Jesus basamortuan tentatua
(Mk 1,12-13; Lk 4,1-13)
4,1 Orduan, Espirituak basamortura eroan eban Jesus, deabruak tentatu eian. 2 Berrogei gau eta berrogei egunez egon zan han, barau eginez, eta azkenik gosetu egin zan. 3 Hurreratu jakon, orduan, tentatzailea eta esan eutson:
—Jainkoaren Semea zaranez, agindu harri honeik ogi bihurtzeko.
4 Jesusek erantzun eutson:
—Liburu Santuetan idatzita dago: Gizakia ez da ogi hutsez bizi, Jainkoak esaten dauanetik ere bai baino.
5 Ondoren, deabruak uri santura, Jerusalemera, eroan eban eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, 6 esan eutson:
—Jainkoaren Semea zaranez, bota zeure burua behera, idatzita dago-ta: Bere aingeruei aginduko deutse zu zaintzeko. Eta besoetan eroango zaitue, harriekaz estropezu egin ez daizun.
7 Baina Jesusek erantzun:
—Hau ere idatzita dago: Ez tentatu Jauna, zure Jainkoa.
8 Barriro, deabruak hartu eta mendi garai batera eroan eban; munduko erreinu guztiak euren handi-ederrean erakutsi 9 eta esan eutson:
—Hori guztia emongo deutsut, ahozpezturik gurtzen banozu.
10 Jesusek, orduan:
—Alde hemendik, Satanas! Idatzita dago-ta: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera baino ez gurtu.
11 Orduan, deabruak itzi egin eban, eta aingeruak etorri jakozan zerbitzu egitera.
Jesus Galileara
(Mk 1,14; Lk 4,14-15)
12 Joan Bataiatzailea kartzelan sartu ebela jakitean, Galileara joan zan Jesus. 13 Baina Nazaret itzirik, Zabulon eta Neftaliren lurraldean jarri zan bizi izaten, aintzira-bazterrean* dagoan Kafarnaum herrian. 14 Holan, Jainkoak Isaias profetearen bidez esana* bete zan:
15 Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea,
itsas ondoko bidea,
Jordanez haranzko lurraldea,
jentilen Galilea!
16 Ilunpetan egoan herriak
argi handia ikusi dau.
Gerizpean bizi ziranei
argiak egin deutse distira.
JESUSEN EGITEKOA:
ERREGETZEA IRAGARRI ETA AGERTZEA (4,17-16,20)
Jesus barriona iragarten hasi
(Mk 1,15)
17 Une haretatik hasi zan Jesus honela iragarten: «Bihozbarritu zaiteze, gainean dozue-ta Jainkoaren erregetzea*».
Jesusek lehen ikasleei dei
(Mk 1,16-20; Lk 5,1-11)
18 Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar ebilala, anaia bi, Simon, Pedro deitua, eta Andres ikusi ebazan, sarea uretara botaten, arrantzaleak ziran-eta. 19 Jesusek esan eutsen: «Zatoze neugaz eta giza arrantzale egingo zaituet».
20 Hareek, besterik barik, sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
21 Aurrerago, beste anaia bi ikusi ebazan, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin itsas-ontzian sareak konpontzen. Eta dei egin eutsen. 22 Hareek, itsas-ontzia eta aita itzirik, jarraitu egin eutsoen.
Jesus eta jende-taldea
(Mk 1,39; Lk 6,17-18)
23 Jesus Galilea guztian zehar ibili zan, hango sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzearen barriona iragarten eban eta herriko gatxak eta gaixotasun guztiak osatzen. 24 Siria* guztian zabaldu zan Jesusen entzutea. Edozein gatx edo oinazek jotakoak —deabrudun, epileptiko nahiz elbarriak— eroaten eutsoezan, eta Harek osatu egiten ebazan. 25 Jende-talde handiek jarraitu eutsoen alde guztietatik: Galilea, Dekapolis*, Jerusalem eta Judeatik eta Jordanez beste aldetik.