SARREREA
Nork eta noiz idatzia
Antxina-antxinako tradizionaren arabera, ebanjelio hau hamabietariko ikasle batek idatzia izango litzateke, Mateo (ik. 9,9) edo Lebi (ik. Mk 2,14) zerga-batzaileak, hain zuzen. Halan ere, seguruenik, bigarren belaunaldiko eta judu-jatorriko kristau bat dau egile, grekoa ekiana eta I.Z.ari buruzko irakaspenetan ondo aditua.
Konposizino-dateari dagokionez, K.o. 80/90 bitartean kokatu daiteke, 70ean jazotako Jerusalemen hondamendiaren ondoren, jazoera hau behin baino gehiagotan aitatzen da-ta (21,41; 22,7; 23,37-38). Badirudi Siriako Antiokian idatzia dala ebanjelioa: grekoz egiten zan han eta uriak judu-kolonia ugaria eban; bazan han kristau-alkarte bat ere, lehenengoetakoa hain zuzen (Eg 11,19-30), bertan juduak eta jentilak berehala nahastau zirala; Pedrok garrantzi handia eban alkarte haretan (Ga 2,11-14), Mateoren ebanjelioan lez (15,15; 16,16-19; 17,24-27).
Kanpo eta barru, egoera gatxean bizi dan alkarte batentzat idazten dau Mateok.
Kanpora begira, juduekiko gatazkea bizi dabe kristauek. Izan ere, 70. urtean Jerusalem hondatu eta gero, fariseuak eta euron ortodoxia suertatu ziran beste judu-talde eta joeren artean nagusi. Alde batetik, gero eta intrantsigenteago ageri dira fariseuak Jesusen jarraitzaileekaz; bestetik, gero eta ugariago dira Jesusen mezua eta harenganako fedea judaismoaz aparteko gauza lez ulertzen dabezan kristauak. Juduen eta kristauen arteko polemika eta konponezina oso nabariak dira ebanjelio honetan (ik. 23,1-11; 21,43). Itun Zaharra etengabe aitatuz eta betekuntza-esaeren bidez, hitzemondako Mesias ha Jesus dala eta beronek beteten dauzala agintzariak frogatu nahi dau hasiera-hasieratik (1,22). Era berean, Jesusek jasotako Elizeak dauala orain Israelen misinoa agertu nahi dau (21,43).
Barrura begira, barriz, alkarte-giroa epelduz doa, hasierako beroaldiaren ondoren: Jaunaren bihurtzea luzatzen doa, eta Jesusen irakaspenak gogoratu behar dauz alkarteak zelan bizi izan jakiteko, baita erakunde lez eratzeko ere. Alkarren zerbitzua dau lege (18,12-14). Hasieran, judu-jatorriko kristauak ziran gehienak, baina jentilak ugariago suertatu ziran laster baten; beraz, ez etozan bat Moisesen legeari buruz (ik. 5,17-45; 15,1-20; 23,1-7), ez eta Elizearen misionaren luze-zabalari buruz ere (ik. 10,5-6; 15,24; 28,18-20). Guztientzat alkargunea eskini nahi dau Mateoren ebanjelioak, tradizino desbardinak jasoz.
Ebanjelioaren hari nagusiak
Mateoren ebanjelioa Markosen eskemeari lotu jako, baina gai barri asko sartzen dau, Jesusen berbak behinik behin. Mateorenean ageri dan gauzarik nabarmenena bost hitzaldiena dogu, hitzaldi horreetan tradizinotik jaso dauan irakaspen gehienak batzen dauzala: mendiko berbaldia (5–7), misinorako irakaspenak (10), erreinuaren parabolak (13), alkarte-bizitzeari buruzko berbaldia (18) eta berbaldi eskatologikoa (24–25). Gainera, ebanjelioaren gerriak Jesusen sorrerearen historia daroa aurretik (1–2), Markosenak ez lez.
Sarrera bikotxa dau (1–2 eta 3,1–4,16) Jesusen misterioa aurkezteko; aurkezpen horri esker, Galileako predikura heltzean (4,17), badakigu ordurako nor dogun erregetzea iragarten dauan Jesus hori. Aurkezpen horretakoak ez dira folklorezko kontakizunak, ez eta Jesusen biografia baterako albiste jakingarriak ere, Jesusen misterioari buruzko teologi gogoeta jatorrak baino, Pazko ondoko sinismenaren argitan eginak. Sarrera bikotxak Jesus Daviden Seme lez (1–2 kap.etan Joseri emoten jakon egiteko nagusian ageri danez) eta Jainkoaren Seme lez (3,17an, bateokoan, goitiko berbeak autortzen dauan lez) aurkezten dau.
Lehenengo kap.etan emoten jakuz aurretiaz, zirriborraturik, Jesusen misinoa eta zoria bera. Jesus, Jainkoak berbea emonda eukan Mesias (1,22-23), bere herrira doa hau salbatzeko (1,21); baina, jentilek –ekialdeko magoek– gurtzen daben bitartean (2,11), bere herria urrun dago eta bertako erregeak hil egin nahi dau (2,13). Jesusen ageriko predikua non hasi zan esatean, Mateok jentilen Galilea (4,15) dakarsku gogora; izan ere, ilunpetan dagoan herriarentzat (4,16) izango da, azken batean, barri onaren predikua (28,19). Horra Mateoren ebanjelioaren gai nagusienetako bat: Israelen eta Elizearen arteko erlazioa.
Sarrera-aurkezpenari buruz aitatu dogun mezu-zirriborro hau ebanjelio guztian zehar zabalduko eta osatuko da. Ebanjelioaren gerrian, Jesusen misinoa azaltzen deusku Mateok. Jainkoaren erregetzearen mezularia dogu, erregetza hori berbaz (5–7) eta egitez (8–9) iragarten dauala. 10. kap.tik aurrera, erregetzearen mezuari eta Jesusi berari jendeak egingo deutsen harrereak edo ukoak markatzen dau ebanjelioa. Jendea bere jarrerak azalduz doa: batzuk urrunduz joakoz, beste batzuk –ikasleen taldea– gero eta estuago alkartuz. Euron esku itziko dau Jesusek bere misinoaren jarraipena (10); euroi agertu jakez erregetzearen misterioak (13,11) eta euroi emon jake Jesusen beraren egiazko misterioa sinisteko dohaia (16,16-17). Eurok dira, Pedro buru dabela, Jainkoaren herri barriaren oinarri (16,18-19).
Hirugarren atalean, 16,21etik aurrera, Jesusen misinoa Jerusalemgo azken zorira hurreratuz doan heinean, aitatutako kontrastea gogortuz doa. Jainkoaren nahia da, ukapena eta heriotzea igaroz, Jesusek bere egitekoa betetea (16,21; 17,22-23; 20,18-19). Aldi berean, Jesusek bere epaia emoten dau, bai uko egiten deutson herriaz (21,43), bai tenpluaz (24,2) eta baita erlijio-buruzagiez ere (23,33). Gehiago oraindino: bai Israelen, bai munduaren eta gizaki bakotxaren historia, beragan erabagiten dala iragarriko dau Jesusek, beragan eskintzen dau-ta Jainkoak azken salbamen-aukerea (24–25).
Nekaldi eta biztuerearen kontaketea (laugarren atala), Jesusek irakaspen guztiak amaitu dauzala esanez hasten da (26,1). Oraintxe egiaztatzen da krisi mesianikoa: Jesusen atxilotzeaz, Pedroren ukapenaz, Jesusen epaiketaz eta kurutzuntzatzeaz (26–27). Gizakiek kondenatu eta hil egiten dabe, baina Jainkoak arrazoi emoten deutso, bera berbiztuz (28).
Ebanjelioaren amaiereak (28,16-20) ikasleen mundu guztirako misinoa aurkezten deusku; lurreko Jesusen –agindu deutsuedan guztia– eta Jesus gora jasoaren –ahalmen osoa emon deust Jainkoak– arteko jarraipena azpimarratzen dau. Juduak eta jentilak batuz Jainkoaren herria bere betera eroatea: horra Elizeak historian zehar eginkizun eta bokazino izango dauan misinoa, Jauna beti beragaz izango daualako ziurtasunagaz (28,20).
Eskemea
–Aurkezpena: Daviden Seme eta Jainkoaren Seme dan Jesusen misterioa (1,1–4,16).
–Jesusen egitekoa: Erregetzea iragarria eta agertua (4,17–16,20).
–Jesusen egitekoa. Krisi mesianikoa (16,21–25,46).
–Nekaldia eta biztuerea (26,1–28,15).
–Konklusinoa: Ikasleak mundu osora bialduak (28,16-20).