Hamar neskatoen parabola
25,1 «Jainkoaren erregetzeagaz, kriseiluak hartu eta senar ezkonbarriari bidera urten eutsoen hamar neskatoekaz lez gertatzen da. 2 Neskatoetako bost zentzunbakoak ziran eta bost zentzundunak. 3 Kriseiluak hartzean, zentzunbakoek ez eben oriorik hartu; 4 zentzundunek, barriz, kriseiluekaz batera orioa ere hartu eben ontzietan. 5 Senarraren etorrerea luzatzen zala-ta, loguratu egin ziran danak eta loak hartu ebazan.
6 «Gauerdian oihu bat izan zan: ‘Hemen da senarra! Urten bidera!’ 7 Jagi ziran danak eta euren kriseiluak prestatu ebezan. 8 Orduan, zentzunbakoek zentzundunei esan eutseen: ‘Emoiguzue orio apur bat, kriseiluak amatatzera joakuz eta’. 9 Zentzundunek erantzun eutseen: ‘Ea ez dogun nahikoa danontzat; hobe dozue badaezpada dendara joan eta erostea’.
10 «Baina, erostera joanda egozala, senarra heldu zan, eta prest egozanak ezteguetara sartu ziran beragaz. Eta atea itxi egin zan.
11 «Heldu ziran, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin eben: ‘Jauna, jauna! Zabaldu!’ 12 Baina jaunak erantzun eutsen: ‘Benetan dinotsuet, ez dakit nor zareen’.
13 «Zain egon, beraz, ez dakizue-ta, ez egunik, ez ordurik.
Talentuen parabolea
(Lk 19,11-27)
14 «Jainkoaren erregetzeagaz, atzerrira urten behar eban gizonagaz lez jazoten da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak itzi eutsezan: 15 bati bost talentu*, beste bati bi eta besteari bat, bakotxari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin eban. 16 Bost talentu hartu ebazanak inbertitu egin ebazan berehala eta beste bost irabazi. 17 Beste horrenbeste talentu bi hartu ebazanak: inbertitu eta beste bi irabazi ebazan. 18 Bat bakarra hartu ebanak, ostera, lurrean zuloa egin eta bertan gorde eban nagusiaren dirua.
19 «Handik denbora askora, etorri zan nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi jaken. 20 Aurreratu zan bost talentu hartu ebazana eta beste bost aurkeztu eutsozan, esanez: ‘Jauna, bost talentu itzi zeustazan; hona beste bost neuk irabaziak’. 21 Nagusiak esan eutson: ‘Ederto, morroi on eta leiala! Gauza gitxian leial izan haz, askoren buru ipiniko haut; sartu heure jaunaren jaia ospatzera’. 22 Aurreratu zan, gero, talentu biduna eta esan eutson: ‘Jauna, talentu bi itzi zeustazan; hona beste bi neuk irabaziak’. 23 Nagusiak esan eutson: ‘Ederto morroi on eta leiala! Gauza gitxian leial izan haz, askoren buru ipiniko haut; sartu heure jaunaren jaia ospatzera’. 24 Aurreratu zan talentu bakarra hartu ebana eta esan eutson: ‘Banekian gizon zorrotza zarana, erein ez dozun tokian hartzen eta zabaldu ez dozun tokian batzen dozuna; 25 bildur nintzan, eta zure talentua lurrean ezkutatu neban. Hona zeure dirua!’ 26 Nagusiak erantzun eutson: ‘Ai morroi gaizto eta alperra! Bahekian erein ez dodan tokian hartzen dodana eta zabaldu ez dodan tokian batzen. 27 Beraz, bankuan jarri behar hendun nire dirua, bihurtzean bere korrituekin jaso neian. 28 Kendu eiozue, ba, talentua eta emon hamar daukazanari. 29 Izan ere, frutua dakarrenari emon egingo jako, eta gainezka izango dau; fruturik ez dakarrenari, barriz, daukan apurra ere kendu egingo jako*. 30 Eta ezertarako gauza ez dan morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hagin-hotsa izango dira han’.
Azken auzia
31 «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortean, bere errege-aurkian jesarriko da. 32 Herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteekandik bereiztu egingo dauz, artzainak ardiak akerretatik bereizten dauzan lez, 33 eta ardiak bere eskoian eta akerrak ezkerrean ezarriko dauz. 34 Orduan, erregeak eskoikoei esango deutse: ‘Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartuizue munduaren sortzetik zuentzat prestatuta dagoan erreinua. 35 Gose nintzan eta jaten emon zeusten-eta; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; 36 biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri’. 37 Orduan, zintzoek esango deutsoe: ‘Jauna, baina noiz aurkitu zinduguzan gosez eta jaten emon geutsun, edo egarriz eta edaten emon? 38 Noiz aurkitu zinduguzan arrotz eta etxean hartu, edo narrugorritan aurkitu eta jantzi? 39 Noiz aurkitu zinduguzan gaixorik edo kartzelan eta ikustera joan?’ 40 Eta erregeak erantzungo deutse: ‘Benetan dinotsuet: Nire seniderik txikien honeetako edozeini egin zeutsoena, neuri egin zeusten.
41 «Gero, ezkerrekoei esango deutse: ‘Alde nigandik urrun, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestauta dagoan betiko sutara. 42 Gose nintzan eta ez zeusten jaten emon-eta; egarri, eta edaten emon ez; 43 arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta kartzelan, eta ez zineen ikustera etorri’. 44 Orduan, hareek ere esango deutsoe: ‘Jauna, baina noiz aurkitu zinduguzan gosez edo egarriz, arrotz edo narrugorritan, gaixorik edo kartzelan, eta guk lagundu ez?’ 45 Harek erantzungo deutse: ‘Benetan dinotsuet: Txikien honeetako edozeini egin ez zeutsoena, neuri ez zeusten egin’. 46 Eta honeik betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».