Jesusek lege-maisuak eta fariseuak salatu
(Mk 12,38-40; Lk 11,37-52; 20,45-47)
23,1 Holantxe egin eutsen berba Jesusek jendetzeari eta ikasleei: 2 «Lege-maisuek eta fariseuek Moisesen irakatsiak adierazteko eginkizuna dabe*. 3 Ahalegindu zaitezte, ba, hareek esaten deutsueen guztia beteten; baina ez egin egiten dabena; esan, esaten dabe-ta, baina egiten ez. 4 Zama astunak lotu eta besteei leporatzen deutseez, baina eurek ez dabe atzamar bat ere mugitu nahi. 5 Egiten daben guztia, jendeak ikusteagaitik egiten dabe; larrutxa zabalak jarten dabez bekokian eta borlatxo luzeak* jantzietan; 6 gogoko dabez jai-otorduetan mahaiburuak eta sinagogetan lehen aurkiak; 7 gogoko dabe plazetan jendeak agur egitea eta guztiek ‘maisu’ deitzea. 8 Zuek, barriz, ez itzi inori zuei ‘maisu’ deitzen, bat bakarra da-ta zuen maisua, eta zuek danak senide zaree-eta. 9 Eta ez deitu lurrean inori ‘aita’, bat bakarra da-ta zuen aita, zerukoa. 10 Eta ez itzi ‘gidari’ deitzen ere, bat bakarra da-ta zuen gidaria, Mesias. 11 Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari. 12 Bere burua goratzen dauana, beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana, goratu.
13 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok, jendeari Jainkoaren erreinuko sarrerea ixten deutsozuenok! Zeuek ez zaree sartzen eta sartu nahi leukeenei ez deutsezue sartzen izten. ( 14 *).
15 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Nonor judubarri* egiteagaitik itsaso eta lehor zabize, eta egin dozuenean, infernurako zeuek baino gaituago bihurtzen dozue!
16 «Ai zuek, gidari itsuok! Halan irakasten dozue: ‘Tenpluagaitik zin egiteak ez dau baliorik; tenpluko urreagaitik zin egiteak, barriz, behartu egiten dau’. 17 Zoro itsuok halakook! Zer da handiago, urrea ala urrea sagaratzen dauan tenplua? 18 Beste hau ere irakasten dozue: ‘Aldareagaitik zin egiteak ez dau baliorik; aldare gaineko opariagaitik zin egiteak, barriz, behartu egiten dau’. 19 Itsuok halakook! Zer da handiago: oparia ala oparia sagaratzen dauan aldarea? 20 Aldareagaitik zin egiten dauanak, aldareagaitik eta gainean dagoen guztiagaitik egiten dau zin; 21 tenpluagaitik zin egiten dauanak, tenpluagaitik eta bertan bizi dan Jainkoagaitik egiten dau zin; 22 zeruagaitik zin egiten dauanak, Jainkoaren tronuagaitik eta bertan jesarten danagaitik egiten dau zin.
23 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Barazkirik kaxkarrenen* hamarrenak ordaintzen dozuez, eta legeko gauzarik garrantzizkoenak, barriz, zuzenbidea, errukia eta leialtasuna, bazterrera izten. Honeixek bete behar zeukeez, hareik baztertu barik! 24 Gidari itsuok! Eltxoa iresten dozue eta gamelua irunsten!
25 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dozuez, barrutik lapurretaz eta nahikeriaz gainezka dagozan bitartean! 26 Fariseu itsu hori! Garbitu eizu edalontzia lehenengo barrutik, kanpotik ere garbi gelditu dadin.
27 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zaree: kanpotik itxura ederrekoak dira, baina barrutik hil-hazurrez eta ustelkeriaz beteak. 28 Bardin zuek: azaletik zintzoak jendaurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak.
29 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eraikitzen eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dozuez, 30 esanez: ‘Gure arbasoen sasoian bizi izan bagina, ez geuken profeten hilketan hareekaz parterik izango’. 31 Holan, zeuek autortzen dozue profetak hil ebezanen ondorengo zareela. 32 Bete eizue, ba, zeuen gurasoen egintza gaiztoen neurria!
33 «Sugeok, sugegorri kumeok! Zelan egingo deutsozue ihes infernuko zigorrari? 34 Hor bialdu deutsuedaz nik profetak, jakintsuak eta lege-maisuak, eta zuek batzuk hil eta kurutzuntzatu, besteak sinagogetan zigortu eta herririk herri erasoka erabiliko dituzue. 35 Holan, zeuen kontu ezarriko da lurrean isuria izan dan errugabe guztien odolaren errua: hasi Abel zintzoaren odoletik, eta santutegitik altarara bitartean hil zenduen Barakiasen seme Zakariasen* odoleraino. 36 Benetan dinotsuet: Gizaldi honexi emongo jako horren guztiaren zigorra.
Jesus Jerusalemegaitik aieneka
(Lk 13,34-35)
37 «Jerusalem, Jerusalem, profetak hilten eta Jainkoak zuri bialduak harrikatzen dozuzana! Zenbat bider ez dodaz batu nahi izan zure seme-alabak, oiloak txitak hegalpean batzen dauzan lez, eta zuek ez dozue nahi izan. 38 Horra ba, hutsik geldituko jatzue etxea. 39 Eta badinotsuet ez nozuela ikusiko, harik eta hau esango dozuen arte: Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»