SARREREA
Nork eta norentzat idatzia
Antxina-antxinatik uste izan danez, Lukas da hirugarren ebanjelioaren egilea, eta Lukas dalako hori Pauloren ikaslea dogu, osagilea (Kol 4,14; 2 Tm 4,11; Flm 1,24). Ebanjelioaren egilea eta Apostoluen Eginak liburuaren egilea, barriz, bat bera dira, liburu bien hitzaurreek eta hizkuntza- nahiz pentsaera-antzak erakusten dabenez; halaxe uste izan da beti, bestalde. Baina egilea Pauloren ikaslea ete? Ez da segurua. Batetik, ebanjelioan ez da Pauloren ideia nagusirik nabarmen agiri eta, bestetik, Pauloren gutunen eta Apostoluen Eginak liburuaren arteko desbardintasunak nabarmenak dira.
Dana-dala, giro helenistan hezitako kristaua dogu egilea, bere sasoioko literaturea ondo ezagutzen eta grekoz bikain idazten dauana. Palestinako geografia eta ohiturak, ostera, ez dauz batere zehatz ezagutzen. Halan ere, Itun Zaharra errez darabil eta Israeli egindako agintzarien oinordekotzat dauka bere burua (Lk 1,46-55.68-79).
K.o. 80/90 bitartean idatzi eban ebanjelioa, bigarren kristau-belaunaldiko eta erromatar kultur eta politika-giroan bizi zan alkarte batentzat. Jesus zuzenean ezagutu ebenak galduak dira dagoeneko. Eta kultur giro barriak galdera eta beharrizan barriak sortzen dauz. Alkarte barruan, barriz, hasierako sua amatauz doa, Jaunaren bihurtzea luzatuz, bihotza aberastasunei emoteko eta Jesusen jarraipenaren eskakizunak ahazteko arriskua handiagotuz. Egoera horretan, ez da Jesusen esanak eta eginak ahalik eta zehatzen gogoratuazotea langorik. Horretan ahalegintzen da Lukas, baina barri ona historiaren barruan kokatzen eta aldiko kultureagaz buztartzen saiatuz (2,1-2; 3,1-2; Eg 17,28).
Jentil-jatorriko fededunentzat idazten dau batez ere; hortik Palestinako geografiaren barri emon beharra (adib. 1,26; 4,31; 8,26; 23,51; 24,13), judu-ohiturak azaldu beharra (adib. 1,9; 2,23-24.41-42; 22,1.7), legeari buruzko eztabaiden ardurarik eza, jentilekiko ardura bizia, berpiztuaren gorputz-errealitatea azpimarratzea (24,39-43; azken puntu hau onargatxa zan grekoentzat; ik. Eg 17,32; 1 Ko 15,1-58).
Ebanjelioaren hari nagusiak
Hirugarren ebanjelioak, hainbat gauzatan aurreko bien antzekoa izan eta funtsean eskema berari jarraiturik ere, badau berezitasunik asko: berak baino jasoten ez deuskuzan hainbat kontakizun (adib., Jesusen umearoa: 1–2; Simon fariseuaren etxeko emakume pekataria: 7,36-50; Zakeo: 19,1-10; lapur ona: 23,40-43), mirari batzuk (adib., emakume baten osakuntzea: 13,10-17; hamar legendunen osakuntzea: 17,12-19), baita Jesus berbiztuaren agerraldi batzuk ere (adib., Emausko ikasleena: 24,13-35), eta hainbat eta hainbat parabola, ebanjelioetako esanguratsuenak (adib., samariar ona: 10,30-37; aberats zentzugabea: 12,16-21; aita eta seme biak: 15,11-32; aberatsa eta Lazaro: 16,19-31; fariseua eta zergalaria: 18,9-14). Errukiaren ebanjelioa dogu, Jainkoak gaixo, behartsu eta pekatariei deutsen maitasun ezti eta doakoa inork baino hobeto azaltzen deuskuna.
Halan ere, Lukasen ebanjelioaren gauzarik bereziena beste hauxe dogu: obra zabalago baten lehen partea dala, hain zuzen, bigarren partea Apostoluen Eginak liburua izanik. Ez dago liburu bien hitzaurreak irakurtea besterik: bigarrenak lehenengoa aitatzen dau (Eg 1,1) eta biak Teofilo dalakoari zuzenduak dira; beraz, biak egile berarenak dira eta, egia esan, egituraz eta asmoz bakarra dan liburu baten zati bi. Liburuki bion bidez, salbamen-historiaren ikuspegi zabala eskintzen deusku Lukasek, historia horrek hiru aldi ditula: prestaketa-aldia (Israel), historiaren erdigunea (Jesus) eta misino-aldia (Elizea). Jesusegaz hasitako salbamen-aldiak Elizearen historian eta misinoan jarraitu behar dau, salbamena gizaki guztiei eskiniz.
Ebanjelioa hitzaurre batez hasten da (1,1-4). Bertan, liburua zer dan eta zelan egin dauan azaltzen deusku idazleak, hau da, iturriak (apostoluen testigantzea, ahoz nahiz idatziz jasoa), metodoa (informazino-iturriak ardura guztiaz aztertzea) eta idazkiaren helburua (kateketikoa, Teofilo edo kristau-alkartea sinismenean finkatuazotea).
Jesusen lehen aurkezpenak (1,5–4,13) sail bi desbardin ditu. Umearoko kontakizunek (1,5–2,52) ez dabe paralelorik beste ebanjelioetan. Joan Bateatzailea eta Jesus aurkezten deuskuz, bien umearoko jazoerak paraleloan jarriz eta Jesusekiko Joanen menpetasuna azpimarratuz. Kapitulu honeetan, goi-mezu eta profezia batzuen bidez azaltzen deusku Jesusen misterioa: Espirituaren bidez sortua da, santua, Jainkoaren Semea (1,35); salbatzailea eta Mesias Jauna (2,11); nazinoentzat salbamen eta argia (2,30.32), bere herriarentzat «jauspide edo jasobide izateko jarria», «eztabaida sortuko dauan seinalea» (2,34-35). Bigarren sailean ere (3,1–4,13), Jesusen misterioa aurkeztuz jarraitzen dau, Joan Bateatzailearen, aurrelariaren, jarduna eta bateo ondoko jazoerak dirala bide: Espirituaren etorrereaz eta goi-berbotsaz («zeu zaitut nire Seme maitea») (3,21-22), Jesus Mesias lez ipinia izan zan.
Basamortuan tentaldia jasan ondoren (4,1-13), Jesus Galileara bihurtzen da eta bere agiriko jardunari ekiten deutso. Agiriko jarduera hori Nazareteko sinagogan hasten da, agerraldi programatiko batez (4,16-30), berau ebanjelioan ondoren datorren guztiaren bilduma izanik: Jesusengan, Espirituak gantzutu dauan eta behartsuei barri ona iragartera bialdua izan dan Mesiasengan (4,18-19), jatorku salbamena. Liburu Santuak bete dira (4,21). Salbamena jentilentzat ere zabalik dagoalako mezuak (4,24-27) bere jaioterrikoen pertsekuzinoa sortzen deutso (4,28-29), bere herri Israel osoaren aldetik jasan behar izango dauan pertsekuzionaren irudi.
Hirugarren atala, «Jerusalemera bidean» izenburua dauana (9,51–19,27), da Lukasen bereziena. Bertan jaso deusku, Jerusalemerako bidea ardatz dala eta honen inguruan, beste ebanjelioetan han-hemenka zabaldurik dagoan material asko, baita bereak baino ez dauzan eta lehen aitatu doguzan parabola batzuk ere. Atalaren buruan, esaldi biribil baten, Jesusek Jerusalemera, bere misioa burutuko dauan uri santura, joateko erabagia agertzen deusku (9,51). Bidaia hau ez da Lukasek eratu dauan literatur marko artifizial bat besterik, era askotako materialak sailean batu eta Pazko-argitan jartea dauala helburu. Gehienbat ikasleei zuzenduriko katekesi luzea dogu atala; Pazko ondoren barri ona zelan bizi izan eta iragarri irakatsi nahi deutse ikasleei.
Jerusalemgo ministerioa (19,28–21,38) eta nekaldiaren kontaketea (22–23) beste ebanjelioen eskemeari jarraituz emoten dira gehienbat. Halan ere, azken afariaren kontaketea luzaturik dakarsku Lukasek, ikasleentzako hainbat aholku, oharpen eta agintzari gehituz (22,14-38). Lukasen arabera, nekaldian bertan ere, errukizko egintzak eginez jarraitzen dau Jesusek (23,28-31.34.42-43).
Pazko-prestakuntzak (24) oso-osoan Jerusalemen kokatuak doguz. Jerusalemen burutu dau Jesusek bere misinoa, eta Jerusalemdik abiatuko da kristau-mezua, Apostoluen Eginak liburuaren arabera. Jerusalem dogu, ba, Lukasen obrako zati bien ardatz. Pazko-kontakizun horreek, Jainkoak Mesias bere aintzara eroateko aukeratu dauan bide lez agertzen deuskue nekaldia (24,26), Jesusek aurrez adierazotako (24,7) eta Liburu Santuetan iragarritako (24,25-27.44-46) Jainkoaren borondate lez.
Apostoluen Eginak liburua hasiko dan bezalaxe amaitzen da ebanjelioa: apostoluen misino eta testigu lez ezartzeaz, Espirituaren agintzariak eta berbiztuaren jauntasuna agertzen dauan igokundearen lehen aitamenaz (24,48-53).
Eskemea
–Hitzaurrea. Eskintza (1,1-4).
–Jesusen aurkezpena (1,5–4,13).
–Galileako misinoa (4,14–9,50).
–Jerusalemera bidean (9,51–19,27).
–Jerusalemen (19,28–23,56a).
–Biztuerea eta igokundea (23,56b–24,53).