Jesus bere jaioterrian gaitzetsia
(Mt 13,53-58; Lk 4,16-30)
6,1 Handik alde egin eta bere herrira joan zan Jesus, bere ikasleak ondoren zituala. 2 Hurrengo zapatuan, sinagogan irakasten hasi zan. Entzule askok honela inoan harriturik: «Nondik honek hori guztia? Zer da emon jakon jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diran mirari horreik? 3 Ez al da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez ete dira hemen geure artean bizi?»
Eta horregaitik, ezin eben sinistu harengan.
4 Jesusek esan eutsen: «Profeta bati edonon emoten jako ohore, bere herri, senitarte eta etxean izan ezik».
5 Eta ezin izan eban han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk osatu ebazan eskuak ezarriz. 6 Eta harriturik egoan hareen sinismenik ezaz.
Hamabien eginkizuna. Jesusi ezin ulertu (6,6–8,26)
Jesusek Hamabiak bialdu
(Mt 10,1.5-15; Lk 9,1-6)
Jesus inguruko auzoetan zehar ibili zan irakasten. 7 Hamabiei dei egin eta binaka bialtzen hasi zan, espiritu gaiztoak botateko ahalmena emoten eutsela. 8 Biderako ezer ere ez hartzeko agindu eutsen, makila bat besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ez eta gerrikoan dirurik ere; 9 oinetan sandaliak eroan eiezala, baina aldatzeko soinekorik ez. 10 Gero, zelan jokatu esan eutsen: «Etxe baten sartzen zareenean, gelditu bertan herri haretatik urten arte. 11 Eta non edo non onartzen ez bazaituee eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zuen oinetako hautsa, euren kontrako seinaletzat».
12 Joan ziran, ba, hareik eta barriona iragarri eben bihozbarritu eitezan. 13 Deabru asko botaten eben eta gaixo asko osatzen, orioz igurtziz.
Nor da Jesus? Edozenbat iritzi
(Mt 14,1-2; Lk 9,7-9)
14 Jakin eban Herodes erregeak Jesusen barri, honen izena oso entzuna zan eta. Batzuk inoen: «Joan Bateatzailea hilen artetik biztu da; horregaitik dau mirariak egiteko ahalmen hori». 15 Beste batzuk, barriz: «Elias da». Eta beste hainbatek: «Profeta da, antxinako profetak langoa».
16 Iritzi honeik entzutean, honela inoan Herodesek: «Nik lepoa moztu neutson Joan haxe biztu da».
Joan Bataiatzailea Herodesek hilazo
(Mt 14,3-12; Lk 3,19-20)
17 Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotuta eukan, Herodias zala-eta. Herodias Herodesen anaia Feliperen emaztea zan, baina Herodesek bere emaztetzat hartuta eukan. 18 Eta Joanek hau esaten eutson Herodesi: «Ez jatzu zilegi zure anaiaren emaztea eukitea».
19 Horregaitik, gorroto eban Herodiasek Joan eta hil egin nahi eban; baina ezin, 20 Herodesek begirune eutson eta; gizon zuzen eta santutzat eukan, eta babestu egiten eban. Joanen hitzek buruhausterik sortzen baeutsoen ere, gogoz entzuten eutson. 21 Etorri jakon, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetekoan, afaria emon eutsen agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. 22 Sartu zan jantokian Herodiasen alabea eta dantzan egin eban, eta atsegin izan jaken Herodesi eta honen mahaikideei. Orduan, erregeak neskatxeari esan eutson:
—Eskatu nahi dozuna, eta emongo deutsut.
23 Eta zin ere eginez agindu eutson:
—Eskatu ahala guztia emongo deutsut, nire erreinuaren erdia bada ere.
24 Urten eban neskatxeak eta bere amari galdetu eutson:
—Zer eskatuko deutsot?
Amak erantzun:
—Joan Bateatzailearen burua.
25 Bihurtu zan arin-arin erregeagana eta eskaria egin eutson: «Emoidazu oraintxe berton Joan Bateatzailearen burua azpilean».
26 Goibel jarri zan erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagaitik, ez eutson ukatu nahi izan. 27 Bere guardiako bat bialdu eban, Joanen burua ekarteko aginduz. Joan zan ha kartzelara eta lepoa moztu eutson, 28 eta azpil baten ekarri eban burua; neskatxeari emon eutson, eta neskatxeak amari.
29 Joanen ikasleek, hori jakitean, haren gorpua jasotera etorri eta hilobian ezarri eben.
Jesusek jendetzeari lehenengoz jaten emon
(Mt 14,13-21; Lk 9,10-17; Jn 6,1-14)
30 Apostoluek, barriro Jesusengana batu ziranean, egin eta irakatsi eben guztiaren barri emon eutsoen. 31 Jesusek esan eutsen: «Zatoze zeuek baino ez leku gorde batera, eta hartu atseden apur bat».
Asko ziran-eta joan-etorri ebizanak, eta ez eben jateko ere astirik.
32 Orduan, bazter batera joan ziran, eurak baino ez, txalupaz. 33 Baina jende askok ikusi ebazan alde egiten, eta nora joiazan igarri ere bai, eta herri guztietatik jo eben bertara lasterka, harei aurrea hartuz.
34 Txalupatik jatsi zanean, jendetza handia ikusi eban Jesusek. Errukitu egin jaken, artzain bako ardiak lez ebiltzan-eta, eta irakasten hasi jaken luze eta zabal. 35 Berandutu zanean, ikasleek hurreratu eta esan eutsoen:
—Toki hau oso urruti dago eta berandu da. 36 Bialdu eizuz, inguruko baserri eta auzoetara joan eta jatekoa erosi daien.
37 Jesusek erantzun eutsen:
—Emon zeuek jaten.
Hareek, orduan:
—Berrehun danarioren ogia erostera joango ete gara, ba, honei jaten emoteko?
38 Baina Jesusek esan eutsen:
—Zenbat ogi dozuez? Ea, ikusi.
Begiratu, eta erantzun eutsoen:
—Bost ogi, eta arrain bi ere bai.
39 Orduan, jende guztia zelaian taldeka jesarriazoteko agindu eutsen. 40 Berrogeita hamarnaka eta ehunaka jesarri ziran. 41 Hartu ebazan Jesusek bost ogiak eta arrain biak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazinoa esan, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta honeek jendeari eskeini. Arrain biak ere guztien artean banatu ebezan. 42 Asetzeraino jan eben danek, 43 eta gelditutako ogi eta arrain hondakinez hamabi otzarakada bete ebezan. 44 Bost mila gizon izan ziran jan ebenak.
Jesus ur gainean oinez
(Mt 14,22-33; Jn 6,16-21)
45 Berehala, Jesusek ikasleak txalupan satuazo eta bere aurretik beste aldera, Betsaidarantz, joateko agindu eutsen, berak jendeari agur egin bitartean. 46 Jendeari agur egin ondoren, mendira igon eban otoitz egitera.
47 Ilundu ebanean, untzia aintzira erdian egoan, eta Jesus lehorrean, bakarrik. 48 Arraunketan ezinean ziharduela ikusirik, haizea brankaz euken eta, goiz aldera ikasleengana joan zan Jesus, ur gainean oinez. Aurrera igarotera joiala, 49 ur gainean ibilten ikusi eben eta, mamua zalakoan, oihuka hasi ziran; 50 danek ikusi eben eta erabat izutu. Berehala hitz egin eutsen, ordea, Jesusek eta esan:
—Lasai! Neu naz. Ez bildurtu!
51 Txalupara igon jaken, eta haizea baretu egin zan. Orduan eta harrituago gelditu ziran, 52 oraindik ez jaken-eta ogiena buruan sartu, adimena itsu euken-eta.
Genesaret aldean osakuntzak
(Mt 14,34-36)
53 Aintzira igaro ondoren, Genesaret lurraldera heldu ziran, eta hantxe lehorreratu. 54 Untzitik urten ebaneko ezagutu eban Jesus jendeak, 55 eta lurralde haretan guztian zehar joan ziran; eta Jesus non, haraxe eroaten eutsoezan gaixoak ohatiletan. 56 Jesus joaten zan herri, auzo nahiz baserrietan, nonahi gaixoak atarietara ataraten eutsoezan. Soinekoertza behintzat ikutzen izteko eskatzen eutsoen, eta ikutzen eben guztiak osatzen ziran.