Jainkoaren erregetza heldu deneko ezaugarriak (7,1-50)
Erromatar ehuntariaren sinismena
(Mt 8,5-13; Jn 4,46-54)
7,1 Herriari egindako hitzaldi hau amaiturik, Jesus Kafarnaumen sartu zan. 2 Bazan han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat eban oso maitea; morroia txarto egoan, hilzorian. 3 Jesusen barri entzunik, judu-buruzagi batzuk bialdu eutsozan, morroia osatzera etorteko erreguagaz. 4 Joan ziran Jesusengana, eta arren eta arren eskatu eutsoen: «Merezi dau zuk hori egitea, 5 maite dau-ta gure herria eta berak egin deusku sinagogea ere».
6 Jesus eurekin joan zan. Etxetik hur zala, lagun batzuk bialdu eutsozan ehuntariak esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez naz-eta inor zu nire etxean sartzeko. 7 Horregaitik, ez naz ausartu zugana neu joaten; nahikoa dozu hitz bat esatea, nire morroia osatzeko. 8 Neuk ere, menpekoa izanagaitik, soldaduak dodaz menpean, eta bati joateko agintzen badeutsot, joan egiten da, beste bati etorteko agindu eta etorri, morroiari zeozer egiteko esan eta halan egiten dau».
9 Hau entzutean, Jesus harritu egin zan haretaz eta, ondoren etorkon jendeagana bihurturik, esan eban: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dot aurkitu horrelako sinistedunik».
10 Mandatariek, etxera itzultzean, osatuta aurkitu eben morroia.
Emakume alargunaren semea biztu
11 Ondoren, Nain* izeneko herri batera joan zan Jesus, bere ikasleak eta jende asko lagun ebazala. 12 Herriko sarrerara hurreratu zanean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, eroien lur emotera. Herriko jende asko joian amagaz. 13 Hau ikustean, errukitu egin jakon Jauna eta esan eutson: «Ez egin negarrik».
14 Aurreraturik, hil-kutxa ikutu eban, eta eroienak gelditu egin ziran. Orduan, esan eban: «Gazte, zeuri dinotsut: Jagi!»
15 Jagi zan hildakoa eta berbetan hasi, eta Jesusek amari bihurtu eutson. 16 Bildurrak hartu ebazan danak, eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Profeta handi bat sortu da gure artean». Eta hauxe ere bai: «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da*».
17 Judea eta inguruko lurralde guztian zabaldu zan gertaera honen barri.
Joan Bataiatzailearen galdera eta Jesusen autortza
(Mt 11,2-19)
18 Kontatu eutsoen hau guztia Joani bere ikasleek, eta Harek, ikasleetariko biri deiturik, 19 Jaunagana bialdu ebazan galdetzera: «Zu zara ‘Etortekoa*’, ala besteren baten zain egon behar dogu?»
20 Joan ziran, ba, hareik Jesusengana eta esan eutsoen:
—Joan Bataiatzaileak bialdu gaitu zuri galdetzera: «Zu zara ‘Etortekoa’ ala besteren baten zain egon behar dogu?»
21 Une haretan, gatx, gaisotasun eta espiritu gaiztoak eukazan jende asko osatu eban Jesusek, eta itsu askori ikusmena bihurtu eutsen. 22 Ondoren, mandatariei erantzun eutsen:
—Zoaze eta esan Joani ikusi eta entzun dozuena: itsuek ikusi egiten dabe, herrenak badabilz, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak biztu egiten dira eta behartsuei barriona emoten jake. 23 Eta zoriontsua sinisteko oztoporik nigan aurkitzen ez dauana*!
24 Joanen mandatariek alde egin ebenean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi jakon jendeari: «Zer ikustera urten zenduen basamortura? Haizeak kulunka darabilan kainaberea? 25 Zer ikustera urten zenduen, bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi ederrez eta luxuan dabizanak errege-jauregietan bizi izaten dira. 26 Zer ikustera urten zenduen, ba? Profetaren bat? Bai, jakina, eta profeta baino ere handiagoa. 27 Berataz dago idatzita Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik; Berak prestatuko deutsu aurretik bidea. 28 Egia esan, ez da amaren semerik Joan baino* handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere ha baino handiagoa da.
29 «Joani entzun eutson herri osoak, bai eta zergalariek ere, Jainkoak arrazoi ebala autortu eben, haren bateoa hartuz. 30 Fariseu eta lege-maisuek, ordea, huts eragin eutsoen Jainkoak eurentzat eukan asmoari, ez eben-eta Joanen bateoa hartu.
31 «Norekin konparatuko dot, ba, gizaldi honetako jendea? Noren antzeko dira? 32 Plazan jesarrita dagozan mutikoen antzeko dira, alkarri holantxe dinotsoe-ta: ‘Jo deutsuegu txistua eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek negarrik ez’.
33 «Etorri da-ta Joan Bataiatzailea, ez jan eta ez edan egiten ez ebana, eta burutik eginda dagoala* dinozue. 34 Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten dauana, eta esaten dozue: ‘A zer tripazain eta mozkorra, zergalari eta pekatarien laguna!’ 35 Baina Jainkoaren jakituria zuzena dala autortzen dabe bera onartzen daben guztiek*».
Fariseua eta emakume pekatari parkatua
36 Behin baten, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu eban Jesus. Joan zan, ba, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zan. 37 Haretan, emakume bat, herrian pekatari lez ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zala jakinik, bertara joan zan, harzurizko ontzi bat ukendu eroiala. 38 Jesusen atzean oinen ondoan* jarri zan negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi jakon; gero, uleaz lehortu eta musukatuz, ukenduz igursten eutsozan.
39 Hau ikustean, gonbidatu eban fariseuak bere barruan inoan: «Benetan profeta balitz, jakingo leuke zelango emakumea dan bera ikutzen dauana, pekataria da-ta».
40 Jesusek esan eutson:
—Simon, badot zeozer zuri esateko.
Harek erantzun:
—Esaidazu, Maisu.
41—Diru-mailegari batek bi zordun ebazan: batak bostehun denario zor eutsozan eta besteak berrogeita hamar. 42 Zerez ordaindurik ez eukela-ta, parkatu egin eutsen biei. Bietako zeinek izango ete dau maiteen?
43 Simonek erantzun eutson:
—Gehien parkatu eutsonak, nik uste.
Jesusek esan eutson:
—Zuzen dinozu.
44 Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan eutson:
—Ikusten dozu emakume hau? Zure etxean sartu nazanean, ez deustazu oinak garbitzeko urik eskini; honek, barriz, malkoz busti deustaz oinak eta bere uleaz sikatu. 45 Zuk ez nozu musu emonez agurtu; hau, barriz, sartu danetik* ez da gelditu nire oinei musuka. 46 Zuk ez deustazu burua orioz igurtzi; honek, barriz, oinak ukenduz igurtzi deustaz. 47 Beraz, hauxe dinotsut: pekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badau, Jainkoak parkatu deutsozan seinalea da; gitxi parkatzen jakonak maitasun gitxi agertzen dau.
48 Eta emakumeari esan eutson: «Parkatuak dituzu zure pekatuak».
49 Beste bazkaltiarrak euren artean hasi ziran esaten: «Nor ete dogu pekatuak parkatu ere egiten dituen hau?»
50 Baina Jesusek esan eutson emakumeari: «Zeure sinismenak salbatu zaitu; zoaz bakean».