Elbarria larunbatez osatua
(Mt 12,9-14; Lk 6,6-11)
3,1 Beste behin, Jesus sinagogara joan zan. Bazan han besoa elbarri eukan gizon bat. 2 Zelatan egokozan ea zapatuz osatzen ete eban, zertan salatuko ebiltzan-eta. 3 Jesusek beso-elbarriari esan eutson:
—Jagi eta zatoz hona erdira.
4 Eta besteei, barriz:
—Zapatuz zer dogu legezko, on egitea ala txar egitea, bizia salbatzea ala kentzea?
Hareek, ostera, isilik. 5 Jesusek, inguruko guztiei haserre begiraturik eta euren setakeriaz mindurik, honela esan eutson gizonari:
—Luzatu beso hori.
Harek luzatu, eta osatu egin jakon.
6 Handik urten ebaneko, fariseuek Herodesen alderdikoekaz alkar hartu eben Jesusen kontra, zelan hilgo.
Jainkoaren erreinuko familia berria (3,7-35)
Jesusi jende-taldea bildu
(Mt 4,25; 12,15-16; Lk 6,17-19)
7 Jesus aintzira-bazterrera joan zan bere ikasleekin. Galileatik etorritako jendetza handiak jarraitu eutson. 8 Eta berak egiten ebazanak entzunik, Judea, Jerusalem, Idumea, Jordanez beste alde eta Tiro eta Sidon aldetik ere jende-talde handia batu jakon. 9 Harek txalupa prest eukiteko agindu eutsen ikasleei, hainbeste jenderen artean zapaldu ez eien. 10 Izan ere, asko ebazan osatuak, eta gatxen bat eben guztiak gainera etorkozan ikutu nahiez. 11 Espiritu gaiztoek, ikusten ebeneko, haren oinetara jausi eta ozenki esaten eutsoen: «Jainkoaren Semea zara zu».
12 Harek, ordea, zorrotz agintzen eutsen, ez eiela ezagutzera emon.
Jesusek Hamabiak izendatu
(Mt 10,1-4; Lk 6,12-16)
13 Gero, mendira igon eban, eta berak nahi ebazanei dei egin eutsen. Eta hareik hurreratu egin jakozan. 14 Hamabi izendatu ebazan, beragaz bizi izateko eta barriona iragartera bialtzeko, 15 deabruak botateko ahalmena emonez. 16 Hamabi honeexek izendatu ebazan: Simon —honi Pedro izena jarri eutson—, 17 Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia —honei Boanerges izena jarri eutsen, hau da, «Trumoikume»—, 18 Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon Zelote 19 eta Judas Iskariote, Jesus saldu ebana.
Jesus eta Beeltzebul
(Mt 12,22-32; Lk 11,14-23; 12,10)
20 Jesus etxera bihurtu zan. Barriro ere jendetza handia batu zan, eta ezin eben otordurik ere egin Jesusek eta ikasleek. 21 Jesusen senitartekoak, jakin ebenean, hartu eta eroateko asmotan etorri ziran, burutik egina egoala uste eben-eta.
22 Jerusalemdik jatsitako lege-maisuek, barriz, zera inoen: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botaten ditu deabruak». 23 Etorriazo ebazan Jesusek, eta parabola honeexek zuzendu eutsezan: «Zelan bota daike Satanasek Satanas? 24 Bere barruan zatiturik dagoan erreinuak ezin dau iraun. 25 Bere barruan zatiturik dagoan familiak ezin dau iraun. 26 Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jagi eta zatiturik badago, ezin dau iraun; harenak egin dau. 27 Ezin daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara joan, aldez aurretik ha lotzen ez badau; orduan bai, harrapatu daikez haren etxeko ondasunak. 28 Benetan dinotsuet: dana parkatuko deutse Jainkoak gizakiei, pekatuak eta egin leikeezan birao guztiak; 29 baina Espiritu Santuaren kontra birao egiten dauanak ez dau inoiz parkamenik izango: errudun izango da betiko».
30 Espiritu gaiztoa eukala inotsoenei erantzun eutsen hau.
Jesusen egiazko familia
(Mt 12,46-50; Lk 8,19-21)
31 Jesusen ama eta anaiarrebak heldu ziran. Kanpoan gelditurik, deituazo egin eben. 32 Jende asko egoan haren inguruan jesarrita, eta esan eutsoen:
—Aizu, ama eta anai-arrebak kanpoan dozuz zeure bila.
33 Harek erantzun:
—Nor dira nire ama eta nire anai-arrebak?
34 Eta, inguruan jesarrita eukazanei begiratuz, esan eban:
—Honeexek dodaz nik ama eta anai-arreba. 35 Jainkoaren nahia egiten dauana, horixe dot nik anaia, arreba eta ama.