Hirurogeita hamabien bialketa
(Mt 9,37-38)
10,1 Ondoren, Jaunak beste hirurogeita hamabi* ikasle izendatu eta bere aurretik bialdu ebazan binaka, bera joatekoa zan herri eta toki guztietara. 2 Eta esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, ba, uzta-jabeari, bialdu daizala langileak bere uztara.
3 «Zoaze! Bildotsak otso artera lez bialtzen zaituet.
4 «Ez eroan aldean poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. 5 Edozein etxetan sartzen zareela, esaizue lehenengo: ‘Bakea etxe honetakoei’. 6 Han bakezalerik badago, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, hutsean geldituko da zuen agurra*. 7 Gelditu zaiteze etxe beratan, eta daukenetik jan eta edan, zor jako-eta langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe.
8 «Herriren baten sartu eta ondo hartzen bazaituee, jan jarten deutsuenetik, 9 osatu bertako gaixoak eta esaiezue: ‘Gainean dozue Jainkoaren erregetzea’. 10 Baina herriren baten sartu eta onartzen ez bazaituee, urten plazara eta esan: 11 ‘Oinetan itsatsi jakun zuen herriko hautsa ere hor astintzen* deutsuegu. Dana dala, jakin eizue gainean dozuela Jainkoaren erregetzea’. 12 Hona nik esan: Auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango dau, herri harek baino.
Galileako herriak madarikatu
(Mt 11,20-24)
13 «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon uri jentiletan zuen artean beste mirari gertatu izan balitz, aspaldi ziratekeen bihozbarrituak, dolu-jantziz estalduz eta hautsetan jesarriz*. 14 Horregaitik, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dabe zuek baino. 15 Eta zu, Kafarnaum,
«zeruraino altxatuko zara ala?
Lurraren hondoraino jausiko zara!
16 «Zuei entzuten deutsuenak neuri entzuten deust, eta zuek onartzen ez zaituenak, neu ez nau onartzen; ni onartzen ez nauanak, barriz, bialdu nauan ha ez dau onartzen».
Hirurogeita hamabien itzulerea
17 Hirurogeita hamabi* ikasleak poz-pozik bihurtu ziran, eta esan eutsoen Jesusi:
—Jauna, deabruak ere menpean jarten jakuz zure izena aitatzean.
18 Jesusek esan eutsen:
—Tximista lez zerutik jausten ikusi dot Satanas. 19 Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menperatzeko ahalmena emon deutsuet, eta ezin izango deutsue ezerk kalterik egin. 20 Ha ta guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jarten jatzuezalako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik dagozalako.
Ebanjelioa jende xumeari agertua. Aita eta Semea
(Mt 11,25-27; 13,16-17)
21 Une haretan, Espiritu Santuaren pozez beterik, Jesusek esan eban: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeik jakintsu eta ikasiei ezkutatu egin deutsezuzalako eta jende xumeari agertu. Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan dozu-ta gogoko.
22 «Nire Aitak neure esku itzi dau dana. Eta inork ez dau ezagutzen Semea nor dan, Aitak baino; ez eta Aita nor dan ere, Semeak baino eta Semeak agertu nahi deutsonak baino».
23 Eta ikasleak bakarrean harturik, esan eutsen: «Zorionekoak zuek ikusten dozuena ikusten daben begiak! 24 Egia esan, profeta eta errege askok ikusi nahi izan ebezan-eta zuek ikusten dozuena, baina ez eben ikusi, eta entzun, zuek entzuten dozuena, baina ez eben entzun».
Samariar ona
(Mt 22,34-40; Mk 12,28-31)
25 Orduan, lege-maisu batek jagi eta azpikeriaz galdetu eutson:
—Maisu, zer egin behar dot ondaretzat betiko bizia jasoteko?
26 Jesusek esan eutson:
—Zer dago idatzita Moisesen legean? Zer irakurten dozu?
27 Harek erantzun:
—Maitatu eizu Jauna, zure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua lez.
28 Jesusek erantzun eutson:
—Ederto erantzun dozu. Bete hori eta bizia izango dozu.
29 Baina lege-maisuak, bere galderea bidezkoa zala adierazi nahirik, galdetu eutson Jesusi:
—Eta nor da nire lagun hurkoa?
30 Jesusek erantzun eutson:
—Behin baten, gizon bat joian Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan jausi zan; eukazanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin eben, erdi hilik itziz. 31 Abade bat gertatu zan, hain zuzen, bide haretan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo eban. 32 Gauza bera egin eban handik igaro zan tenpluko lebitar* batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo eban. 33 Baina bidaian zan samariar* bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. 34 Hurreratu eta zauriak lotu eutsozan, orioz eta ardoz* igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. 35 Biharamunean, zidarrezko txanpon* bi atara eta ostalariari emon eutsozan, esanez: «Zaindu eizu eta, gehiago gastatzen badozu, hurren natorrenean ordainduko deutsut». 36 Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren esku jausitako gizonagaz?
37 Lege-maisuak erantzun eutson:
—Haretaz errukitu zanak.
Jesusek esan eutson, orduan:
—Zoaz eta egin zeuk ere beste horrenbeste.
Jesusek Marta eta Mariari bisita egin
38 Bidean joiazala, Jesus herritxo baten sartu zan, eta Marta eritxon emakume batek hartu eban etxean. 39 Baeban honek Maria izeneko ahizta bat, eta hau, Jaunaren oinetan jarrita*, honen hitza entzuten egoan. 40 Marta, barriz, lanpetuta ebilan etxeko zereginetan. Orduan, Jesusengana joan eta esan eutson:
—Jauna, ondo ikusten dozu nire ahizteak etxeko lan guztiak neure gain iztea? Esaiozu laguntzeko.
41 Jaunak, ordea, erantzun eutson:
—Marta, Marta, gauza askogaitik zabiz kezkaz eta larri; 42 baina bat bakarra da beharrezko. Alderik onena aukeratu dau Mariak, eta ez deutso inork kenduko.