Itxurazalekeriaren aurka
(Mt 10,26-27)
12,1 Bitartean, milaka eta milaka lagun batu zan, alkar zapaldu beharrean. Jesus hitz egiten hasi jaken: «Ibili kontuz fariseuen legaminagaz*, hau da, itxurazalekeriagaz. 2 Ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ez eta ezer ezkutuan ere jakingo ez danik. 3 Gau-ilunez esan dozuena egun-argiz entzungo da-ta, eta etxe-zuloan belarrira esan dozuena etxe gainetik iragarriko da.
Jainkoaren Erreinua, dohai eta exijentzia (12,4—19,27)
Nori izan bildur?
(Mt 10,28-31)
4 «Entzun zuek, nire adiskideok. Ez izan bildurrik gorputza hil bai, baina hortik aurrera ezer egiterik ez daukenei. 5 Esango deutsuet nori izan bildur: Izan bildur hilteko eta ondoren infernura botateko ahalmena daukanari. Bai, izan bildur horri! 6 Ez ete dira bost txori txanpon bian saltzen? Halan ere, hareetako bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik. 7 Zuen buruko uleak ere danak daukaz zenbatuak Jainkoak. Ez izan bildur: txori guztiek baino gehiago balio dozue.
Jendearen aurrean Jesus autortu
(Mt 10,32-33; 12,32; 10,19-20)
8 «Egia esan, jendearen aurrean autortzen nauana autortuko dau Gizonaren Semeak ere Jainkoaren aingeruen aurrean; 9 baina jendearen aurrean ukatzen nauana ukatu egingo dabe Jainkoaren aingeruen aurrean. 10 Gizonaren Semearen kontra ezer esaten dauanari, parkatuko deutso Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra birao* egiten dauanari, ez deutso parkatuko.
11 «Sinagogetara eta buruzagien eta agintarien aurrera eroango zaitueenean, ez egon kezkatan zelan egin edo zer esan zeuen alde, 12 Espiritu Santuak adierazoko deutsue-ta une haretan bertan zer esan behar dozuen».
Aberats kokoloaren parabolea
13 Behin baten, jende arteko batek esan eutson Jesusi:
—Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nigaz erdibanatzeko.
14 Jesusek erantzun eutson:
—Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?
15 Orduan, guztiei esan eutsen:
—Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez deutsoe-ta inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.
16 Gero, parabola hau* kontatu eutsen: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia emon eutson. 17 Eta honela hasi zan bere buruagaz pentsatzen: ‘Zer egin, ez daukat-eta uzta non jasorik?’ 18 Eta beretzat esan eban: ‘Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo dodaz eta euretan jasoko nire garia eta gainerakoak. 19 Gero, esango deutsot nire buruari: Ea, mutil, badaukak hor gordeta urteetarako nahiko ondasun; hartu atseden, jan, edan eta bizi izan hadi lasai’. 20 Baina Jainkoak esan eutson: ‘Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar dozu. Norentzat izango da pilatu dozuna?’»
21 Eta honela amaitu eban: «Horra zer gertatzen jakon, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dauzanari».
Zertaz arduratu?
(Mt 6,25-34)
22 Ondoren, bere ikasleei esan eutsen Jesusek: «Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu bizi izateko zer jango, edota gorputza zerez jantziko. 23 Izan ere, bizia janaria baino gehiago da, eta gorputza jantzia baino gehiago. 24 Begira belei: ez dabe ereiten, ez uztarik batzen; ez dabe behitegirik, ez mandiorik; hala ere, Jainkoak janaritzen dauz. Zenbat gehiago ez ete dozue balio zuek hegaztiek baino! 25 Asko arduratu arren, zuetako nork luzatu leike bizitza apurtxo bat ere? 26 Beraz, gauzarik txikiena ere ezin badozue, zertan kezkatu gainerakoaz? 27 Begira zelan hazten diran lorak: ez dira lanean aspertzen, ez dabe goruetan egiten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zan janzten horreetako baten pare. 28 Beraz, gaur landan dagoan eta bihar sutan erreko dan bedarra Jainkoak horrela janzten badau, zenbat gehiago ez ete zaitue jantziko zuek, sinismen gitxikook?
29 «Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila. 30 Fedebakoak* arduratzen dira guztiotaz; baina zuen Aitak badaki horren beharra dozuena. 31 Arduratu zaiteze, ostera, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emongo deutsue Jainkoak. 32 Ez izan bildur, ene artaldetxo hori, atsegin izan dau-ta zuen Aitak zuen alde errege izatea.
33 «Saldu zuen ondasunak eta emon limosna. Pilatu eizuez zeruan hondatuko ez diran ondasunak*, huts egingo ez deutsueen aberastasunak, hara ez da-ta lapurrik hurreratzen, ez eta han sitsak jaten ere. 34 Zuen aberastasuna non, zuen bihotza hantxe dago-ta.
Morroi erneak
(Mt 24,43-51)
35 «Zagoze prest, jantziak loturik eta kriseiluak bizturik; 36 izan zaiteze nagusia ezteguetatik bihurtu zain dagozan morroiak lez, heldu eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dagozan morroiak lez. 37 Zorionekoak morroi horreik, nagusiak, heltzean, zain aurkitzen badauz. Benetan dinotsuet: Arropak aldaturik, mahaian jesarriazoko dauz eta zerbitzen hasiko jake. 38 Eta gauerdian edo goizaldera badator eta horrela aurkitzen badauz, zorionekoak hareik!
39 «Gogoan hartu hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, ez leuke etxea zulatzen itziko. 40 Egon prest zuek ere, gitxien uste dozuen orduan etorriko da-ta Gizonaren Semea».
41 Pedrok galdetu eutson: «Jauna, guretzat ala danentzat esan dozu parabola hau?»
42 Jaunak esan eban: «Izan zaiteze etxezain leial eta zentzuduna lez, nagusiak bere orduan otordua banatzeko morroien buru ipini dauana lez. 43 Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau! 44 Benetan dinotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko dau. 45 Baina morroia, nagusiak luzatu egingo daualakoan, morroi eta neskameak joten, jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, 46 gitxien uste dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko deutso, eta desleialek merezi daben zoria emongo. 47 Nagusiaren gogoa zein dan jakin arren, gauzak harek nahi lez eratzen edo egiten ez dauzan morroiak zigor zorrotza izango dau; 48 nagusiaren gogoa zein dan jakin barik, zigorra merezi dauan zeozer egiten dauanak, barriz, biguna. Asko emon jakonari, asko eskatuko jako; askoren kargua emon jakonari, kontu handiagoa eskatuko jako.
Jesusek banaketea sortu
(Mt 10,34-36)
49 «Lurrean sua jartera etorri naz, eta nahiago neuke dagoaneko biztuta balego! 50 Heriotza-uretan murgildu* behar dot, eta hau nire larria hori bete arte!
51 «Munduari bakea emotera etorri nazala uste dozue? Egia esan, bakea ez, banaketea baino. 52 Hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak, alkarregaz banaturik egongo dira-ta: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; 53 aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabearen kontra eta alabea amaren kontra, amaginarrebea errainaren kontra eta erraina amaginarrebearen kontra».
Garaien ezaugarriak sumatzen jakin
(Mt 16,2-3)
54 Jesusek hau ere esan eutson jendeari: «Sartaldean lainoa ikusten dozueneko, ‘Euria dator’ esaten dozue, eta halan gertatzen da. 55 Hego-haizea danean, barriz, ‘Sargoria dogu’ esaten dozue, eta hala gertatzen da. 56 Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxureari igarten, eta zelan ez deutsozue sumatzen garai honi?
Bakezkoak garaiz egin
(Mt 5,25-26)
57 «Zergaitik ez dozue zeuen kabuz erabagiten zuzen dana? 58 Esate baterako, etsaiagaz auzitegira zoazala, ahalegindu zaitez bidean haregaz konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eroango zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan jarriko eta ertzainak kartzelara botako. 59 Egia esan, ez dozu handik urtengo azken semeikoa ordaindu arte».