Mahasti-langileen parabolea
20,1 «Izan ere, Jainkoaren erregetzeagaz mahasti-nagusiagaz lez gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila urten eban. 2 Eguneko lanaren ordainetan zidarrezko txanpon* bana emoteko tratua egin ondoren, mahastira bialdu ebazan langileak.
3 «Goizeko bederatzirak aldera barriro urten eban eta, beste batzuk enparantzan lanaren zain ikusirik, 4 esan eutsen: ‘Zoaze zuek ere nire mahastira, eta ordainduko deutsuet bidezko dana’. 5 Eta hareik ere joan egin ziran.
«Urten eban barriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin eban.
6 «Arratsaldeko bostak aldera ere urten eban eta, bertan batzuk geldi aurkiturik, esan eutsen: ‘Zertan zagoze hemen egun osoan lanik egin barik?’ 7 Erantzun eutsoen: ‘Ez gaitu inork lanerako hartu’. Harek, orduan: ‘Zoaze zuek ere nire mahastira’.
8 «Iluntzean, nagusiak mahastiko arduradunari esan eutson: ‘Deitu langileei, eta emoiozu bakotxari bere soldatea, azkenengotik hasi eta lehenengora’.
9 «Etorri ziran, ba, arratsaldeko bostetakoak, eta zidarrezko txanpon bana jaso eben. 10 Lehenengo ordukoek, txandea heldu jakenean, besteek baino gehiago jasoko ebela uste eben; baina hareek ere zidarrezko txanpon bana jaso eben.
11 «Orduan, nagusiagaitik txarto-esaka hasi ziran; eta esan eutsoen berari: 12 ‘Azkenengo honeek ez dabe ordu bete besterik lan egin eta guri adina ordaindu deutsezu, egun osoko nekea eta beroa jasan ditugunoi adina!’ 13 Baina nagusiak erantzun eutson hareetako bati: ‘Adiskide, ez deutsut bidegabekeriarik egiten; ez dogu tratua zidarrezko txanpon baten egin? 14 Hartu jagotzuna eta zoaz; zuri adina emon nahi deutsot azkenengo honi ere. 15 Ezin ete dot neure diruaz nahi dodana egin? Ala ni ona nazalako ezinikusia deustazu?’
16 «Holan, azkenengoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkenengo».
Jesusek nekaldi-biztuerak hirugarrenez iragarri
(Mk 10,32-34; Lk 18,31-34)
17 Jerusalemera igoten ziharduala, Jesusek hamabi ikasleak aparte hartu eta esan eutsen bidean: 18 «Hara, Jerusalemera igoten dihardugu, eta Gizonaren Semea abadeburuen eta lege-maisuen eskuetara emongo dabe; heriotzara kondenatuko dabe 19 eta atzerritarren eskuetara emongo, haren lepotik barre egiteko, zigortu eta kurutzean josi daien; baina hirugarren egunean biztu egingo da».
Zebedeoren semeen handigurea
(Mk 10,35-40)
20 Zebedeoren emaztea bere semeekaz Jesusi hurreratu eta aurrean ahozpeztu jakon eskabide bat egiteko. 21 Jesusek galdetu eutson:
—Zer gura dozu?
Eta harek:
—Agindu eizu nire seme biok, zu errege izatean, bata zure eskoian eta bestea ezkerrean jarri daitezala.
22 Jesusek erantzun:
—Ez dakizue zer eskatzen diharduzuen. Gauza zaree nik edan behar dodan edari saminetik* edateko?
—Bai, gauza gara —esan eutsoen.
23 Jesusek, orduan:
—Nire edari saminetik edan bai, edango dozue; baina nire eskoi-ezkerretan jesarri ahal izate hori ez dago nire esku inori emotea; nire Aitak norentzat prestatua dauan, harexi emongo jako.
Zerbitzua ikasleen lege
(Mk 10,41-45; Lk 22,24-27)
24 Beste hamarrak, hori entzutean, anaia bien aurka hasarre jarri ziran. 25 Baina Jesusek dei egin eta esan eutsen: «Badakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dabez herriak, eta handikiek euren agintea ezartzen deutsee. 26 Zuen artean, barriz, ez dau horrela izan behar. Zuen artean handien izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari. 27 Eta zuen artean lehenengo izan gura dauana izan bedi guztion morroi. 28 Gizonaren Semea lez: ha ez da etorri zerbitzuak hartzera, zerbitzari izatera baino, bere bizia guztien alde ordain-saritzat emotera».
Jesusek itsu bi osatu Jerikon
(Mk 10,46-52; Lk 18,35-43)
29 Hareek Jerikotik urteten ziharduela, jendetza handia joian Jesusen ondoren. 30 Bide-ertzean jesarrita egozan itsu bi, Jesus igaroten zala entzunik, oihuka hasi ziran:
—Erruki zakiguz, Jauna, Daviden Semea!
31 Jendeak gogor egiten eutsen, isilduazoteko; baina hareek errimeago:
—Erruki zakiguz, Jauna, Daviden Semea!
32 Gelditu zan Jesus, dei egin eta esan eutsen:
—Zer gura dozue nigandik?
33 Hareek erantzun:
—Begiak zabaltzea, Jauna!
34 Jesusek, errukiturik, begiak ikutu eutsezan, eta une berean ikusmena etorri jaken barriro. Eta Jesusen ondoren joan ziran.