Jaiegunari buruzko eztabaidea
(Mk 2,23-28; Lk 6,1-5)
12,1 Behin baten, zapatuz, gari-solo baten zehar joian Jesus. Ikasleak gose ziran, eta galburuak hartu eta jaten hasi ziran. 2 Hori ikustean, fariseuek esan eutsoen Jesusi:
—Begira, zapatuz legezko ez dana* egiten dihardue zure ikasleek.
3 Harek erantzun:
—Ez al dozue inoiz irakurri zer egin eban Davidek, bera eta bere lagunak gosetu ziranean? 4 Zelan Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeinitako ogiak jan ebezan, legez ez berak eta ez bere lagunek ezin jan eikeezanak, abadeek baino izan ezik? 5 Eta ez al dozue Liburu Santuetan irakurri abadeek tenpluan zapatuero hausten dabela atseden-legea*, horregaitik errudun izan gabe? 6 Ba, neuk dinotsuet: Bada hemen tenplua baino gehiago dan bat. 7 Ulertu bazendue zer esan nahi dauan Jainkoak esandako honek: Nahiago dot errukia sakrifizioak baino, ez zeukee errugabeok gaitzetsiko. 8 Zapaturen nagusi da-ta Gizonaren Semea.
Elbarria zapatuz osatua
(Mk 3,1-6; Lk 6,6-11)
9 Handik alde egin eta sinagogara joan zan Jesus. 10 Bazan han besoa elbarri eukan gizon bat. Fariseuek, zertan salatuko, galdetu eutsoen:
—Legezko da zapatuz inor osatzea?
11 Jesusek erantzun eutsen:
—Zuetariko nork, ardi bakarra euki eta zapatuz zulora jausten bajako, ez dau hartu eta atarako? 12 Eta zenbat gehiago ez da gizakia ardia baino! Legezko da, beraz, zapatuz on egitea.
13 Orduan, gizonari esan eutson:
—Luzatu beso hori.
Harek luzatu, eta osaturik gelditu jakon, bestea bezain ondo.
14 Handik urten ebenean, fariseuek alkar hartu eben Jesusen kontra, zelan hilgo.
Jesus, Jainkoaren zerbitzaria
15 Horretaz jabeturik, handik aldendu egin zan Jesus. Jende askok jarraitu eutson, eta Harek danak osatu ebazan, 16 bera nor zan inori ez esateko aginduz. 17 Holan, Jainkoak Isaias profetearen bidez esana* bete zan:
18 Hona hemen nire zerbitzaria,
nik hautatua,
nire maitea, atsegin dodana.
Beronen gain ezarriko dot
neure espiritua:
nazinoei justizia iragarriko deutse.
19 Ez dau haserrerik sortuko,
ez dau oihu egingo,
ez da kaleetan haren berbetea entzungo.
20 Kainabera arrakaldua ez dau hausiko,
amatau hainean dagoan argi-metxea ez dau amatauko,
justizia nagusi ezarri daian arte.
21 Bera izango dabe itxaropen nazinoek.
Jesus eta Beeltzebul
(Mk 3,20-30; Lk 11,14-23; 12,10)
22 Deabruaren menpe egoan gizon bat ekarri eutsoen Jesusi, itsua eta mutua. Harek osatu egin eban eta gizona berbetan eta ikusten hasi zan. 23 Jende guztiak, harriturik, inoan: «Ea Daviden Semea dogun hau!»
24 Fariseuek, barriz, hori entzutean, esan eben: «Deabruen buruzagi dan Beeltzebulen indarrez botaten dauz honek deabruak».
25 Igarri eutsezan Jesusek gogoetak eta esan eutsen: «Bere barruan zatiturik dagoan erreinua errauts bihurtuko da. Bere barruan zatiturik dagoan herri edo familiak ez dau iraungo. 26 Beraz, Satanasek Satanas botaten badau, zatiturik dago eta bere buruaren aurka dihardu; zelan iraun daike haren erreinuak? 27 Eta nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten badodaz, noren indarrez botaten dabez zuen ikasleek? Horregaitik, zeuen ikasleak izango dozuez epaile. 28 Deabruak Jainkoaren Espirituaren indarrez botaten badodaz, barriz, argi dago hasi dala Jainkoa zuen artean errege izaten.
29 «Izan ere, zelan sartu daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara, aurretiaz ha lotzen ez badau? Orduan bai, harrapau daikez haren etxeko ondasunak.
30 «Nire alde ez dagoana nire kontra dago, eta nigaz batzen ez dauanak sakabanatzen dihardu.
31 «Horregaitik dinotsuet: Pekatu eta birao guztiak parkatuko deutsoz Jainkoak gizakiari, baina Espiritu Santuaren kontrako biraorik* ez deutso parkatuko.
32 «Inork Gizonaren Semearen kontrako ezer esaten badau, parkatuko deutso Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra berba egiten dauanak ez dau parkamenik izango, ez mundu honetan ez eta datorrenean ere.
Zuhaitza eta frutua: bihotza esanetan agertu
(Lk 6,43-45)
33 «Egizue zuhaitza ona dala: frutua ere ona izango da. Edota zuhaitza txarra dala: frutua ere txarra izango da. Zuhaitza frututik ezagutzen da. 34 Sugekumeok! Zelan esan zeikee gauza onik, zeuek gaiztoak izanik? Ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten dau-ta. 35 Ona danak, bere ontasun-altxorretik, ona ateraten dau; eta txarrak, bere txarkeria-altxorretik, txarra.
36 «Hona zer dinotsuedan: bakotxak esan dauzan alperreko berba guztien kontu emon behar izango dau auzi-egunean. 37 Zeuen berben arabera zuzenetsiko zaitue-ta Jainkoak, eta zeuen berben arabera gaitzetsiko».
Lege-maisu eta fariseuak mirarizko seinale baten eske
(Mk 8,11-12; Lk 11,29-32)
38 Lege-maisu eta fariseu batzuk holan hasi jakozan Jesusi: «Maisu, zuk egindako mirarizko seinaleren bat ikusi nahi geuke».
39 Jesusek erantzun eutsen: «Seinale eske dihardu gizaldi gaizto eta desleial* honek, baina ez jako seinalerik emongo, Jonas profetearena besterik. 40 Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin ebazan lez, halan egingo dauz-eta Gizonaren Semeak ere hiru egun eta hiru gau lurraren barruan. 41 Ninivetarrek, auzi-egunean gizaldi honen kontra jagi eta kondenau egingo dabe, eurak bihozbarritu egin ziran-eta Jonasen hitzaldiez, eta badozue hemen Jonas baino handiago dan bat. 42 Hegoaldeko erregineak ere auzi-egunean gizaldi honen kontra jagi eta kondenau egingo dau, munduaren bazterretik etorri zan-eta Salomonen jakituriazko berbak entzutera, eta badozue hemen Salomon baino handiago dan bat.
Espiritu txarraren bihurtzea
(Lk 11,24-26)
43 «Espiritu txarra, nonorgandik urten ondoren, leku idorretan zehar ibilten da atseden bila; baina, aurkitzen ez eta, 44 bere buruari esaten deutso: ‘Noan barriro, urten nebaneko neure etxera’. Heltzean, etxea hutsik, garbituta eta apainduta aurkitzen dau. 45 Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen dauz beragaz, bera baino txarragoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jarten da bizi izaten; horrela, pertsona horren azken egoerea lehenengoa baino okerragoa gertatzen da. Gauza bera jazoko jako gizaldi gaizto honi ere».
Jesusen egiazko familia
(Mk 3,31-35; Lk 8,19-21)
46 Oraindino Jesusek jendeari berbetan ziharduala, haren ama eta anai-arrebak* azaldu ziran kanpoan, beragaz berba egin guran. 47 Batek esan eutson:
—Ama eta anai-arrebak dozuz kanpoan, zugaz berba egin guran*.
48 Jesusek, barriz, erantzun eutson:
—Nor da nire ama eta nortzuk nire anai-arrebak?
49 Eta, bere ikasleengana eskua luzatuz, esan eban:
—Honeexek dodaz nik ama eta anai-arreba. 50 Izan ere, zeruko nire Aitaren nahia egiten dauana, horixe dot nik anaia, arreba eta ama.