Etxezain argiaren parabolea
16,1 Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat eukan, eta honek ondasunak alperrik galtzen eutsozala salatu eutsoen.
2 «Deitu eutson eta esan: ‘Zer da zutaz entzun dodan hori? Emoidazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta’.
3 «Honela inoan, orduan, etxezainak bere barruan: ‘Zer egin behar dot orain, nagusiak kargua kentzen deustan ezkero? Atxurrerako ez naz gauza, eta eskerako lotsa naz. 4 Badakit zer egin, kargutik botaten nauan honetan etxean nork hartu izan daidan’.
5 «Deitu ebazan bere nagusiaren zordunak banan-banan, eta lehenengoari galdetu eutson: ‘Zenbat zor deutsozu nire nagusiari?’ 6 Harek erantzun: ‘Ehun upel orio’. Etxezainak esan eutson: ‘Hona zure ordain-agiria; agudo, jesarri eta idatzi berrogeita hamar’.
7 «Gero, hurrengoari galdetu eutson: ‘Zuk zenbat zor deutsozu?’ Harek erantzun: ‘Ehun anega gari’. Eta besteak, orduan: ‘Hona zure ordain-agiria; idatzi larogei’.
8 «Eta nagusiak txalotu egin eban etxezain zuzengabe ha, zuhur jokatu ebalako. Izan ere, mundukoak zuhurragoak dira euren arteko arazoetan, argitakoak* eurenetan baino.
Bidebako dirua eta egiazko ondasuna
(Mt 6,24)
9 «Beraz, hauxe ere badinotsuet nik: Irabazi eizuez adiskideak bidebako diruaren bidez; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuetan hartuko zaitue Jainkoak*.
10 «Gauza txikietan fidagarria handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan bidegabea, handietan ere bidegabea. 11 Bidebako dirua erabilten fidatzekoak izan ez bazaree, nork itzi zuen esku egiazko ondasuna? 12 Zeuena ez dozuen aberastasunagaz fidatzekoak izan ez bazaree, nork emon benetan dagokizuena*?
13 «Ez da morroirik nagusi bi zerbitzatu daikezanik; izan ere, batari gorroto izango deutso eta bestea maite izango dau, edota batari men egingo deutso eta bestea begitan hartuko dau. Ezin zaitekeze Jainkoaren eta diruaren morroi izan».
14 Entzun eben hau guztia fariseu diruzaleek, eta barre egiten eutsoen Jesusi. 15 Honek esan eutsen: «Zuek zeuen buruak zintzo azaltzen dozuez jendearen aurrean, baina ezagutzen dau Jainkoak zuen barrua; izan ere, gizakiak baliotsutzat daukana, Jainkoarentzat gaitzesgarri da.
Legea eta Jainkoaren erregetzea
(Mt 11,12-13; 5,18)
16 «Moisesen legearen eta profeten garaia Joan Bataiatzaileagaz amaitu da; ordutik, Jainkoaren erregetzearen barriona adierazten da, eta danek indar egiten dabe bertan sartzeko*.
17 «Errezago da zeru-lurrak desagertzea, legearen zeinurik txikiena ere huts gertatzea baino.
Adulterioaz
(Mt 5,32; 19,9; Mk 10,11-12)
18 «Emaztea itzi eta beste bategaz ezkontzen danak adulterio egiten dau; eta senarrak itzitako emakume bategaz ezkontzen danak adulterio egiten dau.
Aberatsa eta Lazaro
19 «Bazan gizon aberats bat, purpuraz eta lino finez janzten zana eta egunero jai-otordu ederrak egiten ebazana. 20 Bazan Lazaro izeneko eskale bat ere, haren ate ondoan egoten zana; zauriz josita egoan. 21 Pozik ere jango eukean aberatsaren mahaitik lurrera botaten ebena. Txakurrek ere etorri eta zauriak miazkatzen eutsoezan.
22 «Hil zan eskalea, eta Abrahamen ondora* eroan eben aingeruek; hil zan aberatsa ere, eta lur emon eutsoen. 23 Hilen Egoitzan* oinazetan egoala, begiak jaso eta Abraham ikusi eban urrunean, eta Lazaro haren ondoan. 24 Orduan, deiadar egin eutson: ‘Aita Abraham, erruki nitaz; bialdu eizu Lazaro atzamar-muturra uretan busti eta niri mihina freskatzera, kiskaltzen nago-ta sugar honeetan’. 25 Baina, Abrahamek erantzun eutson: ‘Seme, gogoratu zuk zorion ugari izan zendula bizitzan; Lazarok, barriz, zoritxarrak; orain, harek atsegina aurkitu dau hemen, eta zuk oinazeak. 26 Horrez gainera, leize handi bat dago zuen eta gure artean; nahita ere, ez dauka inork hemendik zuengana igaroterik, ez eta hortik guregana ere’.
27 «Aberatsak, barriro: ‘Orduan, aita Abraham, bialdu eizu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, 28 bost anaia ditut eta; jarri daizala jakinaren gain, eurek ere oinaze-toki honetara etorri ez daitezan’. 29 Abrahamek erantzun eutson: ‘Hor dabez Moises eta profetak*: entzun deieela’. 30 Harek, oraindik: ‘Ez, aita Abraham; hildakoren bat joaten bajake, orduan bai bihozbarrituko dirala’. 31 Baina Abrahamek erantzun eutson: ‘Moisesi eta profetei entzuten ez badeutsee, hildakoren bat biztuta ere, ez dabe kasurik egingo’».