Nekazari hiltzaileen parabolea
(Mt 21,33-46; Lk 20,9-19)
12,1 Jesus parabola bidez hitz egiten hasi jaken: «Gizon batek mahastia landatu eban eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki eban. Gero, nekazari batzuei errentan itzirik, urrutira joan zan. 2 Bere sasoian, morroi bat bialdu eutsen nekazariei, mahastiaren frututik egokion partea jasotera. 3 Baina hareek morroia hartu, jo eta esku-hutsik bialdu eben. 4 Barriro beste morroi bat bialdu eutsen; hau ere buruan astindu eta irainez bete eben. 5 Beste bat ere bialdu eutsen geroago, eta hil egin eben. Ondoren, beste asko, eta batzuk jo eta besteak hil egin ebezan. 6 Baeban oraindik beste nor edo nor, bere seme maitea; eta Haxe bialdu eutsen azkenik, holan pentsatuz: ‘Nire semeari behinik behin izango deutsoe begirune’. 7 Nekazariek, ordea, esan eben euren artean: ‘Oinordekoa dok! Hil daigun eta mahastiaren jabe izango gozak!’ 8 Hartu, hil eta mahastitik kanpora bota eben.
9 «Zer egingo ete dau mahasti-jabeak? Joan eta garbitu egingo dauz langile horreik, eta mahastia beste batzuen esku itziko. 10 Ez al dozue irakurri Liburu Santuetako ha:
«Etxegileek bazterturiko harria
giltzarri gertatu da.
11 Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri?»»
12 Lege-maisu eta zaharrak Jesus atxilotu guran ebiltzan, ondo jabetu ziran-eta eurekaitik esan ebala parabola ha. Baina, jendearen bildurrez, itzi eta alde egin eben.
Jesus juduekaz eztabaidan (12,13-44)
Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari
(Mt 22,15-22; Lk 20,20-26)
13 Gero, fariseu eta Herodesen alderdiko batzuk bialdu eutsoezan Jesusi, hitzen baten harrapatzeko asmoz. 14 Etorri eta esan eutsoen:
—Maisu, badakigu egiazale zarana eta ez deutsuna ardura inoren zeresanak; zuk, gizakiaren itxureari begiratu barik, Jainkoaren bidea behar lez irakasten dozu. Zilegi da Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez? Ordaindu behar deutsogu, bai ala ez?
15 Baina Jesusek, hareen azpikeriaz oharturik, esan eutsen:
—Zergaitik zatortaze zirika? Ekarri txanpon bat, ikusteko.
16 Ekarri eutsoen, eta Jesusek galdetu eutsen:
—Norenak dira irudi eta izen honeik?
Hareek erantzun:
—Zesarrenak.
17 Jesusek, orduan:
—Emon Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.
Txunditurik itzi ebazan erantzun honegaz.
Hildakoen biztuereaz
(Mt 22,23-33; Lk 20,27-40)
18 Ondoren, saduzear batzuk etorri jakozan Jesusi. Honeek ez dabe sinisten hildakoak bizten dirana. Eta holan galdetu eutsoen:
19—Maisu, Moisesek idatzi euskun: Nonori anaia hilten bajako, emaztea seme-alabarik barik itziz, ezkondu bedi alargunagaz, anaiari ondorengoa emoteko. 20 Behin baten, baziran zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik barik hil zan. 21 Bigarrena alargunagaz ezkondu zan, eta seme-alabarik barik hil zan ha ere. Bardin hirugarrena. 22 Horrela, ondorengorik barik hil ziran zazpiak. Azkenik, hil zan emakumea ere. 23 Biztuerakoan, hildakoak biztuko ei diranean, noren emazte izango da, zazpirek izan eben-eta emazte?
24 Jesusek erantzun eutsen:
—Ez ete zabilze oker? Eta oker, hain zuzen, Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ezagutzen ez dozuezelako? 25 Izan ere, hildakoak biztean, ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak langoak izango dira danak. 26 Gainera, hildakoen biztueraz, ez al dozue irakurri Moisesen liburuan, sutan egoan sasiaren pasartean, zelan esaten deutson Jainkoak berak: Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naz? 27 Ez da hilen Jainkoa, biziena baino. Oker, baina oker, zagoze.
Agindurik nagusiena
(Mt 22,34-40; Lk 10,25-28)
28 Ondoren, aurreko eztabaidea entzundako lege-maisu bat aurreratu jakon. Jesusek ze jator erantzun eutsen ikusirik, galdera bat egin eutson:
—Zein da agindu guztietan nagusia?
29 Jesusek erantzun:
—Hona hemen nagusia: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da! 30 Maitatu eizu Jauna, zure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz. 31 Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez. Ez da agindu honeik baino handiagorik.
32 Lege-maisuak, orduan:
—Ederto, Maisu; egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala besterik esatean. 33 Bera bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua lez maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea da.
34 Eta Jesusek, zuhurki erantzun eutsola ikusirik, esan eutson:
—Ez zagoz Jainkoaren erreinutik urrun.
Eta harrezkero, ez zan inor galderarik egitera ausartzen.
Mesias, Daviden Seme eta Jaun
(Mt 22,41-46; Lk 20,41-44)
35 Tenpluan irakasten ziharduala, galdera hau egin eban Jesusek: «Zelan esan daikee legemaisuek Mesias Daviden ondorengoa dala? 36 Hona zer dinon Davidek berak Espiritu Santuaren argiz:
«Hona Jaunak nire Jaunari esana:
‘Jesarri nire eskoian,
zure etsaiak oinazpian
jarten deutsudazan bitartean’.»
37 «Davidek berak Jauna esaten deutso; beraz, zelan izan daike ondorengo?»
Jendetza ugariak atseginez entzuten eutson.
Jesusek lege-maisuak salatu
(Mt 23,1-12; Lk 20,45-47)
38 Bere irakasaldian, beste hau ere esan eutsen: «Zabilze kontuz legemaisuekin! Gogoko dabe-ta harro-harro jantzita ibiltea eta plazetan jendeak agur egitea; 39 gogoko dabez sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahai-buruak. 40 Eta, azkengabeko otoitzen atxakiaz, alargunen ondasunak irusten dabez. Epairik zorrotzena izango dabe horrelako horreek».
Alargun behartsuaren eskintzea
(Lk 21,1-4)
41 Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean jesarrita egoan, jendeak kutxetara dirua zelan botaten eban begira. Aberats askok ugari emoten eban. 42 Etorri zan emakume alargun behartsu bat, eta txanpon bi bota ebazan, huskeria bat. 43 Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau kutxara. 44 Izan ere, beste guztiek gainez dabenetik emon dabe; honek, ordea, bere eskasian, eukan guztia, bizi izateko behar ebana, emon dau».