Jesus egiazko mahatsondoa
15,1 «Neu naz egiazko mahatsondoa*, eta neure Aita da nekazaria. 2 Fruturik emoten ez dauan aihena moztu egiten dau Aitak, eta frutua emoten dauana garbitu eta inausi, frutu gehiago emon daian. 3 Zuek garbi zagoze dagoaneko, adierazi deutsuedan mezuaren bidez. 4 Zagoze neuri itsatsita, ni zuei lez. Aihenak, mahatsondoari itsatsita ez badago, fruturik emon ezin daiken lez, zuek ere ez, niri itsatsita ez bazagoze.
5 «Neu naz mahatsondoa, eta zuek aihenak. Inor niri itsatsita badago, ni berari lez, horrek frutu asko emongo dau; ni barik ezin dozue-ta ezer egin. 6 Niri itsatsirik ez dagoana kanpora botaten dabe, moztu eta ihartzen dan aihena lez; gero, batu, sutara bota eta erre egiten dabe. 7 Niri itsatsirik bazagoze, eta nire irakatsiek zuengan tinko irauten badabe, eskatu nahi dozuena eta izango dozue. 8 Honetantxe azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu asko emotean. 9 Aitak maite nauan lez, halantxe maite zaituet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. 10 Nire aginduak beteten badozuez, nire maitasunean iraungo dozue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dodan lez. 11 Hau guztia nire poza zeuengan izan daizuen esan deutsuet, eta poz hori bete-betea izan dadin.
Maitasunaren agindua
12 «Hauxe da nire agindua: maitatu daizuela alkar nik maite izan zaituedan lez. 13 Ez deutse inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua hareen alde emoten dauanak baino. 14 Zuek nire adiskide izango zaree nik agintzen deutsuedana egiten badozue. 15 Aurrerantzean ez deutsuet morroi deituko, morroiak ez dau-ta jakiten nagusiaren asmoen barri; zuei adiskide deitzen deutsuet, neure Aitak jakinazotako guztia adierazo deutsuet-eta. 16 Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zindudazen zuek aukeratu. Eta eginkizun hau emon deutsuet: edonon frutu ugaria eta iraunkorra emon daizuela. Nire izenean Aitari eskatuko deutsozuen guztia emon egingo deutsue. 17 Hauxe agintzen deutsuet: maitatu daizuela alkar.
Mundu sinisgabea Jesusen ikasleen aurka
18 «Munduak* gorroto badeutsue, jakizue zuei baino lehen neuri izan deustala gorroto. 19 Mundukoak bazinee, munduak maite izango zindukeze, nork berea maite dauan lez; baina nik aukeratu eta mundutik atara zindudazenez, munduak gorroto deutsue, mundukoak ez zareelako. 20 Gogoratu esan neutsuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banabe, zuek ere pertsegituko zaituee; nire mezua zelan hartu, halaxe hartuko dabe zuena ere. 21 Neugaitik erabiliko zaituee horrela, bialdu nauana ezagutzen ez dabelako.
22 «Ni etorri ez banintz eta hitz egin ez baneutse, ez ziran errudun izango; orain, barriz, ez dabe atxakiarik euren pekatuarentzat. 23 Niri gorroto deustanak, gorroto deutso nire Aitari ere. 24 Euren artean beste inork ez lezko egintzak egin ez banitu, ez ziran errudun izango; baina orain ikusi dabez, eta halan ere niri eta Aitari, bioi deuskue gorroto. 25 Horrela, hareen Liburu Santuetan idatzita dagoan hau bete zan: Arrazoirik barik gorroto izan deuste.
Espirituaren eta ikasleen testigantza
26 «Nik Laguntzailea, Aitagan jatorria dauan egiaren Espiritua, bialduko deutsuet Aitaren ondotik. Etortean, Berak egingo dau testigantza nire alde. 27 Eta zeuek ere egingo dozue testigantza, hasieratik neugaz egon zaree-eta.