Otoitza. «Gure Aita»
(Mt 6,9-15; 7,7-11)
11,1 Behin baten, Jesusek otoitzean ziharduan toki baten; amaitu ebanean, bere ikasleetako batek esan eutson: «Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten, Joanek* bere ikasleei irakatsi eutsen lez».
2 Jesusek esan eutsen: «Otoitz egitean, esaizue*:
«Aita,
agertu santu zure izena,
etorriazo zeure erregetzea;
3 emoiguzu egunean eguneko ogia,
4 eta parkatu gure pekatuak,
guk ere zor deuskuen guztiei parkatzen deutsegu-ta,
eta ez itzi gu tentaldian jausten».
5 Gero, esan eutsen: «emon daigun zuetako batek adiskide bat daukala eta gauerdian jatorkola, esanez: ‘Adiskide, emoidazak hiru ogi, bihurtuko deuadaz-eta; 6 lagun bat etorri jatak bidaian eta ez jeukat ezer eskeintzeko’. 7 Emon daigun besteak barrutik erantzuten deutsola: ‘Itzi nagik bakean, atea itxia jagok eta umeak eta ni oheratuak; ezin naitekek emotera jagi’. 8 Hona nik esan: Adiskidea daualako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jagi eta emon egingo deutso behar dauana.
9 «Hauxe esaten deutsuet, beraz: Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko jatzue. 10 Eskatzen dauanak hartu egiten dau-ta, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea joten dauanari zabaldu egiten jako-ta.
11 «Ba ete da zuen artean aitarik, semeak* arraina eskatu eta arrainaren ordez sugea emongo deutsonik? 12 Edo arrautzea eskatu eta eskorpioia emongo deutsonik? 13 Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat gehiago ez deutse zeruko zuen Aitak Espiritu Santua* emongo eskatzen deutsoenei?»
Jesus eta kontrakoak:
Judaismoa gainditurik (11,14—12,3)
Jesus eta Beeltzebul
(Mt 12,22-30; Mk 3,22-27)
14 Behin baten, gizon bat mututurik eukan deabrua* botaten ziharduan Jesusek. Deabruak urtetean, mutua berbetan hasi zan, eta jendea harriturik gelditu zan. 15 Baina, batzuk bainotsoen: «Deabruen buruzagi dan Beeltzebulen indarrez botaten ditu honek deabruak». 16 Beste batzuk, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen. 17 Igarri eutsezan Jesusek euren burutazinoak eta esan eutsen: «Bere barruan zatiturik dagoan erreinua errauts bihurtuko da eta etxea etxearen gainera jausiko. 18 Izan ere, Satanas ere bere barruan zatiturik badago, zelan iraun daike haren erreinuak? Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten dodazala dinozue-ta zuek. 19 Baina nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten badodaz, noren indarrez botaten dabez zuen ikasleek? Horregaitik, zeuen ikasleak izango dozuez epaile. 20 Deabruak Jainkoaren indarrez* botaten badodaz, ostera, argi dago Jainkoa zuen artean errege izaten hasia dala.
21 «Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen dauan bitartean, seguru daukaz bere ondasunak. 22 Baina indartsuago batek eraso eta menperatzen badau, segurantzea emoten eutsoen armak kendu eta hari harrapatutako gauzak banatu egingo dauz.
23 «Nire alde ez dagoana nire kontra dago, eta nigaz batzen ez dauanak sakabanatzen dihardu.
Espiritu gaiztoaren bihurtzea
(Mt 12,43-45)
24 «Espiritu gaiztoa, nonogandik urten ondoren, leku idorretan barru ibilten da atseden bila; baina, aurkitzen ez dauala-ta, bere buruari esaten deutso: ‘Noan barriro, urten nebaneko neure etxera’. 25 Heltzean, etxea garbituta eta apainduta aurkitzen dau. 26 Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen dauz, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jarten da bizi izaten; holan, pertsona horren azken egoerea lehengoa baino okerragoa gertatzen da».
Egiazko zoriona
27 Jesusek gauza honeik esaten ziharduala, emakume batek jendartetik deiadarka esan eutson:
—Zorionekoa sabelean eroan zinduzan eta bularra emon eutsun emakumea!
28 Baina Jesusek esan eban:
—Hobeto esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta beteten dabenak!
Gizonaren Semearen seinalea
(Mt 12,38-42; Mk 8,12)
29 Jende asko batzen ebilkola, Jesus holan hasi jaken: «Gizaldi hau gaiztoa da; mirarizko seinale eske dabil, baina ez jako seinalerik emongo, Jonas profetearena baino. 30 Jonas ninivetarrentzat seinale gertatu zan lez, hala gertatuko da-ta Gizonaren Semea ere gizaldi honentzat. 31 Hegoaldeko erregineak auzi-egunean gizaldi honetako jendearen kontra jagi eta kondenatu egingo dau, munduaren bazterretik etorri zan-eta Salomonen jakituriazko hitzak entzutera, eta badozue hemen Salomon baino handiago dan bat. 32 Ninivetarrek ere auzi-egunean gizaldi honen kontra jagi eta kondenatu egingo dabe, eurek bihozbarritu egin ziran-eta Jonasen predikuaz, eta badozue hemen Jonas baino handiago dan bat.
Barruko argia
(Mt 5,15; 6,22-23; Mk 4,21)
33 «Inork ez dau kriseilua bizten eta ezkutuan edo ontzipean* ipinten, argi-mutilaren gainean baino, sartzen diranek argia ikus daien. 34 Begia dozu gorputzari argi egiten deutson kriseilua. Begia onik dozunean, zure gorputz osoa ere argitan dabil. Begia gaixo dozunean, ostera, zure gorputz osoa ere ilunpetan dabil. 35 Begira, ba, zure barruan argi behar leukeana ez dadin ilun gertatu. 36 Beraz, goitik beheraino argitan bazagoz, inongo ilunperik barik, kriseiluak bere distiraz argitzen zaituenean lez zara argitsu».
Jesusek lege-maisuak eta fariseuak salatu
(20,45-47; Mt 23,1-36; Mk 12,38-40)
37 Jesusek hitzaldia amaitu ebanean, fariseu batek bere etxean bazkaltzera gonbidatu eban. Jesus sartu eta mahaian jarri zan. 38 Fariseua harriturik gelditu zan bazkal aurretik eskuen garbikuntzarik* ez ebala egin ikustean. 39 Orduan, Jaunak esan eutson: «Zuek, fariseuok, edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dozuez, zeuek barrutik lapurretaz eta txarkeriaz beterik zagozen artean! 40 Burugabeok halakook! Ez ete dau kanpokoa egin ebanak berak egin barrua ere? 41 Hobe zeukee daukazuena* limosnatzat emongo bazendue! Holan, gauza guztiak garbiak izango lirateke zuentzat.
42 «Ai zuek, fariseuok! Ortuari kaxkarrenen* hamarrenak ordaintzen dozuez, eta zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna, barriz, alde batera izten. Honeik bete behar izango zeukeez, hareik itzi barik. 43 Ai zuek, fariseuok! Sinagogetan lehenengo aulkiak eta plazetan jendearen agurrak maite dozuez. 44 Ai zuek! Ikusten ez diran hilobiak lez zaree, jendea oharkabean hareen gainetik dabil-eta*».
45 Orduan, lege-maisu batek esan eutson:
—Maisu, horrela hitz eginez, guri ere irain egiten deuskuzu.
46 Jesusek erantzun eutson:
—Ai zuek ere, lege-maisuok! Eroan-ezineko zamak leporatzen deutsezuez besteei, eta zeuek atzamar batez ere ikutu ez.
47 «Ai zuek, zeuen gurasoek hildako profetei hilarriak jasoten deutsezuezanok. 48 Holan, gurasoek egindakoagaz bat zatozela autortzen dozue; hareek hil egin ebezan profetak, eta zuek hilarriak jasoten deutsezuez. 49 Zeozergaitik esan eban Jainkoak bere jakindurian: ‘Profetak eta apostoluak bialduko deutsedaz eta batzuk hil eta besteak erasoka erabiliko dabez’. 50 Baina Jainkoak, munduaren hasieratik isuri dan profeta guztien odolaren kontuak, eskatuko deutsoz gizaldi honi: 51 hasi Abelen odoletik, eta aldaretik santutegira bitartean hil zan Zakariasen* odoleraino. Bai, egia esan, gizaldi honexi eskatuko deutsoz kontuak Jainkoak.
52 «Ai zuek, lege-maisuok, jakintzaren ateko giltzaren jabe egin zareenok. Zeuek ez zaree sartu eta sartu nahi ebenei ez deutsezue sartzen itzi».
53 Handik urten ebanean, gupidarik barik eraso eutsoen lege-maisuek eta fariseuek, handik eta hemendik galdezka, 54 ea erantzun okerren baten harrapatzen eben.