19,1 Pilatok, orduan, Jesus zigorkatzeko agindu eban. 2 Soldaduek, arantzazko koroia eginik, buruan ezarri eutsoen eta purpurazko mantua bota eutsoen gainera. 3 Eta bata bestearen ondoren hurreratuz, esaten eutsoen: «Agur, juduen errege!» Eta matrailakoka erabilen.
4 Urten eban barriro ere Pilatok eta esan eutsen:
—Hara, kanpora dakartsuet, jakin daizuen gizon hau kondenatzeko arrazoirik ez dodala aurkitzen.
5 Orduan, Jesusek kanpora urten eban arantzazko koroia eta purpurazko mantua eroiazala. Pilatok esan eutsen:
—Horra hor gizona!
6 Ikusi ebenean, abadeburuak eta guardak oihuka hasi ziran:
—Kurutzera, kurutzera hori!
Pilatok esan eutsen:
—Eroan zeuek eta josi kurutzean; nik ez dot gizon hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen.
7 Judu-agintariek ihardetsi eutsoen:
—Guk badaukagu lege bat, eta lege horren arabera heriotza-zigorra merezi dau, Jainkoaren semetzat jo dau-ta bere burua.
8 Hori entzutean, oraindino ta gehiago bildurtu zan Pilato. 9 Barriro jauregira sartu eta galdetu eutson Jesusi:
—Nongoa zara zu*?
Jesusek, barriz, ez eutson erantzun ere egin. 10 Orduan, Pilatok esan eutson:
—Ez deustazu erantzun behar? Ez dakizu aginpidea daukadana zu askatzeko edo kurutzeratzeko?
11 Jesusek erantzun eutson:
—Ez zeuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak emon ez baleutsu; horregaitik, zure eskuetara emon nabenek pekatu handiagoa dabe.
12 Ordutik, Jesus askatu nahian ebilan Pilato. Baina judu-agintariak oihuka hasi jakozan:
—Hori askatzen badozu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten dauan guztik enperadorearen aurka dihardu.
13 Orduan, hitzok entzutean, Pilatok kanpora bihurtu eban Jesus eta auzitegian* jesarri zan, «Harlosatua» —hebreeraz Gabbata— eritzon tokian. 14 Pazko Jairako prestaketak egiteko eguna zan, eguerdialdea*. Pilatok esan eutsen juduei:
—Hementxe dozue zeuen erregea.
15 Orduan, hareek oihuka:
—Kendu hori, kendu! Kurutzera!
Pilatok, barriro:
—Zuen erregea behar ete dot kurutzeratu?
Abadeburuek erantzun eben:
—Ez dogu enperadorea beste erregerik.
16 Orduan, Pilatok hareen esku itzi eban kurutzean josi eien.
Jesus kurutzean josia
(Mt 27,3244; Mk 15,2132; Lk 23,2638)
Hartu eben, beraz, Jesus, 17 eta, kurutzea lepoan eroiala, uritik «Buru-hazur» —hebreeraz Golgota— eritzon tokirantz urten eban. 18 Han josi eben kurutzean eta haregaz beste bi, alde bakotxean bana.
19 Pilatok kartel bat idatzi eta kurutze gainean ezarri eban. Hau egoan idatzita: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea». 20 Judu askok irakurri eban kartela, uritik hurrean egoan-eta Jesus kurutzeratu eben lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz egoan idatzita. 21 Juduen abadeburuek esaten eutsoen Pilatori:
—Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dala dinola» baino.
22 Pilatok erantzun eban:
—Idatzitakoa idatzia bego.
23 Soldaduek, Jesus kurutzeratu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin ebezan, bakotxarentzat bana, eta gero tunika hartu eben, baina josturarik gabea zanez, goitik behera ehundua, 24 akordio hau hartu eben: «Ez daigun urratu; zotz egin daigun ea zeini egokitzen jakon». Honela, Liburu Santuak dinoana bete zan:
Nire jantziak banatzen dabez,
nire tunika zotz egiten.
Hain zuzen ere, horixe egin eben soldaduek.
Jesus eta beronen ama
25 Jesusen kurutzearen ondoan egozan haren ama, amaren ahiztea*, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria. 26 Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite eban ikaslea ikusirik, esan eutson amari: «Emakume, horra hor zure semea». 27 Gero, ikasleari esan eutson: «Horra hor zure ama». Eta ordutik ikasleak bere etxean hartu eban.
Jesusen heriotzea
(Mt 27,4556; Mk 15,3341; Lk 23,4449)
28 Ondoren, Jesusek, guztia beteta egoala jakinik, Liburu Santuak esana osoan bete zedin, esan eban: «Egarri naz».
29 Bazan han pitxar bat ozpinez betea. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kainabera bati muturrean erantsirik, ahora hurreratu eutsoen. 30 Ozpina edan ebanean, Jesusek esan eban: «Bete da dana». Eta, burua makurtuz, azken arnasea emon eban.
Jesusen saihetsa lantzaz zulatua
31 Pazko Jairako prestaketak egiteko eguna zan, eta judu-agintariek ez eben gura gorpuak zapatuz kurutzean gelditzerik, zapatu ha oso jaiegun handia zan-eta. Horregaitik, kurutzean josiei berna-hazurrak hausi* eta handik kentzeko eskatu eutsoen Pilatori.
32 Joan ziran, ba, soldaduak eta hausi eutseezan berna-hazurrak Jesusegaz kurutzeratu ebezan biei. 33 Baina, Jesusengana heltzean, ordurako hilda egoala ikusirik, ez eutsoezan berna-hazurrak hausi; 34 soldadu batek saihetsa zulatu eutson lantzaz, eta bat-batean odolak eta urak urten eben. 35 Ikusi ebanak berak autortzen dau eta haren autorra egiazkoa da. Berak badaki egia dinoana, zuek ere sinistu daizuen. 36 Hau Liburu Santuak dinoana bete zedin gertatu zan: Ez jako hazurrik hausiko. 37 Eta beste pasarte baten ere hauxe dino: Zulatu ebenari begiratuko deutsoe.
Jesus hilobian ezarria
(Mt 27,5761; Mk 15,4247; Lk 23,5056)
38 Jose Arimateakoak Jesusen gorpua eroateko baimena eskatu eutson Pilatori. Jose Jesusen ikasleetakoa zan, baina isilpean, judu-agintarien bildurrez. Pilatok baimena emon eutson, eta Josek joan eta eroan egin eban haren gorpua. 39 Etorri zan Nikodemo ere —behin baten gauez Jesus ikustera joan zan ha— hogeita hamarren bat kiloko mirra eta aloe-nahasturea* ekarrela. 40 Jesusen gorpua bien artean hartu eta oihal-zerrendaz lotu eben, tartean usainkiak ezarriz, juduek hobiratzeko eben ohitureari jarraituz.
41 Jesus kurutzeratu eben lekutik hurrean ortu bat egoan eta, ortuan, ordura arte inor ipini gabeko hilobi barri bat. 42 Hilobia hurrean egoanez, hantxe ezarri eben Jesusen gorpua, juduen atseden-eguna hastear egoan-eta.