Galileatik Jerusalemera: irakaspenak (19,1—20,34)
Ezkontza eta dibortzioa
(Mk 10,1-12; Lk 16,18)
19,1 Hitzaldi hau amaitu ebanean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zan Jesus, Jordan ibaiaz beste aldera igaroz. 2 Jende-multzo handiek jarraitu eutsoen eta Jesusek gaixoak osatu eutsezan. 3 Fariseu batzuk hurreratu eta, zertan harrapatuko, galdetu eutsoen:
—Legezko jako gizonari emaztea edozein arrazoigaitik iztea?
4 Harek erantzun eutsen:
—Ez dozue irakurri Liburu Santuek dinoena? Egileak hasieran gizon eta emakume egin ebazala, hain zuzen, 5 eta esan eutsela: Horregaitik, gizonak bere aita-amak itziko dauz eta emazteari alkartuko jako, eta biak bat izango dira. 6 Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Holan ba, Jainkoak buztartu dauana ez bei gizonak askatu.
7 Galdetu eutsoen:
—Zergaitik emon eban, ba, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea izteko baimena?
8 Jesusek erantzun eutsen:
—Jainkoaren gauzetan itsuak zareelako* emon eutsuen Moisesek emaztea izteko baimena, baina hasieran ez zan holan. 9 Hona nik esan: Inork bere emaztea itzi eta beste bat hartzen badau —legearen kontra alkartuak ez badira behintzat*— adulterio egiten dau.
Ezkontza eta ezkongabetasuna
10 Orduan, ikasleek esan eutsoen:
—Senar-emazteen arteko loturea horrelakoa bada, ez dau merezi ezkontzeak.
11 Jesusek erantzun eutsen:
—Ez dira danak hori onartzeko gauza, Jainkoak gauzatzen dauzanak baino. 12 Batzuk ez dira ezkontzen jaiotzaz ezin dabelako; beste batzuk, giza eskuz ezinduak izan diralako; beste batzuk, barriz, Jainkoaren erregetzeagaitik halan erabagi dabelako*. Onartu daikenak onartu bei.
Jesus eta umeak
(Mk 10,13-16; Lk 18,15-17)
13 Orduan, umeak ekarri eutsoezan Jesusi, hareen gain eskuak ezarriz otoitz egin eian; ikasleek, barriz, haserre egiten eutseen. 14 Jesusek esan eutsen: «Itzi umeei nigana etorten, ez galazo, horrelakoek dabe-ta Jainkoa errege».
15 Eta, umeei eskuak ezarri ondoren, joan egin zan handik.
Jesusek gazte aberatsari dei
(Mk 10,17-22; Lk 18,18-23)
16 Behin baten, gazte batek Jesusengana hurreratu eta esan eutson:
—Zer onik egin behar dot, betiko bizia eskuratzeko?
17 Jesusek erantzun eutson:
—Zergaitik galdetzen deustazu onari buruz? Jainkoa baino ez da ona. Betiko bizian sartu gura badozu, gorde aginduak.
18—Ze agindu? —galdetu eutson.
Eta Jesusek:
—Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, 19 hartu aintzat aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua lez.
20 Gazteak, orduan:
—Bete dot guzti hori; zer falta dot oraindik?
21 Jesusek erantzun eutson:
—Guztiz ona izan gura badozu, zoaz, saldu zure ondasunak eta emon behartsuei, zure aberastasuna zeruan izan daizun; gero, erdu eta jarraitu niri.
22 Hitzok entzutean, atsekabez alde egin eban gazteak, ondasun handien jabe zan-eta.
Aberastasuna salbamenerako oztopo
(Mk 10,23-27; Lk 18,24-27)
23 Jesusek esan eutsen bere ikasleei:
—Benetan dinotsuet: Nekez sartuko dira aberatsak Jainkoaren erreinuan. 24 Barriro dinotsuet: Orratzaren begitik gamelua igarotea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.
25 Hitzok entzutean, ikasleek, guztiz nahasturik, holan inoen:
—Nor salbau daiteke, orduan?
26 Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen:
—Gizakientzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dana daike.
Dana itzi daben ikasleen saria
(Mk 10,28-31; Lk 18,28-30)
27 Orduan, Pedrok esan eutson Jesusi:
—Hara, guk dana itzi dogu zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?
28 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsuet: Jainkoak mundu hau berregitean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan jesarriko danean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan jesarriko zaree, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. 29 Eta nigaitik etxeak, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak izten dauzanak ehun halako jasoko dau eta betiko bizia izango ondare. 30 Orain lehenengo diran asko azkenengo izango dira orduan, eta orain azkenengo diranak lehenengo.