Pazko-afaria eta nekaldia (22,1—23,56)
Jesusen kontra zelatan
(Mt 26,1-5.14-16; Mk 14,1-2.10-11; Jn 11,45-53)
22,1 Gainean zan Legaminbako Ogien Jaia, Pazko Jaia ere deitua. 2 Abadeburu eta lege-maisuak Jesus zelan hilgo ebilzan, baina herriaren bildur ziran. 3 Orduan, Satanas sartu zan Hamabien taldeko Judasengan, Iskariote deituarengan. 4 Judas abadeburu eta tenpluko guarda-buruengana* joan zan, hareen eskuetara Jesus zelan emon hitz egitera. 5 Poztu egin ziran hareik, eta Judasi dirua emotea erabagi eben. 6 Honek onartu egin eban, eta jendeak jakin barik Jesus hareen eskuetara emoteko egokiera bila hasi zan.
Azken afarirako prestaketak
(Mt 26,17-19; Mk 14,12-16)
7 Heldu zan Legaminbako Ogien Jaieguna, Pazko-bildotsa hil behar zaneko eguna. 8 Orduan, Pedro eta Joan bialdu ebazan Jesusek, esanez:
—Zoaze guretzat Pazko-afaria prestatzera.
9 Hareek galdetu eutsoen:
—Non prestatu behar dogu?
10 Jesusek erantzun:
—Hara, urian sartzean, ur-suila daroan gizon bategaz egingo dozue topo. Jarraitu berari sartuko dan etxeraino, 11 eta esan bertako nagusiari: «Maisuak galdetzen deutsu non dauan ikasleekaz Pazko-bildotsa jateko tokia». 12 Harek gela zabal bat erakutsiko deutsue goian, jantzirik; prestatu hantxe.
13 Joan ziran, eta dana Jesusek esan lez jazo jaken, eta prestatu eben Pazko-afaria.
Azken afaria: hona hemen nire gorputz-odolak!
(Mt 26,26-29; Mk 14,22-25; 1 Ko 11,23-25)
14 Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekaz. 15 Eta esan eutsen: «Baneukan gogoa sufritu aurretik Pazko-afari hau zuekaz egiteko! 16 Egia esanda, ez dot beste Pazkorik ospatuko Jainkoaren erreinuan bere betera heldu arte».
17 Eta, edalontzia harturik, esker onezko otoitza egin eta esan eban: «Hartu eizue eta emon alkarri. 18 Egia esanda, ez dot gaurtik ardaurik edango Jainkoa errege izaten hasi arte».
19 Gero, ogia hartu eban eta, esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei emon eutsen, esanez: «Hau neure gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
20 Bardin egin eban edalontziagaz afal ondoan, esanez: «Edalontzi hau itun barria da, zuentzat isurten dan nire odolaz Jainkoak ezarria*.
Judasen saldukeriaren iragarpena
(Mt 26,20-25; Mk 14,17-21; Jn 13,21-30)
21 «Baina begira, nigaz mahaian dago salduko nauana*. 22 Gizonaren Semea badoa, erabagita dagoanez; baina zoritxarrekoa salduko dauana!»
23 Orduan, ikasleak alkarren artean itaunka hasi ziran, nork egin ete eikean horrelakorik.
Nor handiena? Ikasleei agintzaria
(Mt 19,28; 20,25-27; Mk 10,42-44)
24 Ikasleak eztabaidan hasi ziran alkarren artean, euren arteko zein ete zan handiena. 25 Jesusek esan eutsen: «Herrietako erregeek menpean hartzen dabez herriok, eta agintedunek ‘Ongile’ izena nahi izaten dabe eurentzat. 26 Zuek ez jokatu horrela. Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. 27 Zein ete da handiago, mahaian dagoana ala zerbitzen dabilana? Ez ete mahaian dagoana? Ba, ni zerbitzari lez nago zuen artean.
28 «Zuek sendo iraun dozue nigaz nire probaldietan. 29 Eta nik erregetzea emoten deutsuet, Aitak neuri emon eustan lez: 30 ni errege izango nazanean, nire mahaian jan eta edango dozue, eta tronuetan jesarriko zaree, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko.
Gainean da probaldia. Pedroren ukapenen iragarpena
(Mt 26,31-35; Mk 14,27-31; Jn 13,37-38)
31 «Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaitue, garia galbahean lez zuek astintzeko. 32 Baina nik otoitz egin dot zure alde, sinismena galdu ez daizun. Eta zuk, nigana bihurtzean, sendotu eizuz senideak».
33 Pedrok esan eutson:
—Jauna, prest nago zugaz baita kartzelara eta heriotzara ere joateko.
34 Jesusek, orduan:
—Egia esan, Pedro, gaur oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko dozu ni ezagutzen nozuna.
35 Ondoren, ikasleei esan eutsen:
—Falta izan al zenduen ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik barik bialdu zindudazenean?
Hareek erantzun:
—Ezer ere ez.
36 Jesusek, barriro:
—Orain, ba, poltsea daukanak hartu daiala eta bardin zakutoa daukanak ere; eta ezpatarik ez daukanak saldu daiala soingainekoa, ha erosteko. 37 Egia esan, nigan bete beharra da Liburu Santuak dinoana: pekatarien kidekotzat jo eben. Izan ere, nireak laster egingo dau.
38 Hareek esan eutsoen:
—Jauna, badaukaguz hemen ezpata bi.
Baina Jesusek erantzun:
—Nahikoa da!
Oliamendiko otoitz larria
(Mt 26,36-46; Mk 14,32-42)
39 Ondoren Jesus, urten eta Oliamendirantz* abiatu zan, ohi eban lez, eta ikasleak ere bai haren ondoren. 40 Hara heltzean, Jesusek esan eutsen: «Egizue otoitz, tentaldian ez jausteko».
41 Eta, hareengandik harrikada bateko tartea aldendurik, belauniko, honela egiten eban otoitz: 42 «Aita, nahi badozu, urrundu eizu nigandik edari samin* hau. Halan ere, egin bedi zeure nahia, ez nirea».
43 Zeruko* aingeru bat agertu jakon, kemen emonez. 44 Eta, larriak harturik, oraindik lehiatsuago egiten eban otoitz. Eta izerdia tantaka erion lurrera, odola baizen lodi. 45 Otoitzetik jagirik, ikasleengana joan zan; nahigabearen nahigabez lokarturik aurkitu ebazan, 46 eta esan eutsen: «Zelan zagoze lo? Jagi eta egin otoitz, tentaldian ez jausteko».
Jesus atxilotua
(Mt 26,47-56; Mk 14,43-50; Jn 18,3-11)
47 Jesus berbetan egoala, han azaldu zan jende-multzoa; Hamabietako bat, Judas eritzona, etorran hareen buru, eta Jesusengana hurreratu zan musu emotera. 48 Jesusek esan eutson: «Judas, musu batez saltzen dozu Gizonaren Semea?»
49 Jazotera joianaz oharturik, Jesusen inguruan egozanek esan eutsoen: «Jauna, erasoko deutsegu ezpataz?»
50 Eta hareetako batek abade nagusiaren morroia jo eta eskoiko belarria moztu eutson. 51 Baina Jesusek esan eban:«Itzi! Nahikoa da!»
Eta, belarria ikuturik, osatu egin eutson.
52 Orduan, haren aurka etorritako abadeburu, tenpluko goarda-buru* eta zaharrei esan eutsen: «Ezpata eta makilekaz etorri zaree lapur baten bila lez. 53 Egunero nintzan tenpluan zuekaz, eta ez zeusten eskurik bota. Baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia*».
Pedrok Jesus ukatu
(Mt 26,57-58.69-75; Mk 14,53-54.66-72; Jn 18,15-18.25-27)
54 Jesus preso hartu eta abadenagusiaren etxera eroan eben. Pedrok urrunetik jarraitzen eutson. 55 Batzuk patio erdian sua biztu eta haren inguruan jesarri ziran, eta hareen artean jesarri zan Pedro ere.
56 Neskame batek, Pedro sutondoan jesarrita ikustean, begira jarri eta esan eban:
—Hau ere Jesusegaz ebilan.
57 Baina harek ukatu, esanez:
—Emakume, ez jonat ezagutzen hori.
58 Handik berehala, beste batek ikusi eta esan eutson Pedrori:
—Hi ere euretakoa haz.
Pedrok, orduan:
—Ez, mutil!
59 Handik ordu bete ingurura, beste batek barriro esan eban:
—Bai, hau ere Jesusegaz bizi zoan, galilearra* dok eta.
60 Pedrok erantzun eban:
—Ez jakiat zertaz habilan, mutil!
Eta une berean, oraindik berbetan ziharduala, oilarrak jo eban. 61 Bihurtu zan Jauna eta Pedrori begiratu eutson. Gogoratu jakon Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu», 62 eta, kanpora urtenda, negarrari emon eutson saminez.
63 Jesus preso eukenak isekaz ebilkozan eta joka. 64 Begiak estaldurik, holan galdetzen eutsoen: «Igarri egik, profeta, nork jo hau?»
65 Eta beste berba iraingarri asko esaten eutsoen.
Jesus judu-batzarraren aurrean
(Mt 26,59-66; Mk 14,55-64)
66 Eguna argitu zanean, herriko zaharren kontseilua, abadeburuak eta lege-maisuak batu ziran, eta Jesus batzar Nagusira eroan eben. 67 Holan esan eutsoen:
—Mesias bazara, esaiguzu.
Harek erantzun:
—Baietz esaten badeutsuet, ez deustazue sinistuko, 68 eta, galdetzen badeutsuet, ez deustazue erantzungo. 69 Baina hemendik aurrera Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskoian jesarrita egongo da.
70 Orduan, danek esan eben:
—Zu, beraz, Jainkoaren Semea zara?
Harek erantzun eutsen:
—Zeuek dinozue, neu naz.
71 Hareek, orduan:
—Ba ete dogu lekuko beharrik? Geuk entzun deutsogu bere ahotik.