«Eskatu, bilatu, jo atea»
(Lk 11,9-13; 6,31)
7 «Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko jatzue. 8 Eskatzen dauanak hartu egiten dau-ta, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea joten dauanari zabaldu egiten jako-ta.
9 «Zuetako inork, semeak ogia eskaturik, harria emongo ete deutso? 10 Edo, arraina eskaturik, sugea emongo ete deutso? 11 Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat gehiago ez deutsez zeruko zuen Aitak gauza onak emongo eskatzen deutsoezanei?
12 «Holan ba, besteek zuei egitea nahi zeukeen guztia, egin zeuek ere besteei: horretantxe datza Liburu Santuek irakatsia*.
«Sartu zaiteze ate estutik»
(Lk 13,24)
13 «Sartu zaiteze ate estutik; zabala da-ta hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak. 14 Baina bai estua dala bizirako atea eta meharra bidea, eta gitxi dira aurkitzen dabenak.
«Euren frutuetatik igarriko deutsezue»
(Lk 6,43-44)
15 «Kontuz sasiprofetekin! Ardi-narruz jantzirik bajatortzuez ere, otso harrapari dira barrutik. 16 Euren egintzetatik igarriko deutsezue. Batzen ete da elorritik mahatsik edo gardutik ikorik? 17 Zuhaitz onak frutu ona emoten dau, eta zuhaitz txarrak frutu txarra. 18 Zuhaitz onak ezin dau frutu txarrik emon, ez eta zuhaitz txarrak ere frutu onik. 19 Frutu onik emoten ez dauan zuhaitza moztu eta sutara botaten da. 20 Beraz, euren frutuetatik igarriko deutsezue sasiprofetei.
Benetako ikasleak
(Lk 13,25-27; 6,46-49)
21 «Ez da nahikoa niri ‘Jauna, Jauna!’ esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin. 22 Epai-egunean askok esango deuste: ‘Jauna, Jauna! Ez ete gendun zure izenean hitz egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?’ 23 Baina nik erantzungo deutset: ‘Ez zaituet inoiz ezagutu; alde nigandik, gaizkileok!’
24 «Beraz, nire hitzok entzun eta beteten dauzana, etxea harkaitz gainean eraiki eban gizon zuhurraren antzekoa da. 25 Euri-jasak izan ziran, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso eutsoen; baina ez zan jausi, oinarriak hatxean ebazalako. 26 Nire hitzok entzun bai, baina beteten ez dauzana, barriz, etxea hondar gainean eraiki eban gizon zentzunbakoaren antzekoa da. 27 Euri-jasak izan ziran, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso eutsoen; eta jausi egin zan eta dana hondatuta gelditu».
Jesusen irakaspenaren jatortasuna
(Mk 1,22; Lk 4,32)
28 Jesusek hitzaldi hau amaitu ebanean, haren irakaspenez txunditurik gelditu zan jende guztia; 29 nagusitasunez irakasten eutsen-eta, eta ez euren arteko lege-maisuek lez.