Erregetzea mirarien bidez agertua (8,1—9,34)
Jesusek legenduna osatu
(Mk 1,40-45; Lk 5,12-16)
8,1 Jesus menditik jatsi zanean, jende askok jarraitu eutson. 2 Legendun bat hurreratu jakon eta, aurrean ahozpezturik, esan eutson:
—Jauna, nahi badozu, garbitu naikezu.
3 Orduan, Jesusek eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez:
—Nahi dot, izan zaitez garbi.
Berehala, legena garbitu egin jakon.
4 Jesusek agindu eutson:
—Kontuz gero! Ez esan inori. Zoaz, halan ere, azaldu abadeagana eta eskini Moisesek agindutako oparia zeure garbitasunaren ezaugarri*.
Erromatar ehuntariaren sinismena
(Lk 7,2-10; Jn 4,46-54)
5 Jesus Kafarnaum herrian sartu zanean, erromatar ehuntari bat hurreratu jakon 6 erreguka:
—Jauna, elbarri eta oinaze gorritan dot morroia etxean.
7 Jesusek esan eutson:
—Neu joango naz osatzera.
8 Ehuntariak erantzun eutson:
—Jauna, ni ez naz inor zu nire etxean sartzeko; nahikoa dozu hitz bat esatea, nire morroia osatzeko. 9 Neuk ere, menpekoa izanagaitik, soldaduak dodaz menpean, eta batari joateko agintzen badeutsot joan egiten da, besteari etorteko agindu eta etorri, morroiari zeozer egiteko esan eta halan egiten dau.
10 Hau entzutean, harritu egin zan Jesus eta ondoren etorkozanei esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Israel guztian ez dot aurkitu horrelako sinistedunik. 11 Egia esan, asko etorriko dira sortalde eta sartaldetik, Abraham, Isaak eta Jakobegaz Jainkoaren erreinuko mahaikide izateko; 12 erreinuaren oinordeko ziranak*, barriz, kanpora, ilunpetara, botako ditu Jainkoak. Negarra eta hagin-ikarea izango dira han».
13 Ondoren, ehuntariari esan eutson:
—Zoaz etxera, eta jazo bekizu sinistu dozun lez.
Eta ordu haretan bertan osatuta gelditu zan morroia.
Jesusek Simonen amaginarrebea osatu
(Mk 1,29-31; Lk 4,38-39)
14 Ondoren, Pedroren etxera joan zan Jesus, eta haren amaginarrebea oheratuta aurkitu eban sukarraz. 15 Jesusek eskua hartu eutson eta sukarrak alde egin; orduan, emakumea jagi eta zerbitzen hasi jakon.
Gaixo asko osatu
(Mk 1,32-34; Lk 4,38-39)
16 Iluntzean, deabrudun asko ekarri eutsoezan Jesusi. Honek deabruak bere hitzez bota eta gaixo guztiak osatu ebazan. 17 Holan bete zan Jainkoak Isaias profetearen bidez esana:
Harek gure makaltasuna
hartu eban bere gain,
gure txarkerien zamea jasan.
Jesusi jarraitzeko baldintzak
(Lk 9,57-62)
18 Bere inguruan jendetza handia ikusirik, beste aldeko aintzira-ertzera igaroteko agindu eban Jesusek. 19 Orduan, lege-maisu bat hurreratu jakon, esanez:
—Maisu, edonora jarraituko deutsut.
20 Jesusek esan eutson:
—Azeriek badaukez zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, barriz, ez dauka burua non ezarri.
21 Beste batek, ikasleetakoa zanak, esan eutson:
—Jauna, itzi eidazu lehenengo aitaren hiletak egitera joaten.
22 Baina Jesusek erantzun:
—Jarraitu niri, eta itzi hilei euren hildakoen hiletak egiten.
Jesusek ekatxa baretu
(Mk 4,35-41; Lk 8,22-25)
23 Jesusek txalupara igon eban eta ikasleek jarraitu egin eutsoen.
24 Bat-batean, ekatx gogorra sortu zan aintziran, eta olatuek txalupa ia azpian hartuta euken. Jesus, barriz, lo egoan. 25 Ikasleek hurreratu eta izartu egin eben, esanez:
—Salbau gaizuz, Jauna! Galtzera goaz!
26 Harek esan eutsen:
—Zergaitik zaree hain bildur, sinismen gitxikook?
Eta, zutundurik, hasarre egin eutsen haizeari eta aintzirari, eta dana bare-bare gelditu zan. 27 Ikasleek, harriturik, holan inoen: «Nor ete dogu gizon hau, esana egiten dautsoe-ta haizeak eta aintzireak ere?»
Jesusek Gadarako deabrudunak osatu
(Mk 5,1-20; Lk 8,26-39)
28 Jesus aintziraz beste aldera, gadaratarren lurraldera* heldu zanean, deabrudun bik urten eutsoen hilobi artetik bidera. Hain ziran-eta gaiztoak, ez zan inor ausartzen bide haretatik ibilten. 29 Eta deiadarka hasi jakozan:
—Zer dozu gugaz, Jainkoaren Seme horrek? Sasoia orduko etorri zara hona guri oinaze emotera?
30 Handik urrun barik, txarri-talde handi bat ebilen uxarrean. 31 Deabruek eskatu eutsoen Jesusi:
—Botatekotan, bialdu gaizuz txarri-taldera.
32 Jesusek esan eutsen:
—Zoaze.
Hareik urten eta txarriengan sartu ziran, eta txarri-talde osoa trokan behera aintzirara jausi zan, eta danak uretan galdu.
33 Txarrizainek ihes egin eben eta, herrira joanik, dana kontatu eben, bai eta deabrudunarena ere. 34 Orduan, herri guztiak urten eban Jesusengana eta, ikusi ebenean, euren lur-mugetatik alde egiteko eskatu eutsoen.