Juduen ohiturak eta Jainkoaren nahia
(Mk 7,1-13)
15,1 Jerusalemdik etorritako hainbat fariseu eta lege-maisu hurreratu jakozan Jesusi eta galdetu eutsoen:
2—Zergaitik hausten dabe zure ikasleek zaharren ohiturea? Ez dabe otordu aurretik eskuen garbikuntzea* egiten.
3 Jesusek erantzun eutsen:
—Eta zuek zergaitik hausten dozue Jainkoaren agindua zeuen ohiturekaitik? 4 Esate baterako, Jainkoak esan eutsuen: Hartu aintzat aita-amak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen dauanak heriotza-zigorra izango dau. 5 Zuek, barriz, beste hauxe dinozue: Nonork aitari edo amari esaten badeutso: «Zuri emon behar neuskizuna Jainkoari eskeinia deutsot», 6 halakoak ez dauala aitagazko agindu hori bete beharrik; holan, Jainkoaren hitza balio barik izten dozue, zeuen ohiturekaitik. 7 Itxurazaleok halakook! Ederto esan eban bai Isaias profeteak zuetaz:
8 Herri honek ezpainez goresten nau,
baina nigandik urrun dau bihotza;
9 alperrik nabe gurtzen;
honeen irakaspena giza agindu hutsa.
Zerk kutsatzen dauan gizakia
(Mk 7,14-23)
10 Jesusek jendeari dei egin eta esan eutson: «Entzun eta ulertu ondo! 11 Gizakia ez dau ahotik sartzen jakonak kutsatzen; ahotik urteten deutsonak, horrexek kutsatzen dau gizakia».
12 Ondoratu jakozan, orduan, ikasleak eta esan eutsoen:
—Ba dakizu berba horreekaz fariseuak sumindurik itzi dozuzana?
13 Jesusek erantzun eutsen:
—Zeruko nire Aitak landatu ez dauan edozein landare sustraitik atarako dabe. 14 Itzi eiezue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora jausiko dira.
15 Pedrok eskatu eutson:
—Azaldu eiguzu esangurea.
16 Jesusek erantzun:
—Zuek ere ez dozue oraindik ulertzen? 17 Ez dozue ikusten ahotik sartzen dan guztia sabelera joaten dana eta handik komun-zulora? 18 Ahotik urteten dauana, barriz, bihotz barrutik dator, eta horrek bai egiten dauala gizakia zikin! 19 Izan ere, bihotzetik urteten dabe asmo txarrek, hilketek, adulterioek, lizunkeriak, lapurretek, guzurrezko testigantzek, irainek. 20 Horreixek dira gizakia kutsatzen dabenak; baina eskuak garbitu barik otordua egiteak ez dau gizakia kutsatzen.
Jesusek emakume kanaandarraren alabea osatu
(Mk 7,24-30)
21 Handik urtenda, Tiro eta Sidon* aldera aldendu zan Jesus. 22 Orduan, inguru hareetan bizi zan emakume kanaandar* bat deiadarka hasi jakon:
—Erruki zakidaz, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alabea.
23 Baina Jesusek ez eutson berbarik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu eutsoen:
—Eiozu kasu, atzetik deiadarka jatorku-ta.
24 Jesusek, ordea:
—Israel herriko ardi galduengana baino ez nau bialdu Jainkoak.
25 Baina emakumea, hurreraturik, ahozpez jarri jakon, esanez:
—Lagundu eidazu, Jauna.
26 Jesusek, orduan:
—Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatea.
27 Emakumeak erantzun eutson:
—Bai, Jauna, halantxe da; baina txakurrek ere jaten dabez nagusien mahaitik jausten diran ogi-apurrak.
28 Orduan, Jesusek esan eutson:
—Emakumea, handia da zure fedea! Jazo bekizu nahi dozuna!
Eta une hartatik osatuta gelditu jakon alaba.
Gaixo asko osatu
29 Handik urten eta Galileako aintzira-bazterrera joan zan Jesus. Mendira igon eban eta jesarri. 30 Jendetza handia batu jakon, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko eurekaz eroiezala. Ondoan ipinten eutsoezan eta Jesusek osatu egiten ebazan. 31 Denak harriturik gelditu ziran ikusten ebenaz: mutuak berbetan, elbarriak osaturik, herrenak ibilten eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziran.
Jesusek jendetzeari bigarrenez jaten emon
(Mk 8,1-10)
32 Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan eutsen:
—Errukia emoten deust jende honek: badaroez hiru egun nigaz eta ez dabe ezer ere jateko. Eta ez ditut etxera baraurik bialdu nahi, bidean ahuleziak joko leukez-eta.
33 Ikasleek esan eutsoen:
—Baina nondik atara guk bakardade honetan, honenbeste jende asetzeko beste ogi?
34 Jesusek galdetu eutsen:
—Zenbat ogi daukazuez?
—Zazpi —erantzun eutsoen—, eta arraintxo banaka batzuk.
35 Orduan, jendeari behegainean jesarteko agindu eutson. 36 Gero, zazpi ogiak eta arrainak hartu eta, Jainkoari esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jendeari. 37 Asetzeraino jan eben danek, eta zazpi otzara bete ebezan hondakinez. 38 Lau mila gizon izan ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte. 39 Gero, jendeari agur egin ondoren, Jesus txalupara igo eta Magadan* lurraldera joan zan.