Herodesek Joan Bataiatzailea hilazo
(Mk 6,14-29; Lk 9,7-9)
14,1 Sasoi haretan, Herodes* Galileako gobernariak Jesusen barri jakin eban, 2 eta bere zerbitzariei esan eutsen: «Joan Bateatzailea da! Hilen artetik biztu da, eta horregaitik dauka mirariak egiteko ahalmen hori».
3 Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta loturik kartzelan sartua eban, Herodias zala eta (Herodias Herodesen anaia Feliperen* emaztea zan). 4 Holan esaten eutson-eta Joanek Herodesi: «Ez jatzu lagezkoa Herodias emaztetzat eukitea».
5 Herodesek hil egin gura eban, baina jendearen bildur zan, Joan danek profetatzat euken-eta. 6 Baina Herodesen urtebetetzekoan, Herodiasen alabeak dantzan egin eban mahaikideen aurrean, eta atsegin izan jakon Herodesi. 7 Horregaitik, zin eginez agindu eutson neskatxeari eskatu ahala guztia emongo eutsola. 8 Neskatxeak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan eutson: «Emoidazu oraintxe berton Joan Bateatzailearen burua azpilean».
9 Goibel jarri zan erregea, baina, mahaikideen aurrean egindako zinagaitik, eskatua emoteko agindu eban, 10 eta Joani lepoa moztu eutsoen kartzelan. 11 Azpil baten ekarri burua eta neskatxeari emon eutsoen, eta honek amari.
12 Joanen ikasleek haren gorpua jasotera etorri eta lur emon eutsoen; gero, Jesusi barri emotera joan ziran.
Jesusek jendetzeari lehenengoz jaten emon
(Mk 6,30-44; Lk 9,10-17; Jn 6,1-14)
13 Haren barri jakitean, Jesus bazter batera joan zan bakarrik txalupaz. Baina jendea ohartu egin zan, eta, herrietatik urtenik, oinez jarraitu eutsoen. 14 Txalupatik jatsi zanean, jendetza handia ikusi eban Jesusek eta, errukiturik, gaixoak osatu eutsezan. 15 Ilunabarrean, ikasleek hurreratu eta esan eutsoen:
—Toki hau oso urrun dago eta orduak aurrera doaz. Bialdu eizu, ba, jendea, auzoetara joan eta jatekoa erosi daian.
16 Baina Jesusek erantzun eutsen:
—Ez dauke joan beharrik; emon zeuek jaten.
17 Hareek, orduan:
—Ez daukagu hemen bost ogi eta arrain bi besterik.
18 Eta Jesusek:
—Ekarri hona.
19 Jendeari zelaian jesarteko agindu ondoren, hartu ebazan bost ogiak eta arrain biak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazinoa esan, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jendeari. 20 Asetzeraino jan eben danek, eta gelditutako hondakinez hamabi otzara bete ebezan. 21 Bost mila gizon inguru izan ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte.
Jesus ur gainean oinez
(Mk 6,4552; Jn 6,16-21)
22 Berehala, Jesusek ikasleak txalupan sartuazo eta bere aurretik beste aldera joateko agindu eutsen, berak jendeari agur egin bitartean. 23 Jendeari agur egin ondoren, mendira igon eban, bakardadean otoitz egitera. Ilundu ebanean, hantxe egoan bakarrik.
24 Txalupa, ordurako, lehorretik urrun joian, olatuek astindua, haizea kontra eukan-eta. 25 Goiz aldera*, ikasleengana joan zan Jesus, ur gainean oinez. 26 Ur gainean ibilten ikusi ebenean, ikasleak izutu egin ziran, mamuren bat zalakoan; eta bildurraren bildurrez oihuka hasi ziran. 27 Baina Jesusek berehala hitz egin eutsen eta esan:
—Lasai! Neu naz. Ez bildurtu!
28 Orduan, Pedrok esan eutson:
—Jauna, benetan zeu bazara, agindu eidazu joateko ur gainean zugana.
29 Jesusek erantzun:
—Zatoz.
Pedro itsas-ontzitik jatsi eta Jesusengana abiatu zan ur gainean oinez. 30 Baina, haizearen indarra igartean, bildurra sartu jakon, eta, hondoratzen hasi zanez, deiadar egin eban:
—Jauna, salbau naizu.
31 Jesusek eskua emon eta oratu egin eutson, esanez:
—Sinismen gitxiko hori! Zergaitik izan dozu zalantza?
32 Txalupara igon ebenean, haizea baretu egin zan. 33 Eta itsas-ontzian egozanak Jesusen aurrean ahozpez jarri ziran, esanez:
—Egiaz Jainkoaren Semea zara zu!
Genesaret aldean osakuntzak
(Mk 6,53-56)
34 Aintzira igaro ondoren, Genesaret lurraldera* heldu ziran. 35 Bertakoek, Jesus ezagutu ebenez, inguruko lurralde guztian zabaldu eben barria, eta gaixo guztiak ekarri eutsoezan. 36 Soineko-ertza behintzat ikutzen izteko eskatzen eutsoen, eta ikutzen eben guztiak osatzen ziran.