Hitzaurrea. Eskeintza
1,1 Teofilo agurgarria, askok ekin deutsoe gure artean izan diran gertakarien historia idazteari, 2 hasieran begizko testigu eta gero barrionaren predikari izandakoek jakinazo deuskuenaren arabera. 3 Neuk ere ondo deritzot dana bere harian zuretzat idazteari, hasieratik guztia zehatz-mehatz aztertu ondoren, 4 jaso dituzun iraskaspenak zeinen oinarrituak dagozan ikusi daizun.
JESUSEN AURKEZPENA (1,5—4,13)
Jaiotza eta haurtzaroa (1,5—2,52)
Joan Bataiatzailearen jaiotza iragarri
5 Herodes Judeako erregearen garaian, bazan Zakarias izeneko abade bat, Abiasen abade-sailekoa; haren emaztea, Elisabet, Aaronen* ondorengoa zan. 6 Zintzoak ziran biak Jainkoaren aurrean, eta Jaunaren agindu eta legeak huts egin barik betez bizi ziran. 7 Ez eben seme-alabarik, Elisabet agorra zan-eta, eta urteetan aurreratuak biak.
8 Behin baten, Zakariasek abade-zerbitzua egiten ziharduan tenpluan Jainkoaren aurrean, bere abade-sailaren txandea zan-eta. 9 Abadeen ohituren arabera, berari egokitu jakon Jaunaren santutegira sartzea intsentsua eskintzeko*. 10 Herri guztia kanpoan egoan otoitzean, intsentsua eskintzen zan bitartean. 11 Haretan, Jaunaren aingeru bat azaldu jakon Zakariasi, intsentsu-aldarearen eskoian zutunik. 12 Ha ikustean, ikaratu egin zan Zakarias eta bildurrak hartu eban. 13 Baina aingeruak esan eutson:
—Ez bildurtu, Zakarias, entzun dau Jainkoak zure eskaria. Zure emazte Elisabetek semea emongo deutsu eta Joan ipiniko deutsozu izena. 14 Pozez beteko zara, eta beste jende asko ere poztuko da haren jaiotzaz, 15 handia izango da-ta benetan Jaunaren aurrean. Ez dau ardaurik, ez pattarrik edango*, eta amaren sabeletik bertatik Espiritu Santuaz beteko dau Jainkoak. 16 Israeldar asko bihurtuko ditu euren Jainko Jaunarengana. 17 Eliasen espiritu eta ahalmenaz jantzirik, Jaunaren aurretik etorriko da, gurasoak eta seme-alabak alkarregaz baketzeko* eta errebeldeak zintzoen senera bihurtzeko; horrela, Jauna onartzeko prestatuko dau herria.
18 Zakariasek esan eutson aingeruari:
—Zelan jakin daiket horrela gertatuko dana? Ni zaharra naz, eta emaztea ere urteetan aurreratua.
19 Aingeruak erantzun eutson:
—Ni Gabriel naz eta Jainkoaren zerbitzura nago; berak bialdu nau zuri hitz egitera eta barri hau emotera. 20 Hara, mutu geldituko zara eta ezin izango dozu hitz egin hau guztia jazo arte, bere sasoian beteko diran nire hitzak sinistu ez dituzulako.
21 Bien bitartean, herria Zakariasen zain egoan, santutegian horrenbeste luzatzen zalako harriturik. 22 Urten ebanean, ezin eutsen hitz egin, eta jabetu ziran ikuskariren bat izan ebala santutegian; keinuka egiten eutsen, mutu gelditu zan-eta. 23 Tenpluko bere zerbitzu-egunak amaitu ebazanean, etxera bihurtu zan. 24 Handik laster, Elisabet emaztea seindun gelditu zan, eta bost hilabetez etxetik urten barik egon zan. Hauxe inoan: 25 «Hara zer egin gura izan dauan Jaunak nire alde, jendearen aurrean neban lotsakizuna kentzeko».
Jesusen jaiotza iragarri
26 Handik sei hilabetera, Jainkoak Gabriel aingerua bialdu eban Nazaret eritxon Galileako herri batera, 27 birjina bategana; birjineak Maria eban izena, eta Jose eritxon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbea emonda egoan. 28 Aingeruak, Marianean sarturik, esan eutson:
—Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.
29 Hitz honeik entzutean, ikaratu egin zan Maria eta agur horrek zer esan nahi ete eban galdetzen eutson bere buruari. 30 Aingeruak esan eutson:
—Ez bildurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu. 31 Hara, seindun gertatuko zara, semea izango dozu eta Jesus* ipiniko deutsozu izena. 32 Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta bere aita Daviden tronua emongo deutso Jainko Jaunak. 33 Israel herriko errege izango da betiko, eta haren erregetzeak ez dau azkenik izango.
34 Mariak esan eutson aingeruari:
—Baina zelan jazo daiteke hori, ez naz-eta gizon bategaz bizi?
35 Aingeruak erantzun eutson:
—Espiritu Santua etorriko da zugana, Goi-goikoaren indarrak hodeiak lez* estalduko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. 36 Begira, Elisabet zure lehengusinea ere seindun agertzen da bere zahartzaroan eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; 37 Jainkoarentzat ez dago-ta ezer ezinezkorik.
38 Orduan, esan eban Mariak:
—Hona hemen Jaunaren mirabea. Jazo bekit zeuk esan dozun lez.
Eta aingeruak itzi egin eban.
Mariak Elisabeti ikustaldia
39 Handik egun batzuetara, Maria etxetik urten eta Judeako mendialdeko uri batera joan zan arin-arin, 40 eta, Zakariasenean sarturik, Elisabeti agur egin eutson. 41 Mariaren agurra entzun ebaneko, Elisabeti punpaka hasi jakon seina sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zan Elisabet, 42 eta oihuz esan eban: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko frutua! 43 Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etorteko? 44 Zure agurra nire belarrietara heldu daneko, pozez punpaka hasi jat seina sabelean. 45 Zorionekoa zu, Jaunak esan deutsuna beteko dala sinistu dozulako!»
Mariaren kantika
46 Orduan, Mariak hauxe esan eban:
47 «Jaunaren handitasuna dot goresten,
pozaren pozez daukat barrua,
Jainkoa salbatzaile dot-eta.
48 Bere mirabe ezerez honegan
jarri dauz begiak;
horregaitik, dohatsu deituko deuste
guztiek gaurtik aurrera.
49 Gauza handiak egin dauz
nire alde Ahalguztidunak.
Santua da
50 eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune deutsoenentzat.
51 Bere indar guztiaz jokatu dau:
buru-harroak suntsitu egin dauz,
52 ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
53 ondasunez bete dauz gose ziranak,
eta esku-hutsik bialdu aberatsak;
54 lagun etorri jako bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
55 halan eutsen zin egina gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana».
56 Mariak hiru hilabete inguru egin ebazan Elisabetegaz; gero, etxera bihurtu zan.
Joan Bateatzailearen jaiotza
57 Denporea bete jakonean, Elisabetek semea izan eban. 58 Jakin eben auzokoek eta ahaideek zelango erruki handia izan eutson Jaunak, eta beragaz batera poztu ziran. 59 Jaio eta zortzi egunera, seina erdaintzera joan ziran, eta aitaren izena ipini gura eutsoen, Zakarias. 60 Baina amak esan eban:
—Ez, Joan izango dau izena.
61 Esan eutsoen:
—Ez dozu senitartean inor izen horregazkorik.
62 Orduan, aitari galdetu eutsoen keinuka, ea zein izen gura eutson jarri.
63 Harek oholtxo bat eskatu eban eta bertan idatzi: «Joan dau izena». Danak harriturik gelditu ziran. 64 Bat-batean, mihina askatu egin jakon Zakariasi, eta barriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zan. 65 Auzoko guztiak bildurrak hartu ebazan, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zan jazotakoaren barri. 66 Entzuten eben guztiek euren barrurako esaten eben: «Zer izango ete da ume hau?» Jauna lagun eban-eta.
Zakariasen kantika
67 Zakariasek, seinaren aitak, Espiritu Santuaz beterik, profeta lez jardun eban, esanez:
68 «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,
bere herriagana etorri
eta askatu dauana!
69 Salbatzaile indartsua* sortu deusku
bere morroi Daviden ondorengoen artean.
70 Halan eukan berbea emonda antxinatik
bere profeta santuen ahoz:
71 salbatuko ginduzala
gure etsaien menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik;
72 horrela agertu dau
gure gurasoekanako errukia
eta oroitu da bere itun santuaz,
73 gure arbaso Abrahami
egindako zin-hitzaz:
berak emongo euskula,
74 etsaien menpetik libraturik,
bildur barik bera otseintzea,
75 santutasun eta justiziaz,
beraren aurrean gure bizitza guztian.
76 Eta zuri, umetxo horri,
Goi-goikoaren profeta deituko deutsue,
Jaunaren aurretik joango zaralako
hari bidea prestatuz,
77 haren herriari salbamena,
pekatuen parkamena iragarriz.
78 Gure Jainkoaren
barru errukitsuari esker,
goiz-argia agertuko jaku zeru goitik,
79 ilunperik baltzenean dagozanei
argi egitera,
gure pausoak bake-bidetik zuzentzera».
80 Umea gorputzez hazten eta espirituz sendotzen joian; basamortuan bizi izan zan, Israel herriaren aurrean agertu beharreko egunera arte.