Jesusek jendetzeari bigarrenez jaten emon
(Mt 15,32-39)
8,1 Egun hareetan, barriro jendetzea oso ugaria izanik eta jatekorik ez, Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan eutsen:
2—Errukia emoten deust jende honeek: badaroez hiru egun nirekin eta ez dabe ezer ere jateko. 3 Etxera baraurik bialtzen baditut, ahuleziak joko ditu bidean, urrundik etorritakoak ere badira-eta.
4 Ikasleek esan eutsoen:
—Baina nork atara bakardade honetan honeik asetzeko adina ogi?
5 Harek galdetu eutsen:
—Zenbat ogi dozuez?
—Zazpi —erantzun eutsoen.
6 Orduan, jendeari lurrean jesarteko agindu eutson. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei emon eutsezan, banantzeko. Hareek jendeari eskeini eutsoezan. 7 Baebezan arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkazinoa esan, eta hareik ere banatzeko agindu eutsen. 8 Asetzeraino jan eben, eta zazpi otzara bete ebezan hondakinekin. 9 Lau mila inguru ziran. Ondoren, Jesusek agur egin eutsen, 10 eta bere ikasleekin txalupara igon eta Dalmanuta aldera joan zan.
Fariseuak mirarizko seinale eske
(Mt 16,1-4)
11 Fariseuak etorri eta Jesusekin eztabaidan hasi ziran: Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen azpikeriaz, bera zelan harrapatuko. 12 Jesusek, barrutik antsi eginez, esan eutsen: «Zer dala-eta dabil gizaldi hau seinale eske? Benetan dinotsuet: Gizaldi honi ez jako seinalerik emongo».
13 Eta, hareik bertan itzirik, txalupara igon eban eta beste aldera abiatu.
Ikasleen burugogorkeria
(Mt 16,5-12)
14 Ikasleei ogia hartzea ahaztu jaken, eta bat bakarra euken untzian. 15 Jesusek oharpen hau egin eutsen: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta Herodesen legaminagaz!»
16 Hareek, barriz, alkarren artean honela ziharduen: «Ogirik ez dogulako jabilkuk».
17 Konturatu zan Jesus eta esan eutsen:
—Zer diharduzue ogirik ez daukazuela-eta? Oraindik ez dozue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak zaree? 18 Begiak euki, eta ez dozue ikusten? Belarriak euki, eta entzuten ez? Ez dozue gogoan, 19 bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nebazanean, zenbat otzarakada bete zenduezan hondakinekaz?
—Hamabi —erantzun eutsoen.
20— Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nebazanean, zenbat otzarakada bete zenduezan hondakinekaz?
Hareek erantzun:
—Zazpi.
21 Orduan, esan eutsen:
—Eta oraindik ez dozue ulertzen?
Jesusek itsua osatu Betsaidan
22 Betsaidara heldu ziranean, itsu bat ekarri eutsoen Jesusi, ikutzeko erreguka. 23 Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora eroan eban. Begiak txistuz igurtzi ondoren, eskuak ezarri eutsozan eta galdetu:
—Ikusten dozu ezer?
24 Harek begiratu eban, eta erantzun:
—Gizonak-edo nabaritzen dodaz: zuhaitzak dirudie, baina ibili dabilz.
25 Orduan, barriro eskuak ezarri eutsozan begietan, eta argi ikusten hasi zan gizona; osaturik gelditu zan, guztia garbi-garbi ikusten ebala. 26 Etxera bialdu eban Jesusek, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.
JESUS, GIZONAREN SEMEA: MESIAS SUFRIMENDU BIDEAN (8,27–10,52)
Pedrok Jesus Mesiastzat autortu
(Mt 16,13-20; Lk 9,18-21)
27 Gero, Feliperen Zesarea inguruko auzoetarantz abiatu zan Jesus bere ikasleekaz. Bidean galdera hau egin eutsen:
—Ni nor nazala dino jendeak?
28 Hareek erantzun eutsoen:
—Batzuk Joan Bateatzailea zarala; beste batzuk Elias; beste batzuk profetaren bat.
29 Jesusek barriro galdetu eutsen:
—Eta zuek, nor nazela dinozue?
Pedrok erantzun:
—Zu Mesias zara.
30 Eta Jesusek inori ere ez esateko agindu eutsen zorrotz.
Jesusek bere nekaldi-biztuerak lehenengoz iragarri
(Mt 16,21-23; Lk 9,22)
31 Orduan, irakasten hasi jaken, Gizonaren Semeak asko sufritu behar ebala; zahar, abadeburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo ebela eta hil; eta hiru egunen buruan biztu egingo zala. 32 Argi eta garbi azaltzen jaken honetaz. Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon. 33 Baina Jesusek, bihurtu eta ikasleei begira, gogor eraso eutson Pedrori, esanez:
—Alde nire ondotik, Satanas! Hire asmoak ez dituk Jainkoarenak, gizakiarenak baino.
Jesusi jarraitzea
(Mt 16,24-28; Lk 9,23-27)
34 Gero, jendeari eta ikasleei dei eginik, esan eutsen Jesusek: «Nire ondoren etorri nahi dauanak uko egin beio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarraitu beist. 35 Izan ere, bere bizia gorde nahi dauanak galdu egingo dau; bere bizia nigaitik eta barrionagaitik galtzen dauanak, ordea, gorde egingo dau. 36 Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bizia galtzekotan? 37 Eta zer emon daike gizakiak, barriro bizia bereganatzeko? 38 Beraz, inor, gizaldi desleial eta pekatari honen aurrean, nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da haretaz, bere Aitaren aintzaz beterik aingeru santuekin etorriko danean».