Jesusek itsu jaiotakoa osatu
9,1 Bidez joiala, jaiotzatik itsua zan gizon bat ikusi eban Jesusek. 2 Eta ikasleek galdetu eutsoen:
—Maisu, nork egin eban pekatu hau itsu jaioteko, beronek ala beronen gurasoek?
3 Jesusek erantzun eutsen:
—Ez beronek, ez beronen gurasoek, ez eben pekatu egin; honengan Jainkoaren egintzak ager daitezen jaio zan itsu. 4 Egun-argi dan bitartean, bialdu nauanaren egintzak bete behar dodaz; badator gaua, eta orduan ezin izango dau inork lanik egin. 5 Munduan nazan bitartean, munduaren argia naz.
6 Hau esanik, lurrera txistua bota, txistuaz lohia egin eta lohiaz itsuari begiak igurtzi eutsozan. 7 Gero, esan eutson:
—Zoaz garbitzera Siloeko ur-putzura* (Siloek «bialdua» esan nahi dau).
Joan zan, ba, garbitu eta ikusten ebala bihurtu zan. 8 Auzokoek eta lehen eskean ikusten ebenek esaten eben:
—Ez da hau jesarrita eskean egoten zana?
9 Batzuk inoen:
—Bai, bera da.
Beste batzuk, barriz:
—Ez, ez da ha, haren antzeko bat baino.
Berak, barriz, inotsen:
—Bai, neu nozue.
10 Hareek galdetu eutsoen:
—Zelan ikusten dozu, ba, orain?
11 Harek erantzun eutsen:
—Jesus dalakoak txistuaz lohia egin dau, begiak igurtzi deustaz eta agindu: «Zoaz Siloera, eta garbitu han»; joan, garbitu eta ikusten hasi naz.
12 Orduan, galdetu eutsoen:
—Non da orain gizon hori?
Harek erantzun:
—Ez dakit.
Fariseuak osakuntza ikertzen
13-14 Zapatua zan Jesusek lohia egin* eta begiak ireki eutsozan eguna. Horregaitik, fariseuengana eroan eben itsu izandako ha, 15 eta fariseuek barriro galdetu eutsoen ea zelan hasi zan ikusten. Harek erantzun eutsen:
—Lohia ezarri deust begietan, garbitu naz, eta ikusi egiten dot.
16 Orduan, fariseuetariko batzuk inotsoen:
—Gizon hori ez dator Jainkoagandik, ez dau-ta atseden-eguna errespetatzen.
Beste batzuk, barriz, inoen:
—Zelan egin daike pekatari batek holango mirarizko seinalerik?
Eta ez etozan bat euren iritzietan.
17 Orduan, barriro galdetu eutsoen itsuari:
—Eta zuk, zer dinozu begiak ireki deutsuzanaz?
Harek erantzun:
—Profeta dala.
18 Judu-agintariek, barriz, ez eben sinistu gura gizon ha itsu izan eta gero ikusten hasi zanik. Beraz, haren gurasoei deitu 19 eta galdetu eutseen:
—Hau da zuen semea, itsu jaio zala dinozuena? Zelan ikusten dau, ba, orain?
20 Gurasoek erantzun eutseen:
—Guk dakiguna geure semea dala da eta itsu jaio zala; 21 baina orain zelan ikusten dauan edo begiak nork ireki deutsozan, hori ez dakigu. Galdetu berari, badau-eta adina bere buruaren barri emoteko.
22 Gurasoek agintarien bildur ziralako erantzun eben horrela, ordurako agintariek erabagita euken-eta Jesus Mesias zala autortzen ebana euren alkartetik botatzea. 23 Horregaitik esan eben gurasoek: «Badau adina, galdetu berari».
24 Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta esan eutsoen:
—Autortu egia Jainkoaren aurrean*. Guk badakigu gizon hori pekatari dana.
25 Berak erantzun eutsen:
—Ez dakit pekatari dan ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsua nintzela, eta orain ikusi egiten dodala.
26 Hareek barriro:
—Zer egin deutsu? Zelan ireki deutsuz begiak?
27 Eta harek erantzun:
—Esan deutsuet, eta ez deustazue jaramonik egin. Zergaitik nahi dozue barriro entzun? Zeuek ere haren ikasle izan nahi dozue ala?
28 Hareek irainez bete eta esan eutsoen:
—Zeu zara, zu, haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. 29 Guk seguru dakigu Moisesi Jainkoak berba egin eutsola, baina hori nongoa dan ere ez dakigu.
30 Harek erantzun eutsen:
—Hori bai harrigarria! Zuek nongoa dan ere jakin ez, eta horrek niri begiak ireki. 31 Jakina da Jainkoak ez deutsola pekatariari entzuten, berari begirune izan eta bere nahia beteten dauanari baino. 32 Gaur arte ez dogu entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki deutsozanik. 33 Gizon horrek, Jainkoagandik ez baletor, ezin izango leuke ezer ere egin.
34 Hareek erantzun eutsoen:
—Goitik beheraino pekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?
Eta alkartetik kanpora bota eben.
Bihotzeko itsukeria
35 Jakin eban Jesusek osatutako itsua alkartetik kanpora bota ebela eta, harekin topo egitean, galdetu eutson:
—Sinisten dozu Gizonaren Semeagan?
36 Harek erantzun:
—Esaidazu nor dan, Jauna, sinistu daidan.
37 Jesusek esan eutson:
—Ikusi dozu. Zugaz diharduana bera da.
38 Orduan, Jesusen aurrean ahuspeztu eta esan eutson:
—Sinisten dot, Jauna.
39 Ondoren, esan eban Jesusek:
—Mundu hau auzitan jartera etorri naz ni. Ondorioz, ikusten ez dabenek ikusi egingo dabe, eta ikusten ei dabenak itsu bihurtuko dira.
40 Jesusegaz egozan fariseuetako batzuk, hori entzunik, esan eutsoen:
—Gu ere itsu ete gara?
41 Jesusek erantzun eutsen:
—Itsu bazinee, ez zeukee pekaturik izango; baina ikusten dozuela dinozuenez, zeuen pekatuzko egoeran irauten dozue.