Ardi galduaren parabola
(Mt 18,12-14)
15,1 Zergalari eta pekatari* guztiak Jesusengana batzen ziran hari entzutera, 2 eta fariseuek eta lege-maisuek marmarrean ziharduen esanez: «Horrek harrera ona egiten deutse pekatariei, baita eurekin jan ere!»
3 Jesusek parabola hau esan eutsen: 4 «Zuetako nor, ehun ardi izan eta bat galtzen bajako, ez da, beste larogeta hemeretziak larran itzirik, galduaren bila joaten aurkitu arte? 5 Eta aurkitzen dauanean, lepoan hartzen dau poz-pozik 6 eta, etxeratzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: ‘Egin jai nirekin, aurkitu dot-eta galdutako ardia!’ 7 Egia esan, Jainkoak ere poz handiagoa hartzen dau* bihozbarritu beharrik ez daben larogeta hemeretzi zintzoekaitik baino bihozbarritzen dan pekatari bategaitik.
Txanpon galduaren parabolea
8 «Edota zein emakumek, zilarrezko hamar txanpon* izan eta bat galtzen bajako, ez dau, kriseilua bizturik, etxea garbitu eta galdu jakon txanpona ardura guztiaz bilatzen, aurkitu arte? 9 Eta, aurkitzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: ‘Egin jai nirekin, aurkitu dot-eta galduta neukan txanpona!’ 10 Egia esan, bardin pozten da Jainkoa ere bere aingeruekaz bihozbarritzen dan pekatari bategaitik»
Aita errukitsuaren eta seme bien parabolea*
11 Gainera, esan eutsen: «Gizon batek seme bi eukazan. 12 Gazteenak esan eutson aitari: ‘Aita, emoidazu dagokidan senipartea’. Eta aitak ondasunak banatu eutsezan.
13 «Handik egun gitxira, seme gazteenak, eukazan guztiak baturik, urruneko herrialde batera egin eban ihes eta han, galdukerian bizi izanez, ondasun guztiak jan. 14 Dana eralgi ebanean, gosete ikaragarria gertatu zan inguru haretan eta estu aurkitzen hasi zan. 15 Orduan, herrialde haretako gizon batengana joan zan morroi, eta harek bere sailetara bialdu eban txarrizain*. 16 Txarriek jaten eben ezkurrez asetzeko gogoa emoten eutson, ez eutson-eta inork jaten emoten. 17 Orduan, pentsatzen jarririk, bere barruan esan eban: ‘Zenbat langile gure aitarenean nahi beste ogi eta gehiago daukela, eta ni hemen goseak hilten! 18 Jagi, aitagana joan eta esango deutsot: Aita, pekatu egin dot Jainkoaren* eta zure kontra. 19 Ez dot gehiago seme-izenik merezi. Hartu naizu zeure langileetako bat lez’.
20 «Jagi eta aitarenera bidean jarri zan. Oraindik urrun egoala, ikusi eban aitak eta errukitu egin zan; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi jakon. 21 Semeak esan eutson: ‘Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure kontra. Ez dot gehiago zure seme-izenik merezi...’ 22 Aitak, ordea, esan eutsen morroiei: ‘Ekarri bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak*; 23 ekarri zekor gizendua eta hil; egin daigun jai-otordua; 24 seme hau hilda neukan eta biztu egin jat-eta, galduta neukan eta aurkitu egin dot-eta’. Eta hasi eben jaia.
25 «Seme zaharrena soloan zan. Etxerakoan, hurreratu ahala, soinua eta dantzak sumatu ebazan. 26 Eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zan galdetu eutson. 27 Harek erantzun: ‘Zure anaia etorri da eta zekor gizendua hilteko agindu dau zuen aitak, semea onik bereganatu daualako’. 28 Biziro haserretu zan anaia eta ez eban sartu nahi. Urten eban aitak eta erreguka hasi jakon. 29 Baina harek erantzun eutson aitari: ‘Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula huts egin barik zerbitzatzen zaitudana, eta ez deustazu inoiz ahume bat ere emon, lagunekin jai egiteko; 30 eta, horrako zure seme hori, zure ondasunak emagalduekin jan dituen hori, etorri dala eta, zekor gizendua hil dozu’. 31 Aitak erantzun eutson: ‘Seme, zu neugaz zagoz beti, eta nire guztia zeurea dozu! 32 Baina egoki zan poztu eta jai egitea, zure anaia hau hilda geukan eta biztu egin jaku-eta, galduta geukan eta aurkitu egin dogu-eta!’»