Nekaldia. Jesus atxilotua
(Mt 26,4756; Mk 14,4350; Lk 22,4753)
18,1 Hitzaldi horreik amaitu ondoren, Jesus eta ikasleak Zedron errekea* igaro eta beste aldean egoan ortu batera sartu ziran. 2 Judasek ere, Jesus salduko ebanak, ezagutzen eban leku ha, askotan alkartu zan-eta Jesus han bere ikasleekaz. 3 Judas, beraz, tenpluko gudu-taldea* eta abadeburu eta fariseuen guardak harturik, bertara joan zan. Armaturik eta zuzi eta argi-ontziz horniturik joiazan. 4 Jesusek, jazoko jakon guztia ondo ekian-eta, bidera urten eta esan eutsen:
—Noren bila zatoze?
5 Erantzun eutsoen:
—Jesus Nazaretarraren bila.
Harek, orduan:
—Neu naz.
Bertan zan guardiekaz Judas saltzailea ere. 6 Jesusek «Neu naz» esan eutsenean, atzeraka hasi eta lurrera jausi ziran. 7 Barriro galdetu eutsen Jesusek:
—Noren bila zatoze?
Hareek erantzun:
—Jesus Nazaretarraren bila.
8 Eta Jesusek:
—Esan deutsuet neu nazala; nire bila bazatoze, itzi honei joaten.
9 Horrela bete zan Jesusek berak esandakoa: «emon deustazuzanetatik ez dot bat ere galdu».
10 Orduan, Simon Pedrok, aldean eban ezpatea atara, abade nagusiaren morroia jo eta eskoiko belarria moztu eutson. Morroiak Malko eban izena. 11 Jesusek esan eutson Pedrori: «Bihurtu ezpatea zorrora. Ez ete dot, ba, edan behar Aitak leporatu deustan edari samina*?»
Jesus Anasen aurrean
(Mt 26,57; Mk 14,53; Lk 22,54)
12 Orduan, gudu-taldeak bere buruzagiagaz eta judu-agintarien guardek Jesus preso hartu eben eta, loturik, 13 Anasen etxera eroan eben lehenengo. Anas, urte haretako abade nagusi Kaifasen aitaginarrebea* zan. 14 (Kaifas zan judu-agintariei aholku hau emon eutsena: «Hobe da gizon bat herriagaitik hiltea»).
Pedrok Jesus ukatu
(Mt 26,58.6970; Mk 14,54.6668; Lk 22,5557)
15 Simon Pedro eta beste ikasle bat* Jesusen ondoren joan ziran. Ikasle hau abade nagusiaren ezaguna zan, eta Jesusegaz batera sartu zan abade nagusiaren jauregiko patiora; 16 Pedro, barriz, kanpoan gelditu zan, ate ondoan. Urten eban, orduan, abade nagusiaren ezaguna zan ikasleak eta, atezainari berba egin ondoren, Pedro sartuazo egin eban. 17 Atezain egoan neskameak esan eutson Pedrori:
—Ez ete haz hi ere gizon horren ikasleetakoa?
Pedrok erantzun:
—Ez, ez nona.
18 Morroiek eta guardek sua egin eta berotzen ziharduen, hotz zan-eta. Pedro ere eurekaz egoan berotzen.
Apaiz nagusiak Jesus galdekatu
(Mt 26,5966; Mk 14,5564; Lk 22,6671)
19 Abade nagusiak bere ikasleez eta bere irakatsiaz galdetu eutson Jesusi. 20 Jesusek erantzun eutson:
—Agiri-agirian egin izan deutsot berba nik mundu guztiari; sinagogetan eta tenpluan irakatsi izan dot beti, judu guztiak batzen diran lekuan, eta ezer ere ez dot ezkutuan esan. 21 Zer dala-eta galdeketa hau niri? Galdetu nire entzuleei eta emongo deutsue esan dodanaren barri.
22 Hori esan ebaneko, han egoan guarda batek matraileko bat emon eutson Jesusi, eta esan:
—Horrela erantzuten jako abade nagusiari?
23 Jesusek erantzun eutson:
—Txarto egin badot berba, esan zertan; baina ondo egin badot berba, zergaitik joten nozu?
24 Anasek, orduan, Kaifas abade nagusiari bialdu eutson Jesus, lotuta.
Pedrok Jesus barriro ukatu
(Mt 26,7175; Mk 14,6972; Lk 22,5862)
25 Bitartean, Simon Pedro sutondoan egoan berotzen, eta galdetu eutsoen:
—Ez ete haz hi ere horren ikasleetakoa?
Harek ukatu egin eban, esanez:
—Ez, ez nok.
26 Abade nagusiaren morroietariko batek, Pedrok belarria moztu eutsonaren ahaideak, esan eutson:
—Zelan ezetz! Neuk ikusi hindudan-eta ortuan horregaz.
27 Baina Pedrok ukatu egin eban barriro, eta berehala oilarrak jo eban.
Jesus Pilatoren aurrean
(Mt 27,12.1114; Mk 15,15; Lk 23,15)
28 Kaifasenetik gobernariaren jauregira* eroan eben Jesus. Goizaldea zan. Judu-agintariak ez ziran sartu jauregira, ez kutsatzeko, bestela ezin izango eben-eta Pazkoafarian parte hartu. 29 Pilatok kanpora urten eta galdetu eutsen:
—Zertaz salatzen dozue gizon hau?
30 Hareek erantzun eutsoen:
—Gaizkilea ez balitz, ez geuskizun ekarriko.
31 Pilatok esan eutsen:
—Eroan zeuek eta epaitu zeuen legearen arabera.
Judu-agintariek erantzun:
—Guri ez jaku zilegi inor heriotzara kondenatzea*.
32 Horrela beteko zan Jesusek esandakoa, zein heriotzaz hilgo zan adierazi ebanean.
33 Pilato barrura sartu zan barriro eta, Jesusi deituz, galdetu eutson:
—Zu juduen erregea zara?
34 Eta Jesusek:
—Zeure kabuz galdetzen deustazu hori ala besteek esan deutsue hori nitaz?
35 Pilatok erantzun eutson:
—Judua ete naz, ba, ni? Zeure herrikoek eta abadeburuek ekarri zaitue nigana. Zer egin dozu?
36 Jesusek erantzun:
—Nire erregetzea ez da mundu honetakoa. Nire erregetzea mundu honetakoa balitz, nire jendeak burrukan egingo eban ni judu-agintarien menpe ez jausteko; nire erregetzea, barriz, ez da hemengoa.
37 Orduan, Pilatok esan eutson:
—Beraz, errege zara zu?
Jesusek erantzun eutson:
—Errege naz, zeuk dinozun lez. Horretarakoxe jaio eta etorri naz mundura: egiaren testigantzea egitera. Egiarena danak entzuten dau nire ahotsa.
38 Pilatok galdetu eutson:
—Egia, zer da egia?
Jesus heriotzara kondenatua
(Mt 27,1531; Mk 15,620; Lk 23,1325)
Hori esanik, Pilatok barriro urten eta judu-agintariei esan eutsen:
—Nik ez dot gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen. 39 Baina badozue ohitura bat nik Pazko Jaietan preso bat askatzekoa. Nahi dozue juduen erregea askatzea?
40 Hareik oihuka hasi ziran:
—Hori ez! Askatu Barrabas!
Barrabas hau bidelapurra* zan.