Jesus eta emakume samariarra
4,1 Jakin eben fariseuek Joanek baino ikasle gehiago egin eta jende gehiago bateatzen ebala Jesusek, 2 bateatu, Jesusek berak bateatzen ez eban arren, haren ikasleek baino. 3 Jesus, hori jakitean, Judea itzi eta Galileara joan zan barriro.
4 Bere ibilbidean Samarian zehar igaro beharra eban. 5 Heldu zan, ba, Sikar izeneko Samariako urira, antxina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emondako lur-sailetik hur. 6 Han egoan Jakoben osina dalakoa. Jesus, bideaz nekaturik, osin-ertzean jesarri zan. Eguerdi ingurua zan. 7-8 Ikasleak urira joanak ziran janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zan osinera ur bila. Jesusek esan eutson:
—Emoidazu edaten.
9 Orduan, emakume samariarrak esan eutson:
—Zelan zuk, judu izanik, eskatzen deustazu edatekoa niri, samariar nazan honi? (Juduek eta samariarrek* ez dabela batak besteagaz hartu-emonik jakin behar da).
10 Jesusek erantzun eutson:
—Jainkoak emoten dauana ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen deutsun jakingo bazendu, zeuk eskatuko zeuskio berari, eta Harek ur bizia* emongo leuskizu.
11 Emakumeak esan eutson:
—Jauna, ez daukazu ura zerez atara, eta osina sakona da. Nondik atarako dozu, beraz, ur bizi hori? 12 Gure aita Jakobek itzi euskun osin hau eta bertatik edan eben berak, bere seme-alabek eta abereek. Ha baino handiagoa zara zu ala?
13 Jesusek erantzun eutson:
—Ur honetatik edaten dauana barriro ere egarri izango da; 14 nik emongo deutsodan uretik edango dauana, barriz, ez da inoiz egarri izango; nik emongo deutsodan ura barruan betiko bizia darion iturburu bihurtuko jako-eta.
15 Orduan, emakumeak:
—Jauna, emoidazu ur horretatik, barriro egarritu ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez daidan.
16 Jesusek esan eutson:
—Zoaz etxera, egiozu dei zeure senarrari eta bihurtu hona.
17 Emakumeak erantzun:
—Ez dot senarrik.
Eta Jesusek:
—Ondo dinozu ez dozula senarrik; 18 bost izan dituzu, eta oraingoa ez dozu senarra; horretan egia dinozu.
19 Emakumeak esan eutson:
—Jauna, profeta zarala ikusten dot. 20 Gure gurasoek mendi honetantxe* emon eutsoen kultu Jainkoari; zuek, juduok, barriz, Jerusalemen emon behar jakola dinozue.
21 Jesusek esan eutson:
—Sinistu eidazu, emakume, badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita gurtuko ez dozuena. 22 Zuek, samariarrok, ez dakizue zer gurtzen dozuen; guk badakigu zer gurtzen dogun, salbamena juduongandik dator-eta. 23 Baina badator ordua —hobeto esanda, heldu da—, egiazko gurtzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda gurtuko dabena; horrela gurtu daiela nahi dau Aitak. 24 Jainkoa Espiritu da, eta ha gurtzen dabenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda gurtu behar dabe.
25 Emakumeak esan eutson:
—Badakit Mesias, hau da Kristo, etortekoa dana, eta Harek, etortean, gauza guztiak agertuko deuskuzana.
26 Jesusek esan eutson:
—Neu naz, zugaz berbetan nagoan hau.
27 Une haretan ikasleak heldu eta harritu egin ziran Jesus emakume bategaz berbetan egoala ikustean; halan ere, inor ez zan ausartu galdetzera zer nahi eban edo zertaz ziharduan emakumeagaz.
28 Emakumeak ur-ontzia itzi, urira bihurtu eta esan eutson jendeari: 29 «Zatoze egin dodan guztia esan deustan gizon bat ikustera. Ez ete da bera Mesias?»
30 Jendea uritik urten eta Jesusengana joan zan.
31 Bien bitartean, Jesusi erreguka ziharduen ikasleek, esanez:
—Maisu, jan zeozer.
32 Baina berak esan eutsen:
—Badaukat nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.
33 Ikasleek galdetu eutsoen alkarri:
—Inork ekarri ete deutso jatekoa?
34 Jesusek esan eutsen:
—Nire janaria, bialdu nauanaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte. 35 Ez dozue esaten zuek: «Lau hilabete barru uzta-aroa dogu?» Horra, ba, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soloak, uztarako horituak. 36 Honezkero igitariak bere saria hartzen dihardu, eta betiko bizirako frutua jasoten, ereileak lez igitariak ere, biak poztu daitezan. 37 Honetan bai beteten dala esaerea: «Batek erein, bestek uzta batu». 38 Zeuek landu ez dozuena batzera bialdu zaituet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zeuek jasoten dozue hareen nekearen frutua.
Samariarrek Jesusengan sinistu
39 Uri haretako samariar askok sinistu eban Jesusengan emakumeak emondako testigantzagaitik: «Egin dodan guztia esan deust».
40 Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri ziranean, eurekaz gelditzeko eskatu eutsoen Jesusi, eta egun bi emon eban eurekaz. 41 Jesusen mezua entzutean, askoz gehiagok sinistu eben, 42 eta emakumeari esaten eutsoen: «Orain ez dogu zure esanagaitik bakarrik sinisten; geuk entzun dogu, eta badakigu hauxe dana egiaz munduaren Salbatzailea».
Jesusek funtzionarioaren semea osatu
(Mt 8,513; Lk 7,110)
43 Handik egun bira, inguru haretatik urten eta Galilearantz jarraitu eban. 44 Jesusek berak autortuta eukan profetea ez dabela bere herrian aintzat hartzen. 45 Halan ere, Galileara heldu zanean, galilearrek harrera ona egin eutsoen. Izan ere, Jerusalemen izanak ziran eurak ere Pazko Jaietan, eta ikusita euken Jesusek orduan egindako guztia.
46 Jesus Galileako Kanara joan zan barriro, ura ardau bihurtu eban herrira. Bazan han errege-funtzionario bat, semea Kafarnaumen gaixorik ebana. 47 Funtzionarioak, Jesus Judeatik Galileara heldu zala jakitean, harengana jo eta bere semea osatzera Kafarnaumera jaisteko eskatu eutson, hilzorian egoala-eta. 48 Jesusek erantzun eutson:
—Mirariak eta egintza harrigarriak ikusten ez badozuez, ez dozue sinisten.
49 Baina errege-funtzionarioak barriro:
—Jauna, zatoz, arren, nire umea hil baino lehen.
50 Jesusek esan eutson:
—Zoaz etxera, semea onik dozu-eta.
Gizonak sinistu egin eban Jesusek esandakoa eta joan egin zan.
51 Etxera bidean, morroiek urten eutsoen bere semea ondo egoala esatera. 52 Orduan, hoberantz zer ordutan hasi zan galdetu eutsen. Eta hareek erantzun:
—Atzo eguerdiko ordubatetan egin eutson alde sukarrak.
53 Konturatu zan aita ordu haretantxe esan eutsola Jesusek: «Onik dozu semea», eta sinistu egin eben Jesusengan berak eta etxeko guztiek.
54 Bigarren mirarizko seinale hau Judeatik Galileara bihurtzean egin eban Jesusek.