Parabola-hitzaldia (4,1-34)
Ereilearen parabolea
(Mt 13,1-9; Lk 8,4-8)
4,1 Beste behin, irakasten hasi zan Jesus aintzira-ertzean. Eta uretan egoan txalupa batera igon eta bertan jesarri zan, hainbeste jende batu jakon-eta ondora. Jende-taldea, barriz, lehorrean egoan, aintzira ondoan. 2 Eta parabola bidez hitz eginez, irakaspen asko emon eutsen. Honelaxe ziharduan bere irakasaldian: 3 «Entzun! Urten eban behin baten ereileak hazia ereitera. 4 Ereitean, hainbat ale bide-bazterrean jausi zan; eta txoriek etorri eta jan egin eben. 5 Beste hainbat harri artean jausi zan, lur handirik ez zan tokian; eta axaleko lurra izanik, berehala erne zan; 6 baina eguzkiak jo ebaneko, erre egin zan eta, sustrairik ez eukalako, ihartu. 7 Beste hainbat ale sasi artean jausi zan: sasiek, haztean, ito egin eben hazia eta ez eban fruturik emon. 8 Gainerakoak lur onean jausi ziran; erne, hazi eta frutua emon eben: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».
9 Eta ohar hau egin eutsen Jesusek: «Ulertzeko gauza danak ulertu bei».
Zergaitik hitz egiten dauan Jesusek parabola bidez
(Mt 13,10-17; Lk 8,9-10)
10 Bakarrik gelditu ziranean, Hamabiekin batera Jesusegaz ebiltzanek parabolen esanahiaz galdetu eutsoen. 11 Eta harek hauxe esan eutsen:
—Zuei Jainkoaren erregetzaren misterioa ezagutzea emon jatzue; kanpokoei, ordea, dana parabola bidez emoten jake. 12 Liburu Santuak dinoan lez,
ikusten dabe, bai, baina ohartzen ez;
entzuten dabe, bai, baina ulertzen ez;
horrela, ez dira Jaunarengana bihurtzen
eta ez jake parkatzen.
Jesusek ereilearen parabola azaldu
(Mt 13,18-23; Lk 8,11-15)
13 Jesusek esan eutsen: «Parabola hau ez dozuela ulertzen? Zelan ulertuko dozuez, ba, beste parabola guztiak? 14 Ereileak mezua dau ereiten. 15 Mezua ereiterakoan, batzuk ‘bide-bazterra’ lez dira: entzun baizen laster, Satanasek etorri eta hareengan erein dan mezua kendu egiten dau. 16 Beste batzuk ‘harriartea’ lez dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dabe; 17 baina sustrairik bakoak eta iraupen gitxikoak izanik, mezua dala-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortzen daneko, jausi egiten dira. 18 Beste batzuk, barriz, ‘sasiartea’ lez dira: entzuten dabe mezua, 19 baina bizitza honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen jakez eta mezua ito egiten jake, fruturik barik itziz. 20 Eta hona nor diran ‘lur ona’ langoak: mezua entzun, onartu eta frutua emoten dabenak: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».
Mezua entzun eta onartu beharra
(Mt 5,15; 10,26; 7,2; Lk 8,16-18; 11,33; 6,38)
21 Beste hau ere esan eutsen: «Ontzipean edo ohepean jarteko bizten ete da gero kriseilua? Ez ete argi-mutilaren gainean jarteko? 22 Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ez eta ezkutuan ere argitaratuko ez danik. 23 Inork ulertu ahal badau, ulertu bei».
24 Esan eutsen ere: «Kontu izan zelan entzuten dozuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emongo deutsue Jainkoak, eta gehiago ere bai. 25 Izan ere, badauanari emon egingo jako; ez dauanari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo».
Berez hazten dan haziaren parabolea
26 Jesusek esan eban: «Jainkoaren erregetzea gizonak lurrean hazia ereitean gertatzen danaren antzekoa da: 27 Ha lo nahiz iratzarrik egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, harek zelan ez dakiala. 28 Lurrak berez emoten dau: lehenengo landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburu betean. 29 Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten jako, uzta-aroa da-eta».
Mostaza-haziaren parabolea
(Mt 13,31-32; Lk 13,18-19)
30 Beste hau ere esan eutsen: «Zeren antzeko dala esango geuke Jainkoaren erregetzea? Zein parabolaren bidez adierazi geike? 31 Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; 32 erein eta gero, ostera, gora egiten dau eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten; eta txoriek habia egiten dabe haren gerizpean, hainbestekoak diralako emoten dauzan adarrak».
Parabolei buruz konklusioa
(Mt 13,34-35)
33 Horrelako parabola askoren bidez iragarten eutsen Jesusek mezua, eurek ulertzeko eran. 34 Ez eutsen ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztien esanahia adierazten eutsen.
Hiru mirari ikasleen aurrean (4,35–6,6a)
Jesusek ekatxa baretu
(Mt 8,23-27; Lk 8,22-25)
35 Egun berean, ilunabarrez, Jesusek bere ikasleei esan eutsen: «Goazen aintziraz beste aldera».
36 Jende-taldea itzirik, egoan txalupan bertan eroan eben Jesus, beste hainbat untzi ere beragaz batera bazan arren. 37 Horretan, haizebolada zakarrak urten eban, eta olatuek txalupea joten eben, ia urez beteteraino. 38 Jesus, barriz, txopan lo, buruko baten gainean. Esnatuazo eta esan eutsoen:
—Maisu, ez al deutsu ardura gu galtzeak?
39 Harek, esnaturik, haserre egin eutson haizeari, eta aintzirari esan:
—Hago isilik! Geldi!
Gelditu zan haizea eta dana bare-bare geratu zan. 40 Jesusek esan eutsen:
—Zergaitik bildur hori? Zelan dozue oraindik hain sinismen gitxi?
41 Bildur-ikaraz gelditu ziran, alkarri esanez: «Nor ete dogu hau, esana egiten deutsoe-ta haizeak eta aintzireak ere?»