau, lau egun daroaz-eta.
40 Jesusek erantzun eutson:
—Ez deutsut, ba, esan sinisten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?
41 Kendu eben, ba, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan eban: «Eskerrak zuri, Aita, entzun deustazulako. 42 Nik badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dan jendeagaitik dinot, zeuk bialdu nozula sinistu daien».
43 Ondoren, ozen egin eban deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!»
44 Eta hildakoak hartzulotik urten egin eban. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estaldurik eukazan. Jesusek esan eutsen: «Askatu eizue eta itzi joaten».
Agintariek Jesus hiltea erabagi
(Mt 26,15; Mk 14,12; Lk 22,12)
45 Jesusek egina ikusi ebenean, Maria ikustera joandako judu askok sinistu eben harengan. 46 Hareetariko batzuk, barriz, fariseuengana joan eta Jesusek egin ebana kontatu eutseen. 47 Orduan, abadeburu eta fariseuek batzar Nagusia batu eben eta esan:
—Zer egin? Gizon honek mirarizko seinale asko egiten dihardu! 48 Horrela jarraitzen izten badeutsogu, guztiek sinistuko dabe berorrengan. Orduan, erromatarrek etorri eta birrindu egingo dabez bai tenplua, bai herria.
49 Batzarkideetako batek, urte haretan abade nagusia zan Kaifasek, esan eutsen:
—Zuek ez dakizue tautik ere. 50 Ez zaree konturatzen hobe dala gizon bat herriagaitik hiltea, herri osoa galtzea baino?
51 Kaifasek ez eban hori bere kabuz esan, urte haretan abade nagusia zanez, Jainkoaren izenean berba egin ebalako baino, Jesus herriaren alde hilgo zala adierazotean; 52 eta ez herriaren alde bakarrik, bai eta sakabanaturik egozan Jainkoaren seme-alabak alkartzeko ere.
53 Beraz, ordutik aurrera, Jesus zelan hilgo pentsatzen hasi ziran; 54 hagaitik, Jesus ez zan ibilten agerian juduen artean; alde egin eban basamortu ondoko bazter batera, Efraim* izeneko herrira, eta hantxe egon zan bere ikasleekaz.
55 Hurrean zan Pazkoa, juduen jai nagusia, eta herrietako jende asko Jerusalemera joan zan Pazkoa baino lehen, garbikuntza-ohikuneetan parte hartzeko. 56 Jerusalemera etorriak Jesusen bila ebiltzan eta, tenpluan topo egitean, galdetzen eutsoen alkarri: «Zer deritzozue? Ez ete da etorriko jaietara?»
57 Abadeburu eta fariseuek aginduta euken, inork Jesus non zan jakiten baeban, salatu egieela, atxilotu ahal izateko.