Jesus eta Aita
14,1 «Ez izan kezkarik: sinistu Jainkoagan eta sinistu nigan ere. 2 Nire Aitarenean toki asko dago; horrela ez balitz, esango neutsuen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa*. 3 Joan eta tokia prestatu ondoren, barriro etorri eta neugaz eroango zaituet, ni nagoen lekuan zeuek ere egon zaitezen. 4 Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
5 Tomasek esan eutson:
—Jauna, ez dakigu nora zoazan; zelan jakin bidea?
6 Jesusek erantzun:
—Neu naz bidea, egia eta bizia*. Ezin da inor Aitagana joan neure bidez izan ezik. 7 Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zeukee. Gehiago oraindino, ezagutzen dozue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi dozue.
8 Orduan, Felipek esan eutson:
—Jauna, erakutsi eiguzu Aita, eta nahikoa dogu.
9 Jesusek erantzun:
—Honenbeste denboran zuekaz, Felipe, eta ez nozu ezagutzen? Ni ikusten nauanak Aita ere ikusten dau. Zelan dinozu: «Erakutsi eiguzu Aita?» 10 Ez dozu sinisten ni Aitagaz bat eginda nagoala eta Aita nigaz? Nik irakatsi deutsuedana ez deutsuet neure kabuz irakatsi. Nigan bizi dan Aita da bere salbamen-egintza burutzen diharduana. 11 Sinistu eidazue: ni Aitagaz bat eginda nago eta Aita nigaz. Besterik ez bada, sinistu egiten dodazan egintzekaitik. 12 Bene-benetan dinotsuet: Nigan sinisten dauanak, nik egiten dodazan egintzak egingo dauz berak ere, eta baita handiagoak ere, ni Aitagana noa-ta. 13 Nire izenean eskatu daizuen guztia emongo deutsuet, Aitaren aintza Semearen bidez azaldu dadin. 14 Nire izenean eskatuko dozuen guztia neuk emongo deutsuet.
Jesusek Espiritua agindu
15 «Maite banozue, beteko dozuez nire aginduak. 16 Nik Aitari eskatuko deutsot eta beste Laguntzaile* bat emongo deutsue, beti zeuekaz izango dana, 17 egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dabe hartu, ez dabe-ta ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen dozue, zeuengan bizi da-ta eta zeuekaz egongo betiko.
18 «Ez zaituet umezurtz itziko, bihurtuko naz zuengana. 19 Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, barriz, ikusiko nozue, nik bizia dot-eta eta zuek ere bizi izango zaree-eta. 20 Egun haretan ulertuko dozue ni Aitagaz bat eginda nagoala, zuek neugaz eta ni zeuekaz. 21 Nire aginduak onartu eta beteten dauzanak, horrexek nau maite. Ni maite nauana, barriz, nire Aitak maite izango dau, eta neuk ere maite izango dot eta agertuko naiako berari».
22 Honela esan eutson Judasek (ez Iskariotek, besteak baino):
—Jauna, zer dalaeta agertuko zaiakuz guri eta ez munduari?
23 Jesusek erantzun eutson:
—Maite nauanak onartuko dau nire mezua; nire Aitak maite izango dau, eta Aita eta biok beragana etorriko gara, eta beragan bizi izango. 24 Maite ez nauanak, barriz, ez dauz onartzen nire hitzak. Eta iragarri deutsuedan mezua ez dot neurea, bialdu nauan Aitarena baino.
25 «Zuekaz nazan artean esan deutsuet hau guztia. 26 Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bialduko deutsue nire izenean, eta berak gogoratuazoko deutsue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.
Agurra: Bakearen dohaia
27 «Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, emoten deutsuet; nik emoten deutsuedan bakea ez da munduarena langoa. Ez kezkatu, ez izan bildur. 28 Entzun dozue esan deutsuedana: “Banoa, baina bihurtuko naz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinateke Aitagana noalako, Aita ni baino handiago da-ta. 29 Eta orain esan deutsuet, jazo baino lehen, jazo daitenean sinistu daizuen. 30 Ez dot zuekaz luze jarduteko ia aukerarik, gainean da-ta mundu honetako buruzagia. Horrek ez dau nire gain ahalmenik; 31 baina jakin behar dau munduak maite dodala nik Aita eta Harek agindua zintzo beteten dodala. Jagi, goazen hemendik!