Emakume alarguna eta epailea
18,1 Etengabe egin behar ebela otoitz eta ez ebela etsi behar adierazteko, parabola hau esan eutsen Jesusek: 2 «Bazan uri baten epaile bat, ez Jainkoari bildurrik, ez gizakiari begirunerik ez eutsona. 3 Bazan uri beratan emakume alargun bat ere. Hau epaileagana joaten zan eskatzera: ‘Egidazu zuzenbide etsaiagazko auzian’. 4 Luzaroan epaileak ez eutson jaramonik egin, baina azkenean bere barruan esan eban: ‘Ez deutsot Jainkoari bildurrik, ez eta gizakiari ere begirunerik; 5 baina, alargun hau gogaikarri jatanez, egin deiodan zuzenbide, etengabeko buruhausterik emon ez deidan’».
6 Eta honela amaitu eban Jaunak: «Begira zer dinon epaile bidegabeak. 7 Eta Jainkoak ez ete deutse zuzenbide egingo gau eta egun deiadarka jagokozan bere aukeratuei? Zain eukiko ete dauz luzaroan? 8 Berehala egingo deutsela zuzenbide dinotsuet. Baina Gizonaren Semea datorrenean, aurkituko ete dau horrelako sinismenik munduan?»
Fariseuaren eta zergalariaren parabola
9 Honako parabola hau esan eutsen Jesusek euren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gitxiesten ebezan batzuei: 10 «Gizon bik tenplura igon eben otoitz egitera; bata fariseua zan eta bestea zergalaria*. 11 Fariseuak, zutunik, honela ziharduan otoitzean bere barruan: ‘Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak langoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ez eta horrako zergalari horrelangoa ere. 12 Astean bi bider egiten dot barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut’.
13 «Zergalaria, barriz, urrun gelditurik, ez zan begiak lurretik jasotera ere ausartzen, bular-joka ziharduan, ostera, esanez: ‘Ene Jainkoa, errukitu zaitez pekatari honetaz’.
14 «Benetan dinotsuet, azkenengo hau Jainkoarekin bakean bihurtu zala etxera; fariseua, barriz, ez. Bere burua goratzen dauana Jainkoak beheratu egingo dau-ta, eta bere burua beheratzen dauana, goratu».
Jesus eta umeak
(Mt 19,13-15; Mk 10,13-16)
15 Umetxoak aurkeztu eutsoezan Jesusi, ikutu eizan; ikasleek, hori ikustean, hasarre egiten eutseen. 16 Baina Jesusek umetxoak beregana deitu ebazan eta esan: «Itzi umeei nigana etorten, ez galazo, horrelakoek dabe-eta Jainkoa errege. 17 Benetan dinotsuet: Jainkoaren erreinua ume batek lez onartzen ez dauana ez da ezelan ere bertan sartuko».
Jesusek aberatsari dei
(Mt 19,16-22; Mk 10,17-22)
18 Handiki batek galdetu eutson Jesusi:
—Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizia ondaretzat jasoteko?
19 Jesusek erantzun eutson:
—Zergaitik esaten deustazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik. 20 Badakizuz aginduak: Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, hartu aintzat aita-amak.
21 Harek, orduan:
—Gazte-gaztetatik bete izan dot hori guztia.
22 Hori entzutean, Jesusek esan eutson:
—Gauza bat falta jatzu oraindik: saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, zure aberastasuna zeruan izan daizun; gero, zatoz eta jarraitu niri.
23 Hitzok entzutean, guztiz atsekabetu zan handikia, oso aberatsa zan-eta.
Aberastasuna salbamenerako oztopo
(Mt 19,23-26; Mk 10,23-27)
24 Jesusek, handiki ha hain atsekabetua ikusirik, esan eban:
—Bai nekez sartuko dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan! 25 Bai, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino orratzaren begitik gamelua sartzea errazago.
26 Entzuleek galdetu eutsoen:
—Nor salbatu daiteke, orduan?
27 Jesusek erantzun eutsen:
—Gizakiek ezin daikeena Jainkoak badaike.
Dana itzi daben ikasleen saria
(Mt 19,27-29; Mk 10,28-30)
28 Pedrok esan eban:
—Hara, guk, geukazan guztiak itzirik jarraitu deutsugu.
29 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsuet: Jainkoaren erregetzagaitik etxea, emaztea, senideak, gurasoak eta seme-alabak izten dauzanak, 30 mundu honetan askoz gehiago jasoko dau, eta datorren munduan betiko bizia.
Jesusek nekaldi-biztuerak hirugarrenez iragarri
(Mt 20,17-19; Mk 10,32-34)
31 Hamabiak beragana baturik, Jesusek esan eutsen: «Hara, Jerusalemera igoten dihardugu, eta hantxe beteko da profetek Gizonaren Semeaz idatzi daben guztia. 32 Izan ere, atzerritarren eskuetara emongo dabe, eta irain eta iseka egingo deutsoe eta txistua botako, 33 eta, zigorkatu ondoren, hil egingo dabe; baina hirugarren egunean biztu egingo da».
34 Hareek, ordea, ez eben ezertxo ere ulertu; haren hizkerea ilun gertatzen jaken eta ez ekien zer esan nahi eutsen.
Jesusek itsua osatu Jerikon
(Mt 20,29-34; Mk 10,46-52)
35 Jesus Jerikora hurreratzen egoala, itsu bat eskean egoan bide-ertzean jesarrita. 36 Jendea igaroten sumaturik, zer gertatzen zan galdetu eban. 37 Jesus Nazaretarra igaroten zala jakinazo eutsoen. 38 Orduan, deiadarka hasi zan:
—Jesus, Daviden Semea, erruki zakidaz!
39 Aurretik joiazanek gogor egiten eutsoen, isildu eiten; baina harek ozenago oihu:
—Daviden Semea, erruki zakidaz!
40 Jesusek, gelditurik, beragana ekarteko agindu eban. Hurreratu zanean, galdetu eutson:
41—Zer nahi dozu nigandik?
Harek erantzun:
—Barriro ikustea, Jauna!
42 Jesusek esan eutson:
—Ikusi, ba; zeure sinismenak osatu zaitu.
43 Bat-batean, ikusmena etorri jakon barriro, eta Jesusen ondoren joan zan, Jainkoa goretsiz. Eta herri osoak, jazotakoa ikusirik, Jainkoa goratu eban.