Hilobia hutsik: «Biztua da»
(Mt 28,1-8; Lk 24,1-12; Jn 20,1-10)
16,1 Zapatua igaro zanean, Magdalako Mariak, Santiagoren ama Mariak eta Salomek usain-gozoko ukenduak erosi ebezan, Jesusen gorpua gantzutzeko. 2 Eta asteko lehen egunean, goizean goiz, eguzkiak urten orduko, hilobira joan ziran. 3 Honela ziharduen euren artean: «Nork kenduko deusku hilobi-sarrerako harria?»
4 Begiratu eta harria alboratuta egoala ohartu ziran, oso astuna zan arren. 5 Hilobian sarturik, gazte bat ikusi eben eskoialdean jesarria, soineko zuriz jantzia, eta zeharo bildurtu ziran. 6 Baina esan eutsen harek: «Ez izutu! Nazareteko Jesus kurutzean josiaren bila zabilze. Biztu da, ez dago hemen. Ikusi ezarri ebeneko tokia. 7 Zoaze, ba, haren ikasleei, eta Pedrori batez ere, esatera: ‘Zuen aurretik joango da Galileara; hantxe ikusiko dozue, berak esandako lez’».
8 Emakumeek hilobitik iheska egin eben alde, sartu jaken izuaz eta ikareaz; eta, bildurraren bildurrez, ez eutsoen inori ezer esan.
ERANSKINA
(16,9-20)
Jesusen agerraldiak
(Mt 28,9-10; Lk 24,13-35; Jn 20,11-18)
9 Asteko lehen egunaren goizean bizturik, Jesus lehenengo Magdalako Mariari, zazpi deabru bota eutsozanari, agertu jakon. 10 Ha Jesusekin bizi izan ziranei barri emotera joan zan, nahigabez eta negarrez egozan-eta. 11 Baina hareek, bizi zala eta berak ikusi ebala entzutean, ez eutsoen sinistu.
12 Gero, euretako biri agertu jaken, beste itxura batez, auzo batera bidean joiazala. 13 Honeik ere besteei barri emotera bihurtu ziran; baina ez eutseen sinistu.
Azken mandatua: zabaldu barri ona munduan
(Mt 28,16-20; Lk 24,36-49; Jn 20,19-23; Eg 1,6-8)
14 Azkenik, Hamaikei agertu jaken, mahaian jesarrita egozala, eta aurpegira bota eutsezan euren sinisgabetasuna eta burugogorkeria, bizturik ikusi ebenei sinistu ez eutseelako. 15 Eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztian zehar eta iragarri barriona izaki guztiei. 16 Sinisten eta bateatzen dan guzti, salbatua izango da; sinisten ez dauana, barriz, kondenatua. 17 Sinistedunek seinale honeik izango dabez eurekaz: nire izenean deabruak botako dabez, hizkuntza barriak hitz egingo dabez, 18 sugeak eskuetan hartuko dabez eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko deutseez eta osatu egingo dira».
19 Horrela hitz egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zan eta Jainkoaren eskoian jesarri zan.
20 Hareik, barriz, alde guztietara joan ziran barriona iragartera. Eta Jaunak berak ziharduan Hareekin, egiten ebezan mirarien bidez baietsiz mezua.