JERUSALEMEN: JESUS MESIAS UKATUA (11,1–13,37)
Jesus, fruturik bako herriaren epaile (11,1–12,12)
Jesus Jerusalemen Mesias lez sartu
(Mt 21,1-11; Lk 19,28-38; Jn 12,12-16)
11,1 Jerusalemera hurreratu ziranean, Oliamendi inguruko Betfage eta Betania herritxoetara heldurik, bere ikasleetako bi bialdu ebazan Jesusek, 2 esanez: «Zoaze aurreko herritxo horretara; sartu orduko, astakume bat aurkituko dozue lotuta, gainean inor jarri ez jakona; askatu eta ekarri. 3 Inork zertan zabizen galdetuko baleutsue, erantzun: ‘Jaunak behar dau, baina berehala bihurtuko dau’».
4 Joan ziran, ba, eta han aurkitu eben astakumea ate-ondo baten kanpotik lotuta, eta askatzen hasi ziran. 5 Bertan egozanetariko batzuk esan eutseen: «Zertan zabize hor astakumea askatzen?»
6 Jesusek esandakoa erantzun eutseen, eta hareek astakumea itzi.
7 Jesusi eroanik, euren jantziak astakumeari bizkarrean ezarri eutsoezan, eta Jesus gainean jesarri zan. 8 Askok jantziak zabaltzen ebezan bidean; beste batzuk, barriz, bazterretan batutako zugatz-orriak. 9 Aurretik eta atzetik joiazanek honela inoen oihuka: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! 10 Bedeinkatua badatorren erreinua, gure aita Daviden erreinua. Gora Jainko gorena!»
11 Jerusalemen, Jesus tenplura joan zan. Eta inguru guztiak begiratu ondoren, ordurako berandu zan-eta, Betaniarantz urten eban Hamabiekin.
Jesusek ikondo agorra madarikatu
(Mt 21,18-19)
12 Biharamonean, Betaniatik urten ebenean, Jesus gosetu egin zan. 13 Orritan egoan ikondo bat urrundik ikusirik, bertara joan zan, ea ikorik aurkitzen eban; baina ondora heltzean, ez eban orria besterik aurkitu, ez zan-eta iko-sasoia. 14 Orduan, ikondoari esan eutson: «Ez daiala gehiago inork higandik fruturik jan!»
Bere ikasleek ere entzun eutsoen.
Tenplua herri guztientzat otoitz-etxe
(Mt 21,12-17; Lk 19,45-48; Jn 2,13-16)
15 Heldu ziran Jerusalemera. Tenpluan sarturik, bertan salerosketan ziharduenak kanpora botaten hasi zan Jesus eta diru-trukalarien eta uso-saltzaileen mahaiak irauli egin ebazan. 16 Eta ez eutson inori izten tenplu barrura ezer eroaten. 17 Gero, irakasten hasi jaken, esanez: «Ez ete dino Liburu Santuak: Nire etxea otoitz-etxe izango da herri guztientzat? Zuek, barriz, lapur-zulo egina dozue».
18 Abade-buruak eta lege-maisuak, hori jakin ebenean, Jesus zelan hilgo hasi ziran; baina bildur eutsoen, jende guztia haren irakatsiaz harriturik egoan-eta. 19 Iluntzean, uritik urten egin eben Jesusek eta ikasleek.
Ikondoa igartua: fedea eta otoitza
(Mt 21,20-22)
20 Hurrengo goizean goiz, handik igarotean, ikondoa sustraietaraino ihartuta ikusi eben. 21 Oroitu zan Pedro, eta Jesusi esan eutson:
—Maisu, begira, zuk madarikatutako ikondoa dana ihartu da.
22 Jesusek erantzun:
—Izan sinismen Jainkoagan! 23 Benetan dinotsuet: Nor edo nork esaten badeutso mendi honi: «Ken hadi hortik eta jaurti hadi itsasora», eta mendiari agindu deutsona gertatuko dala zalantzarik barik sinisten badau, halaxe gertatuko jako. 24 Horregaitik dinotsuet: Otoitzean eskatzen dozuen edozer gauza, sinistu lortu dozuela, eta emongo deutsue Jainkoak. 25 Eta otoitzean diharduzuela, parkatu inoren kontra ezer badozue, zeruko Aitak ere zeuen hutsegiteak parkatu deizuezan. ( 26 )
Nondik Jesusen aginpidea?
(Mt 21,23-27; Lk 20,1-8)
27 Jerusalemera heldu ziran. Jesus tenpluan ebilala, abade-buruak, lege-maisuak eta zaharrak hurreratu jakozan, 28 galdezka:
—Zein aginpidez jokatzen dozu horrela? Nork emon deutsu horretarako aginpidea?
29 Jesusek erantzun eutsen:
—Neuk ere gauza bat galdetuko deutsuet; erantzun zuek, eta neuk ere esango deutsuet zein aginpidez jokatzen dodan horrela. 30 Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bateatzen eban?
Esan!
31 Hareek honela inoen euren artean: «Jainkoaren aginduz ziharduala esaten badeutsogu, zergaitik ez geutson sinistu erantzungo deusku. 32 Baina, zelan esan giza aginduz ziharduala?» Honetarako, jendearen bildur ziran, Joan profetatzat euken-eta guztiek. 33 Beraz, erantzun eutsoen:
—Ez dakigu.
Jesusek, orduan:
—Ba, neuk ere ez deutsuet esango zein aginpidez jokatzen dodan horrela.