Ezteguen parabolea
(Lk 14,15-24)
22,1 Jesus barriro parabola-bidez hitz egiten hasi jaken: 2 «Jainkoaren erregetzeagaz, bere semearen ezteguak ospatzen ebazan erregeagaz lez jazoten da. 3 Bialdu ebazan morroiak gonbidatuei dei egitera. Baina hareek ez eben etorri gura izan. 4 Barriro beste morroi batzuk bialdu ebazan, hurrengo mandatuagaz: ‘Esaiezue gonbidatuei: Hara, prest daukat bazkaria; hilda daukadaz zezenak eta zekor gizenduak, dana dago prest. Zatoze ezteguetara’. 5 Baina gonbidatuek ez eben jaramonik egin: bata bere solora joan zan, bestea bere negozioetara, 6 eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin ebezan. 7 Sumindu egin zan erregea eta, soldaduak bialduz, hil egin ebazan giza hiltzaile hareik eta su emon herriari. 8 Gero, bere morroiei esan eutsen: ‘Ezteguak prest dagoz, baina gonbidatuak ez ziran gauza. 9 Zoaze, ba, bidekurutzeetara eta deitu ezteguetara aurkitu ahala guztiak’. 10 Urten eben morroiek bideetara eta aurkituriko guztiak batu ebezan, onak nahiz gaiztoak. Eztegu-gelea bazkal-lagunez bete zan. 11 Erregeak, bazkal-lagunak ikustera sartu zanean, eztegu-jantzirik barik egoan bat ikusi eban, 12 eta esan eutson: ‘Adiskide, zelan sartu zara hemen eztegu-jantzirik barik?’ Harek hitzik ere ez. 13 Erregeak mahai-zerbitzariei esan eutsen orduan: ‘Lotu eizue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpetara. Negarra eta hagin-ikarea izango dira han’. 14 Gehiago dira-ta deituak aukeratuak baino*».
Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari
(Mk 12,13-17; Lk 20,20-26)
15 Fariseuek alkar hartu eben, Jesusi galdera bat eginez tranpa jarteko. 16 Beraz, ikasle batzuk bialdu eutsoezan, Herodesen alderdikoekaz, galdetzera:
—Maisu, badakigu egiazale zarana eta Jainkoaren bidea behar lez irakasten dozuna; inoren zeresanak ez deutsu ardura, ez deutsozu-ta begiratzen gizakiaren itxureari. 17 Emoiguzu, ba, zeure iritzia: legezko da Zesarri zergea* ordaintzea, bai ala ez?
18 Hareen maltzurkeria igarriz, Jesusek esan eutsen:
—Zergaitik zatoztaze zirika, itxurazaleok? 19 Ea, erakutsi zerga-txanpona.
Hareek denario* bat aurkeztu eutsoen. 20 Jesusek galdetu eutsen:
—Norenak dira irudi-idazkunok?
21 Erantzun eutsoen:
—Zesarrenak.
Jesusek, orduan:
—Emon, ba, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.
22 Harriturik gelditu ziran erantzun honegaz, eta Jesus bertan itzi eta alde egin eben.
Hildakoen biztuereaz
(Mk 12,18-27; Lk 20,27-40)
23 Egun berean, saduzear batzuk hurreratu jakozan Jesusi. Honeek ez dabe sinisten hildakoak bizten dirana. Eta honela galdetu eutsoen:
24—Maisu, Moisesek esan euskun: Gizon bat seme-alaba barik hilten bada, haren anaia alargunagaz ezkonduko da, anaiari ondorengoa emoteko*. 25 Behin baten, baziran gure artean zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alaba barik hil zan eta anaiari itzi eutson emaztea. 26 Beste horrenbeste gertatu jaken bigarrenari eta hirugarrenari, eta zazpiei gauza bera. 27 Azkenik, hil zan emakumea ere. 28 Biztuerakoan, zazpiretako zeinen emazte izango da, danena izana zan-eta?
29 Jesusek erantzun eutsen:
—Oker zabize. Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ez dozuez ezagutzen. 30 Izan ere, biztuerakoan ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak langoak izango dira danak. 31 Gainera, hildakoen biztuereaz, ez dozue irakurri Jainkoak berak esan eutsuena: 32 Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naz? Ez da hilen Jainkoa, biziena baino.
33 Entzuten egoan jendea haren irakaspenaz txunditurik egoan.
Agindurik nagusiena
(Mk 12,28-34; Lk 10,25-28)
34 Jesusek saduzearrak hitzik barik itzi ebazala jakitean, fariseuak alkarregaz batu ziran, 35 eta euretako lege-gizon batek galdetu eutson Jesusi azpikeriaz:
36—Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?
37 Jesusek erantzun:
—Maitatu eizu Jauna, zure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiaz. 38 Horixe da agindurik nagusiena eta lehena. 39 Eta bigarrena, ez garrantzi txikiagokoa*, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez. 40 Agindu biotan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak*.
Mesias, Daviden Seme eta Jaun
(Mk 12,35-37; Lk 20,41-44)
41 Oraindik fariseuak baturik egozala, Jesusek galdera hau egin eutsen:
42—Zer dinozue Mesiasi buruz? Noren ondorengoa* da, zuen ustez?
Hareek erantzun eutsoen:
—Davidena.
43 Jesusek, orduan:
—Eta Davidek zelan esaten deutso, ba, «Jauna», Jainkoaren Espirituaren argiz? Hauxe dino-ta Davidek:
44 Hona Jaunak nire Jaunari esana:
«Jesarri nire eskoian,
zure etsaiak oinazpian
jarten deutsudazan bitartean».
45 «Beraz, Davidek Jauna deitzen badeutso, zelan izan daiteke ondorengo?»
46 Ezin izan eutson inork erantzun, eta egun haretatik aurrera ez zan inor ausartu galderarik egiten.