Juduen ohiturak eta Jainkoaren nahia
(Mk 7,1-13)
15,1 Jerusalemdik etorritako hainbat fariseu eta lege-maisu hurreratu jakozan Jesusi eta galdetu eutsoen:
2—Zergaitik hausten dabe zure ikasleek zaharren ohiturea? Ez dabe otordu aurretik eskuen garbikuntzea* egiten.
3 Jesusek erantzun eutsen:
—Eta zuek zergaitik hausten dozue Jainkoaren agindua zeuen ohiturekaitik? 4 Esate baterako, Jainkoak esan eutsuen: Hartu aintzat aita-amak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen dauanak heriotza-zigorra izango dau. 5 Zuek, barriz, beste hauxe dinozue: Nonork aitari edo amari esaten badeutso: «Zuri emon behar neuskizuna Jainkoari eskeinia deutsot», 6 halakoak ez dauala aitagazko agindu hori bete beharrik; holan, Jainkoaren hitza balio barik izten dozue, zeuen ohiturekaitik. 7 Itxurazaleok halakook! Ederto esan eban bai Isaias profeteak zuetaz:
8 Herri honek ezpainez goresten nau,
baina nigandik urrun dau bihotza;
9 alperrik nabe gurtzen;
honeen irakaspena giza agindu hutsa.
Zerk kutsatzen dauan gizakia
(Mk 7,14-23)
10 Jesusek jendeari dei egin eta esan eutson: «Entzun eta ulertu ondo! 11 Gizakia ez dau ahotik sartzen jakonak kutsatzen; ahotik urteten deutsonak, horrexek kutsatzen dau gizakia».
12 Ondoratu jakozan, orduan, ikasleak eta esan eutsoen:
—Ba dakizu berba horreekaz fariseuak sumindurik itzi dozuzana?
13 Jesusek erantzun eutsen:
—Zeruko nire Aitak landatu ez dauan edozein landare sustraitik atarako dabe. 14 Itzi eiezue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora jausiko dira.
15 Pedrok eskatu eutson:
—Azaldu eiguzu esangurea.
16 Jesusek erantzun:
—Zuek ere ez dozue oraindik ulertzen? 17 Ez dozue ikusten ahotik sartzen dan guztia sabelera joaten dana eta handik komun-zulora? 18 Ahotik urteten dauana, barriz, bihotz barrutik dator, eta horrek bai egiten dauala gizakia zikin! 19 Izan ere, bihotzetik urteten dabe asmo txarrek, hilketek, adulterioek, lizunkeriak, lapurretek, guzurrezko testigantzek, irainek. 20 Horreixek dira gizakia kutsatzen dabenak; baina eskuak garbitu barik otordua egiteak ez dau gizakia kutsatzen.
Jesusek emakume kanaandarraren alabea osatu
(Mk 7,24-30)
21 Handik urtenda, Tiro eta Sidon* aldera aldendu zan Jesus. 22 Orduan, inguru hareetan bizi zan emakume kanaandar* bat deiadarka hasi jakon:
—Erruki zakidaz, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alabea.
23 Baina Jesusek ez eutson berbarik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu eutsoen:
—Eiozu kasu, atzetik deiadarka jatorku-ta.
24 Jesusek, ordea:
—Israel herriko ardi galduengana baino ez nau bialdu Jainkoak.
25 Baina emakumea, hurreraturik, ahozpez jarri jakon, esanez:
—Lagundu eidazu, Jauna.
26 Jesusek, orduan:
—Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatea.
27 Emakumeak erantzun eutson:
—Bai, Jauna, halantxe da; baina txakurrek ere jaten dabez nagusien mahaitik jausten diran ogi-apurrak.
28 Orduan, Jesusek esan eutson:
—Emakumea, handia da zure fedea! Jazo bekizu nahi dozuna!
Eta une hartatik osatuta gelditu jakon alaba.
Gaixo asko osatu
29 Handik urten eta Galileako aintzira-bazterrera joan zan Jesus. Mendira igon eban eta jesarri. 30 Jendetza handia batu jakon, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko eurekaz eroiezala. Ondoan ipinten eutsoezan eta Jesusek osatu egiten ebazan. 31 Denak harriturik gelditu ziran ikusten ebenaz: mutuak berbetan, elbarriak osaturik, herrenak ibilten eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziran.
Jesusek jendetzeari bigarrenez jaten emon
(Mk 8,1-10)
32 Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan eutsen:
—Errukia emoten deust jende honek: badaroez hiru egun nigaz eta ez dabe ezer ere jateko. Eta ez ditut etxera baraurik bialdu nahi, bidean ahuleziak joko leukez-eta.
33 Ikasleek esan eutsoen:
—Baina nondik atara guk bakardade honetan, honenbeste jende asetzeko beste ogi?
34 Jesusek galdetu eutsen:
—Zenbat ogi daukazuez?
—Zazpi —erantzun eutsoen—, eta arraintxo banaka batzuk.
35 Orduan, jendeari behegainean jesarteko agindu eutson. 36 Gero, zazpi ogiak eta arrainak hartu eta, Jainkoari esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jendeari. 37 Asetzeraino jan eben danek, eta zazpi otzara bete ebezan hondakinez. 38 Lau mila gizon izan ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte. 39 Gero, jendeari agur egin ondoren, Jesus txalupara igo eta Magadan* lurraldera joan zan.
Fariseu eta saduzearrak mirarizko seinale eske
(Mk 8,11-13; Lk 12,54-56)
16,1 Fariseu eta saduzearrek Jesusengana etorri eta Jainkoagandiko* seinale bat erakusteko eskatu eutsoen azpikeriaz, bera zelan harrapatuko. 2 Baina Jesusek erantzun eutsen: «Iluntzean esaten dozue: ‘Arrats gorri, bihar eguzki’; 3 eta goizean: ‘Goiz gorri, arrats euri’. Badakizue zeruaren itxureari igarten, eta ez zaree gauza sasoion seinaleei igarteko*. 4 Seinale eske dihardu gizaldi gaizto eta desleial* honek, baina ez jako emongo seinalerik, Jonas profetearena besterik».
Eta, hareik bertan itzirik, alde egin eban.
Fariseuen eta saduzearren legamina
(Mk 8,14-21)
5 Itsasoaz beste aldera igarotean, ogia hartzea ahaztu jakela konturatu ziran ikasleak. 6 Jesusek esan eutsen: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta saduzearren legaminagaz*!»
7 Hareek, barriz, holan inoen euren artean: «Ogirik hartu ez dogulako jinoskuk».
8 Konturatu zan Jesus eta esan eutsen: «Zer darabilzue zeuen artean ogirik ez daukazuela-eta, sinismen gitxikook? 9 Ez dozue oraindino ulertzen? Ez dozue gogoan bost mila gizonen artean banatutako bost ogiena, eta zenbat otzarakada bete zenduezan? 10 Eta lau mila gizonen artean banatutako zazpi ogiena, eta zenbat otzarakada bete zenduezan? 11 Zelan ez dozue ulertzen ez naiabiltzuela ogiei buruz? Kontuz fariseuen eta saduzearren legaminagaz!»
12 Orduan jabetu ziran ez eutsela esan ogi-legaminagaz kontuz ibilteko, fariseu eta saduzearren irakaspenekaz baino.
Pedrok Jesus Mesiastzat autortu
(Mk 8,27-30; Lk 9,18-21)
13 Feliperen Zesareara* heldu zanean, galdera hau egin eutsen Jesusek bere ikasleei:
—Gizonaren Semea nor dala dino jendeak?
14 Hareek erantzun:
—Batzuk Joan Bataiatzailea dala; beste batzuk Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
15 Jesusek galdetu eutsen:
—Eta zuek, nor nazala dinozue?
16 Simon Pedrok erantzun:
—Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
17 Orduan, Jesusek esan eutson:
—Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsu-ta hazur-mamizko inork* agertu, zeruko neure Aitak baino. 18 Eta nik hauxe dinotsut: Pedro zara zu, eta hatx horren gainean eraikiko dot nik neure elizea; eta herioaren indarrak* ere ez dau menperatuko. 19 Jainkoaren erreinuko giltzak emongo deutsudaz; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.
20 Orduan, bera Mesias zala inori ez esateko agindu eutsen Jesusek ikasleei.
JESUSEN EGITEKOA. KRISI MESIANIKOA
(16,21—25,46)
Nekaldiaren iragarpenak eta
ikasleentzat irakaspenak (16,21—18,35)
Jesusek bere nekaldi-biztuerak lehenengoz iragarri
(Mk 8,31-33; Lk 9,22)
21 Une haretatik hasi zan Jesus bere ikasleei azaltzen, berak Jerusalemera igon eta zahar, abadeburu eta lege-maisuen aldetik asko sufritu behar ebala; hil egingo ebela eta hiru egun barru biztu egingo zala. 22 Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon:
—Ez daiala Jainkoak nahi, Jauna! Ez jatzu horrelakorik jazoko.
23 Baina Jesusek, bihurturik, esan eutson Pedrori:
—Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo* haz niretzat, hire asmoak ez dozak-eta Jainkoarenak, gizakiarenak baino.
Jesusi jarraitzea
(Mk 8,34-41; Lk 9,23-27)
24 Orduan, esan eutsen Jesusek bere ikasleei: «Nire jarraian etorri nahi dauanak egin beio uko bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarraitu beist. 25 Izan ere, bere bizia gorde nahi dauanak galdu egingo dau; bere bizia nigaitik galtzen dauanak, barriz, eskuratu egingo dau. 26 Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon daike gizakiak barriro bizia eskuratzeko? 27 Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekaz; eta, orduan, bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso. 28 Benetan dinotsuet: Hemen dagozenetako batzuk ez dira hilgo, harik eta Gizonaren Semea errege lez etorten ikusi arte».
Antzaldaketea: nekaldi ondoko aintza aurretiaz agertu
(Mk 9,2-13; Lk 9,28-36)
17,1 Handik sei egunera, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eroan ebazan aparte. 2 Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean: aurpegia eguzkia baizen distiratsu bihurtu jakon eta jantziak argia baizen zuri. 3 Haretan, Elias eta Moises agertu jakezan Jesusegaz berbetan. 4 Pedrok esan eutson Jesusi: «Jauna, bai ederto gagozala hemen! Gura badozu, hiru txabola egingo dodaz bertan: bata zeuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
5 Oraindino berbetan ziharduala, hodei argi batek estaldu ebazan, eta ahots batek hodeitik esan eban: «Hauxe dot neure Seme maitea, hauxe dot atsegin. Entzun berari!»
6 Hau entzutean, ikasleak ahozpez jausi ziran bildur-ikaraz. 7 Hurreratu jaken Jesus, ikutu eta esan eutsen: «Zutundu zaiteze. Ez bildurtu!»
8 Begiak jasorik, Jesus baino ez eben ikusi, eta besterik inor ere ez.
9 Menditik beherakoan, agindu hau emon eutsen Jesusek: «Ez esan inori ikusi dozuena, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte».
10 Orduan, ikasleek galdetu eutsoen:
—Zergaitik dinoe, ba, lege-maisuek lehenengo Eliasek etorri* behar dauala?
11 Jesusek erantzun eutsen:
—Bai, Eliasek etorri behar eban eta dana Jaunaren gurarira erabarritu. 12 Baina, egia esan, etorri da Elias, eta, onartu beharrean, gogoak emondako guztia egin deutsoe. Era bardinean sufrituazoko deutsoe Gizonaren Semeari ere.
13 Orduan, Joan Bateatzaileaz ziharduala jabetu ziran ikasleak.
Fedearen ahalmena: epileptikoaren osakuntzea
(Mk 9,14-29; Lk 9,37-43a)
14 Jendeagana bihurtu ziranean, gizon bat ondoratu jakon Jesusi eta, aurrean belaunikatuz, 15 esan eutson:
—Jauna, erruki zaitez nire semeaz; epileptikoa da eta gorriak ikusten dihardu: sarri jausten da sutara eta uretara. 16 Zure ikasleei ekarri deutset, baina ezin izan dabe osatu.
17 Jesusek esan eutsen:
—Hau gizaldi sinisgogor eta bihurria! Noiz arte egon behar ete dot zuekaz? Noiz arte jasan behar ete zaituet? Ekarri mutila.
18 Jesusek gogor egin eutson deabruari eta mutilagandik urten egin eban harek; une haretatik osatuta gelditu zan. 19 Orduan, ikasleek, Jesusengana hurreraturik, bakarrean galdetu eutsoen:
—Eta guk, zergaitik ezin izan dogu bota deabrua?
20 Erantzun eutsen:
—Zuen sinismena eskasa dalako. Benetan dinotsuet: Sinismena bazendue, mostaza-hazia baizen txikia izanik ere, mendi honi «Aldatu hemendik hara» esan ezkero, aldatu egingo litzateke. Ez litzateke zuentzat ezinezkorik izango. ( 21 *).
Jesusek nekaldi-biztuerak bigarrenez iragarri
(Mk 9,30-32; Lk 9,43b-45)
22 Galilean zehar alkarrekin ebilzala, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea gizakien eskuetara emongo dabe; 23 hil egingo dabe, baina hirugarren egunean biztu egingo da».
Ikasleak oso nahigabeturik gelditu ziran.
Jesusek eta Pedrok tenplurako zerga ordaindu
24 Jesus eta ikasleak Kafarnaumera heldu ziranean, tenplurako zergea* batzen ebenek, Pedrogana joan eta esan eutsoen:
—Zuen maisuak ez dau tenplurako zergea ordaintzen?
25—Bai —erantzun eutsen.
Pedro etxeratu zanean, Jesusek aurrea hartu eutson, esanez:
—Zer deritzozu, Simon? Lurreko erregeek norengandik jasoten dabez zergak edo kontribuzinoak, etxekoengandik ala arrotzengandik?
26 Pedrok erantzun eutson:
—Arrotzengandik.
Jesusek, orduan:
—Etxekoak libre dagoz, orduan. 27 Halan eta guztiz ere, inori zeresanik ez emoteko, zoaz aintzirara, bota amua eta hartu lehenengo atarako dozun arraina; ireki eiozu ahoa, eta biren zergea ordaintzeko dirua* aurkituko dozu. Hartu eta ordaindu zeure eta bion partea.
Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?
(Mk 9,33-37; Lk 9,46-48)
18,1 Hurreratu ziran ikasleak Jesusengana eta galdetu eutsoen:
—Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?
2 Jesusek, ume bati dei egin eta hareen aurrera ekarririk, 3 esan eutsen:
—Benetan dinotsuet: Barriro umeen antzeko bihurtzen ez bazaree, ez zaree sartuko Jainkoaren erreinuan. 4 Beraz, ume hau baizen txiki bihurtzen dana, horixe da Jainkoaren erreinuan handiena. 5 Eta holako umea nire izenean onartzen dauanak neu onartzen nau.
«Zoritxarrekoak sinismena galbidean jarten dabenak!»
(Mk 9,42-48; Lk 17,1-2)
6 «Nigan sinisten daben txikiotakoren bat galbidean jarten dauanak*, hobe leuke errotarri bat lepotik eskegi eta itsas hondora jaurtiko balebe. 7 Zoritxarrekoa munduan sinismena galbidean jarten dauana! Bai, nahi ta nahi ez jazo beharrekoa da hori; baina zoritxarrekoak inoren sinismena galbidean jarten dabenak!
8 «Zure eskuak nahiz oinak galbidean jarten bazaitu, moztu eta bota; hobe dozu eskumotz edo hankamotz betiko bizitzan sartu, esku biekaz nahiz oin biekaz betiko sutara jaurtia izan baino. 9 Eta zure begiak galbidean jarten bazaitu, atara eta bota; hobe dozu begibakar betiko bizitzan sartu, begi biekaz infernuko sutara jaurtia izan baino.
10 «Kontuz! Ez daizuela txikiotako inor gutxietsi. Egia esan, honeen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten dagoz etengabe. (11*).
Ardi galduaren parabolea
(Lk 15,3-7)
12 «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baditu eta bat galtzen bajako, ez ete da, beste laurogeita hemeretziak mendian itzirik, galduaren bila joango? 13 Eta aurkitzen badau —benetan esaten deutsuet—, poz handiagoa hartzen dau haregaz, galdu ez diran beste laurogeita hemeretziekaz baino. 14 Era bardinean, zeruko zuen Aitak ez dau gura txikiotako ezein galtzerik.
Senide artean: pekatua, parkamena, otoitza
(Lk 17,3)
15 «Zure senide batek pekatu egiten badau*, zoaz beragana eta zentzatu bakarrean. Jaramon egiten badeutsu, irabazi dozu senidea. 16 Jaramonik egiten ez badeutsu, barriz, hartu zeugaz lagun bat edo bi, auzi guztia bi edo hiru lekukoren autorpenaz erabagi daiten. 17 Harei ere jaramonik egiten ez badeutse, esaiozu alkarteari, eta alkarteari ere jaramonik egin gura ez badeutso, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
18 «Benetan dinotsuet: Zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua geldituko da.
19 «Beste hau ere esaten deutsuet: Zuetako bik mundu honetan Jainkoari zeozer eskatzeko alkar hartzen badabe, emon egingo deutse zeruko nire Aitak. 20 Izan ere, nire izenean bi edo hiru lagun nonon batzen badira, hantxe nago ni euren artean».
Parkatu ez eban zerbitzariaren parabolea
21 Orduan, hurreratu jakon Pedro Jesusi eta galdetu eutson:
—Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badeust, zenbat bider parkatu behar deutsot? Zazpi bider?
22 Jesusek erantzun eutson:
—Zazpi bider ez, zazpi mila zazpi bider*.
23 «Hain zuzen, zerbitzariekaz kontuak garbitu nahi izan ebazan erregeagaz lez jazoten da Jainkoaren erregetzeagaz. 24 Kontuak garbitzen hasterakoan, milioi asko* zor eutsozan zerbitzari bat ekarri eutsoen. 25 Honek ez eukan zerez ordaindu, eta nagusiak, zerbitzaria bera, emaztea, seme-alabak eta ondasun guztiak saltzeko agindu eban, zorrak ordainduazoteko. 26 Zerbitzariak, orduan, nagusiaren oinetan ahozpezturik, eskatu eutson: ‘Emoidazu astia, eta dana ordainduko deutsut’. 27 Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban zerbitzaria.
28 «Baina zerbitzari harek, urten ebaneko, diru apur bat* zor eutson zerbitzu-lagun bategaz egin eban topo eta, lepotik oraturik eta ito beharrean, esaten eutson: ‘Emoidak zor dokana’. 29 Laguna oinetara jausi jakon, erreguka: ‘Emoidak astia, eta dana ordainduko deuat’. 30 Baina harek ezetz. Eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu arte.
31 «Gertatua ikusirik, beste zerbitzariak biziro atsekabetu ziran, eta guztiaren barri nagusiari emotera joan ziran. 32 Orduan, nagusiak zerbitzari hari barriro dei egin eta esan eutson: ‘Zerbitzari gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, erregutu deustialako. 33 Ez hendun hik ere heure lagunaz errukitu behar, ni hitaz errukitu nintzoan lez?’ 34 Eta, hasarre bizitan, zigorpean itzi eban nagusiak, zor guztia ordaindu arte.
35 «Bardin-bardin egingo deutsue zeruko nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsozue».
Galileatik Jerusalemera: irakaspenak (19,1—20,34)
Ezkontza eta dibortzioa
(Mk 10,1-12; Lk 16,18)
19,1 Hitzaldi hau amaitu ebanean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zan Jesus, Jordan ibaiaz beste aldera igaroz. 2 Jende-multzo handiek jarraitu eutsoen eta Jesusek gaixoak osatu eutsezan. 3 Fariseu batzuk hurreratu eta, zertan harrapatuko, galdetu eutsoen:
—Legezko jako gizonari emaztea edozein arrazoigaitik iztea?
4 Harek erantzun eutsen:
—Ez dozue irakurri Liburu Santuek dinoena? Egileak hasieran gizon eta emakume egin ebazala, hain zuzen, 5 eta esan eutsela: Horregaitik, gizonak bere aita-amak itziko dauz eta emazteari alkartuko jako, eta biak bat izango dira. 6 Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Holan ba, Jainkoak buztartu dauana ez bei gizonak askatu.
7 Galdetu eutsoen:
—Zergaitik emon eban, ba, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea izteko baimena?
8 Jesusek erantzun eutsen:
—Jainkoaren gauzetan itsuak zareelako* emon eutsuen Moisesek emaztea izteko baimena, baina hasieran ez zan holan. 9 Hona nik esan: Inork bere emaztea itzi eta beste bat hartzen badau —legearen kontra alkartuak ez badira behintzat*— adulterio egiten dau.
Ezkontza eta ezkongabetasuna
10 Orduan, ikasleek esan eutsoen:
—Senar-emazteen arteko loturea horrelakoa bada, ez dau merezi ezkontzeak.
11 Jesusek erantzun eutsen:
—Ez dira danak hori onartzeko gauza, Jainkoak gauzatzen dauzanak baino. 12 Batzuk ez dira ezkontzen jaiotzaz ezin dabelako; beste batzuk, giza eskuz ezinduak izan diralako; beste batzuk, barriz, Jainkoaren erregetzeagaitik halan erabagi dabelako*. Onartu daikenak onartu bei.
Jesus eta umeak
(Mk 10,13-16; Lk 18,15-17)
13 Orduan, umeak ekarri eutsoezan Jesusi, hareen gain eskuak ezarriz otoitz egin eian; ikasleek, barriz, haserre egiten eutseen. 14 Jesusek esan eutsen: «Itzi umeei nigana etorten, ez galazo, horrelakoek dabe-ta Jainkoa errege».
15 Eta, umeei eskuak ezarri ondoren, joan egin zan handik.
Jesusek gazte aberatsari dei
(Mk 10,17-22; Lk 18,18-23)
16 Behin baten, gazte batek Jesusengana hurreratu eta esan eutson:
—Zer onik egin behar dot, betiko bizia eskuratzeko?
17 Jesusek erantzun eutson:
—Zergaitik galdetzen deustazu onari buruz? Jainkoa baino ez da ona. Betiko bizian sartu gura badozu, gorde aginduak.
18—Ze agindu? —galdetu eutson.
Eta Jesusek:
—Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, 19 hartu aintzat aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua lez.
20 Gazteak, orduan:
—Bete dot guzti hori; zer falta dot oraindik?
21 Jesusek erantzun eutson:
—Guztiz ona izan gura badozu, zoaz, saldu zure ondasunak eta emon behartsuei, zure aberastasuna zeruan izan daizun; gero, erdu eta jarraitu niri.
22 Hitzok entzutean, atsekabez alde egin eban gazteak, ondasun handien jabe zan-eta.
Aberastasuna salbamenerako oztopo
(Mk 10,23-27; Lk 18,24-27)
23 Jesusek esan eutsen bere ikasleei:
—Benetan dinotsuet: Nekez sartuko dira aberatsak Jainkoaren erreinuan. 24 Barriro dinotsuet: Orratzaren begitik gamelua igarotea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.
25 Hitzok entzutean, ikasleek, guztiz nahasturik, holan inoen:
—Nor salbau daiteke, orduan?
26 Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen:
—Gizakientzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dana daike.
Dana itzi daben ikasleen saria
(Mk 10,28-31; Lk 18,28-30)
27 Orduan, Pedrok esan eutson Jesusi:
—Hara, guk dana itzi dogu zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?
28 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsuet: Jainkoak mundu hau berregitean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan jesarriko danean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan jesarriko zaree, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. 29 Eta nigaitik etxeak, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak izten dauzanak ehun halako jasoko dau eta betiko bizia izango ondare. 30 Orain lehenengo diran asko azkenengo izango dira orduan, eta orain azkenengo diranak lehenengo.
Mahasti-langileen parabolea
20,1 «Izan ere, Jainkoaren erregetzeagaz mahasti-nagusiagaz lez gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila urten eban. 2 Eguneko lanaren ordainetan zidarrezko txanpon* bana emoteko tratua egin ondoren, mahastira bialdu ebazan langileak.
3 «Goizeko bederatzirak aldera barriro urten eban eta, beste batzuk enparantzan lanaren zain ikusirik, 4 esan eutsen: ‘Zoaze zuek ere nire mahastira, eta ordainduko deutsuet bidezko dana’. 5 Eta hareik ere joan egin ziran.
«Urten eban barriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin eban.
6 «Arratsaldeko bostak aldera ere urten eban eta, bertan batzuk geldi aurkiturik, esan eutsen: ‘Zertan zagoze hemen egun osoan lanik egin barik?’ 7 Erantzun eutsoen: ‘Ez gaitu inork lanerako hartu’. Harek, orduan: ‘Zoaze zuek ere nire mahastira’.
8 «Iluntzean, nagusiak mahastiko arduradunari esan eutson: ‘Deitu langileei, eta emoiozu bakotxari bere soldatea, azkenengotik hasi eta lehenengora’.
9 «Etorri ziran, ba, arratsaldeko bostetakoak, eta zidarrezko txanpon bana jaso eben. 10 Lehenengo ordukoek, txandea heldu jakenean, besteek baino gehiago jasoko ebela uste eben; baina hareek ere zidarrezko txanpon bana jaso eben.
11 «Orduan, nagusiagaitik txarto-esaka hasi ziran; eta esan eutsoen berari: 12 ‘Azkenengo honeek ez dabe ordu bete besterik lan egin eta guri adina ordaindu deutsezu, egun osoko nekea eta beroa jasan ditugunoi adina!’ 13 Baina nagusiak erantzun eutson hareetako bati: ‘Adiskide, ez deutsut bidegabekeriarik egiten; ez dogu tratua zidarrezko txanpon baten egin? 14 Hartu jagotzuna eta zoaz; zuri adina emon nahi deutsot azkenengo honi ere. 15 Ezin ete dot neure diruaz nahi dodana egin? Ala ni ona nazalako ezinikusia deustazu?’
16 «Holan, azkenengoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkenengo».
Jesusek nekaldi-biztuerak hirugarrenez iragarri
(Mk 10,32-34; Lk 18,31-34)
17 Jerusalemera igoten ziharduala, Jesusek hamabi ikasleak aparte hartu eta esan eutsen bidean: 18 «Hara, Jerusalemera igoten dihardugu, eta Gizonaren Semea abadeburuen eta lege-maisuen eskuetara emongo dabe; heriotzara kondenatuko dabe 19 eta atzerritarren eskuetara emongo, haren lepotik barre egiteko, zigortu eta kurutzean josi daien; baina hirugarren egunean biztu egingo da».
Zebedeoren semeen handigurea
(Mk 10,35-40)
20 Zebedeoren emaztea bere semeekaz Jesusi hurreratu eta aurrean ahozpeztu jakon eskabide bat egiteko. 21 Jesusek galdetu eutson:
—Zer gura dozu?
Eta harek:
—Agindu eizu nire seme biok, zu errege izatean, bata zure eskoian eta bestea ezkerrean jarri daitezala.
22 Jesusek erantzun:
—Ez dakizue zer eskatzen diharduzuen. Gauza zaree nik edan behar dodan edari saminetik* edateko?
—Bai, gauza gara —esan eutsoen.
23 Jesusek, orduan:
—Nire edari saminetik edan bai, edango dozue; baina nire eskoi-ezkerretan jesarri ahal izate hori ez dago nire esku inori emotea; nire Aitak norentzat prestatua dauan, harexi emongo jako.
Zerbitzua ikasleen lege
(Mk 10,41-45; Lk 22,24-27)
24 Beste hamarrak, hori entzutean, anaia bien aurka hasarre jarri ziran. 25 Baina Jesusek dei egin eta esan eutsen: «Badakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dabez herriak, eta handikiek euren agintea ezartzen deutsee. 26 Zuen artean, barriz, ez dau horrela izan behar. Zuen artean handien izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari. 27 Eta zuen artean lehenengo izan gura dauana izan bedi guztion morroi. 28 Gizonaren Semea lez: ha ez da etorri zerbitzuak hartzera, zerbitzari izatera baino, bere bizia guztien alde ordain-saritzat emotera».
Jesusek itsu bi osatu Jerikon
(Mk 10,46-52; Lk 18,35-43)
29 Hareek Jerikotik urteten ziharduela, jendetza handia joian Jesusen ondoren. 30 Bide-ertzean jesarrita egozan itsu bi, Jesus igaroten zala entzunik, oihuka hasi ziran:
—Erruki zakiguz, Jauna, Daviden Semea!
31 Jendeak gogor egiten eutsen, isilduazoteko; baina hareek errimeago:
—Erruki zakiguz, Jauna, Daviden Semea!
32 Gelditu zan Jesus, dei egin eta esan eutsen:
—Zer gura dozue nigandik?
33 Hareek erantzun:
—Begiak zabaltzea, Jauna!
34 Jesusek, errukiturik, begiak ikutu eutsezan, eta une berean ikusmena etorri jaken barriro. Eta Jesusen ondoren joan ziran.
Jerusalemen. Jesus,
fruturik bako herriaren epaile (21,1—23,39)
Jesus Jerusalemen Mesias lez sartu
(Mk 11,1-11; Lk 19,28-38; Jn 12,12-16)
21,1 Jerusalemera hurreratu ziranean, Oliamendi* inguruko Betfage herritxora heldurik, ikasle bi bialdu ebazan Jesusek, 2 esanez: «Zoaze aurreko herritxo horretara; hara heltzean, asteme bat aurkituko dozue lotuta, eta astakume bat haregaz; askatu eta ekarri niri. 3 Eta inork ezer esaten badeutsue, erantzun: ‘Jaunak behar dauz, baina laster baten bihurtuko dauz’».
4 Hori Jainkoak profetearen bidez esana bete eiten jazo zan:
5 Esan Sion uri ederrari:
Hara, bajatortzu zure erregea,
apal eta astotxo baten gainean,
astakume baten gainean.
6 Joan ziran, ba, ikasleak eta Jesusek agindutako lez egin eben. 7 Astemea eta astakumea ekarri eta euren jantziak bizkarrean ezarri eutseezan, eta Jesus gainean jesarri zan. 8 Askok eta askok jantziak zabaldu ebezan bidean; beste batzuk, barriz, zuhaitzei adarrak moztu eta bidean egokitu ebezan. 9 Aurretik eta atzetik joian jendeak holan inoan oihuka:
«Hosanna Daviden Semeari!
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Gora Jainko gorena*!»
10 Jesus Jerusalemen sartu zanean, uri osoak, urduri galdetzen eban:
—Nor dogu hau?
11 Jendeak erantzuten eban:
—Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa.
Tenplua herri guztientzat otoitz-etxe
(Mk 11,15-19; Lk 19,45-48; Jn 2,13-16)
12 Jesus tenpluan sartu zan, eta bertan salerosketan* ziharduen guztiak kanpora bota ebazan eta diru-trukalarien eta uso-saltzaileen mahaiak irauli. 13 Eta esan eutsen: «Liburu Santuak dino: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, barriz, lapur-zulo bihurtu dozue».
14 Tenpluan itsuak eta herrenak hurreratu jakozan, eta osatu egin ebazan. 15 Baina abadeburuak eta lege-maisuak hasarre bizian egozan, Jesusek egiten ebazan gauza harrigarriekaitik eta umeek tenpluan «Gora Daviden Semea!» oihuka ziharduelako. 16 Eta esan eutsoen:
—Ez dozu entzuten zer dinoen horreek?
Jesusek erantzun eutsen:
—Bai. Eta zuek ez dozue inoiz Liburu Santuko pasarte hau irakurri: Umetxoen eta bularreko seintxuen ahotik atara dozu gorespena?
17 Eta hareik bertan itzi eta uritik kanpora urten eban, Betaniara*, eta hantxe emon eban gaua.
Ikondoaren madarikapena: fedea eta otoitza
(Mk 11,12-14.20-24)
18 Biharamun goizean, barriro urira etorrela, Jesus gosetu egin zan. 19 Ikondo bat bide-bazterrean ikusirik, bertara hurreratu zan, baina ez eban aurkitu han orria besterik. Orduan, ikondoari esan eutson: «Ez bedi higandik gehiago fruturik sortu!»
Eta bat-batean igartu egin zan ikondoa. 20 Hori ikusirik, harritu egin ziran ikasleak eta galdetu eutsoen Jesusi:
—Zelan igartu da bat-batean ikondoa?
21 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsuet: Zalantza bako sinismena badozue, ikondoarena eta gehiago egingo dozue; mendi honi «Kendu hadi hortik eta jaurti hadi itsasora» esaten badeutsozue, halantxe jazoko da. 22 Otoitzean sinismenez eskatzen dozuen edozer gauza lortuko dozue.
Nondik Jesusen aginpidea?
(Mk 11,27-33; Lk 20,1-8)
23 Jesus tenplura joan zan, eta, irakasten ziharduala, abadeburuak eta herriko zaharrak hurreratu jakozan, galdezka:
—Zein aginpidez jokatzen dozu holan? Nork emon deutsu aginpide hori?
24 Jesusek erantzun eutsen:
—Nik ere gauza bat galdetuko deutsuet; erantzuten badeustazue, esango deutsuet nik ere zein aginpidez jokatzen dodan holan. 25 Joanek noren aginduz bateatzen eban, Jainkoaren aginduz ala giza aginduz?
Hareek honela inoen euren artean: «Jainkoaren aginduz ziharduala esaten badeutsogu, zergaitik ez geutson sinistu erantzungo deusku. 26 Giza aginduz ziharduala esaten badeutsogu, barriz, jendearen bildur izan behar, guztiek Joan profetatzat dauke-ta».
27 Beraz, erantzun eutsoen:
—Ez dakigu.
Jesusek, orduan:
—Ba, nik ere ez deutsuet esango zein aginpidez jokatzen dodan horrela.
Seme bien parabola
28 Jesusek esan eutsen: «Ea zer deritzozuen. Gizon batek seme bi ebazan. Batengana joan eta esan eutson: ‘Seme, hoa gaur mahastira lanera’. 29 Harek erantzun eutson: ‘Ez dot nahi’; baina bat-batean damutu eta joan egin zan. 30 Besteagana ere joan zan aita eta gauza bera esan eutson. Eta harek erantzun: ‘Banoa, jauna’; baina ez zan joan. 31 Zuen ustez, bietatik zeinek egin eban aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun eutsoen.
Jesusek esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. 32 Izan ere, etorri jatzuen Joan Bateatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz*, eta ez zeutsoen sinistu; zergalariek eta emagalduek, barriz, sinistu egin eutsoen. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zaree aldatu: oraindik ez deutsozue sinistu.
Nekazari hiltzaileen parabolea
(Mk 12,1-12; Lk 20,9-19)
33 «Entzun beste parabola hau: Behin baten, nagusi batek mahastia landatu eban eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki eban. Gero, nekazari batzuei errentan itzirik, urrutira joan zan. 34 Mahatsa batzeko sasoia heldu zanean, bere morroiak bialdu eutsezan nekazariei, frututik egokion partea jasotera. 35 Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin ebezan. 36 Barriro beste morroi batzuk bialdu ebazan, aurrekoan baino gehiago, eta harei ere beste hainbeste egin eutseen. 37 Azkenik, bere semea bialdu eutsen, holan pentsatuz: ‘Nire semeari behintzat izango deutsoe begirune’. 38 Nekazariek, barriz, semea ikustean, esan eben euren artean: ‘Oinordekoa dok! Hil daigun eta egin gaitezan mahastiaren jabe’. 39 Oratu, mahastitik kanpora bota eta hil egin eben».
40 Jesusek galdetu eutsen:
—Zer egingo ete deutse nekazari horrei mahasti-jabeak bihurtzean?
41 Erantzun eutsoen:
—Errukirik barik hilgo dauz eta bere sasoian frutua emongo deutsoen beste nekazari batzuen esku itziko dau mahastia.
42 Jesusek esan eutsen:
—Ez dozue irakurri Liburu Santuak dinoana:
Etxegileek baztertutako harria
giltzarri suertatu da.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri?
43 «Horregaitik dinotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta frutua atarako deutson herri bati emongo jako. 44 Eta harri honen gainera jausten dana lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera jausten bada, txikitu egingo du*».
45 Parabolok entzutean, Jesusek eurekaitik ziharduala konturatu ziran abadeburuak eta fariseuak. 46 Horregaitik, ha atxilotu nahian ebilzan, baina jendearen bildur ziran, danek profetatzat euken-eta.
Ezteguen parabolea
(Lk 14,15-24)
22,1 Jesus barriro parabola-bidez hitz egiten hasi jaken: 2 «Jainkoaren erregetzeagaz, bere semearen ezteguak ospatzen ebazan erregeagaz lez jazoten da. 3 Bialdu ebazan morroiak gonbidatuei dei egitera. Baina hareek ez eben etorri gura izan. 4 Barriro beste morroi batzuk bialdu ebazan, hurrengo mandatuagaz: ‘Esaiezue gonbidatuei: Hara, prest daukat bazkaria; hilda daukadaz zezenak eta zekor gizenduak, dana dago prest. Zatoze ezteguetara’. 5 Baina gonbidatuek ez eben jaramonik egin: bata bere solora joan zan, bestea bere negozioetara, 6 eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin ebezan. 7 Sumindu egin zan erregea eta, soldaduak bialduz, hil egin ebazan giza hiltzaile hareik eta su emon herriari. 8 Gero, bere morroiei esan eutsen: ‘Ezteguak prest dagoz, baina gonbidatuak ez ziran gauza. 9 Zoaze, ba, bidekurutzeetara eta deitu ezteguetara aurkitu ahala guztiak’. 10 Urten eben morroiek bideetara eta aurkituriko guztiak batu ebezan, onak nahiz gaiztoak. Eztegu-gelea bazkal-lagunez bete zan. 11 Erregeak, bazkal-lagunak ikustera sartu zanean, eztegu-jantzirik barik egoan bat ikusi eban, 12 eta esan eutson: ‘Adiskide, zelan sartu zara hemen eztegu-jantzirik barik?’ Harek hitzik ere ez. 13 Erregeak mahai-zerbitzariei esan eutsen orduan: ‘Lotu eizue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpetara. Negarra eta hagin-ikarea izango dira han’. 14 Gehiago dira-ta deituak aukeratuak baino*».
Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari
(Mk 12,13-17; Lk 20,20-26)
15 Fariseuek alkar hartu eben, Jesusi galdera bat eginez tranpa jarteko. 16 Beraz, ikasle batzuk bialdu eutsoezan, Herodesen alderdikoekaz, galdetzera:
—Maisu, badakigu egiazale zarana eta Jainkoaren bidea behar lez irakasten dozuna; inoren zeresanak ez deutsu ardura, ez deutsozu-ta begiratzen gizakiaren itxureari. 17 Emoiguzu, ba, zeure iritzia: legezko da Zesarri zergea* ordaintzea, bai ala ez?
18 Hareen maltzurkeria igarriz, Jesusek esan eutsen:
—Zergaitik zatoztaze zirika, itxurazaleok? 19 Ea, erakutsi zerga-txanpona.
Hareek denario* bat aurkeztu eutsoen. 20 Jesusek galdetu eutsen:
—Norenak dira irudi-idazkunok?
21 Erantzun eutsoen:
—Zesarrenak.
Jesusek, orduan:
—Emon, ba, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.
22 Harriturik gelditu ziran erantzun honegaz, eta Jesus bertan itzi eta alde egin eben.
Hildakoen biztuereaz
(Mk 12,18-27; Lk 20,27-40)
23 Egun berean, saduzear batzuk hurreratu jakozan Jesusi. Honeek ez dabe sinisten hildakoak bizten dirana. Eta honela galdetu eutsoen:
24—Maisu, Moisesek esan euskun: Gizon bat seme-alaba barik hilten bada, haren anaia alargunagaz ezkonduko da, anaiari ondorengoa emoteko*. 25 Behin baten, baziran gure artean zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alaba barik hil zan eta anaiari itzi eutson emaztea. 26 Beste horrenbeste gertatu jaken bigarrenari eta hirugarrenari, eta zazpiei gauza bera. 27 Azkenik, hil zan emakumea ere. 28 Biztuerakoan, zazpiretako zeinen emazte izango da, danena izana zan-eta?
29 Jesusek erantzun eutsen:
—Oker zabize. Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ez dozuez ezagutzen. 30 Izan ere, biztuerakoan ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak langoak izango dira danak. 31 Gainera, hildakoen biztuereaz, ez dozue irakurri Jainkoak berak esan eutsuena: 32 Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naz? Ez da hilen Jainkoa, biziena baino.
33 Entzuten egoan jendea haren irakaspenaz txunditurik egoan.
Agindurik nagusiena
(Mk 12,28-34; Lk 10,25-28)
34 Jesusek saduzearrak hitzik barik itzi ebazala jakitean, fariseuak alkarregaz batu ziran, 35 eta euretako lege-gizon batek galdetu eutson Jesusi azpikeriaz:
36—Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?
37 Jesusek erantzun:
—Maitatu eizu Jauna, zure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiaz. 38 Horixe da agindurik nagusiena eta lehena. 39 Eta bigarrena, ez garrantzi txikiagokoa*, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez. 40 Agindu biotan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak*.
Mesias, Daviden Seme eta Jaun
(Mk 12,35-37; Lk 20,41-44)
41 Oraindik fariseuak baturik egozala, Jesusek galdera hau egin eutsen:
42—Zer dinozue Mesiasi buruz? Noren ondorengoa* da, zuen ustez?
Hareek erantzun eutsoen:
—Davidena.
43 Jesusek, orduan:
—Eta Davidek zelan esaten deutso, ba, «Jauna», Jainkoaren Espirituaren argiz? Hauxe dino-ta Davidek:
44 Hona Jaunak nire Jaunari esana:
«Jesarri nire eskoian,
zure etsaiak oinazpian
jarten deutsudazan bitartean».
45 «Beraz, Davidek Jauna deitzen badeutso, zelan izan daiteke ondorengo?»
46 Ezin izan eutson inork erantzun, eta egun haretatik aurrera ez zan inor ausartu galderarik egiten.
Jesusek lege-maisuak eta fariseuak salatu
(Mk 12,38-40; Lk 11,37-52; 20,45-47)
23,1 Holantxe egin eutsen berba Jesusek jendetzeari eta ikasleei: 2 «Lege-maisuek eta fariseuek Moisesen irakatsiak adierazteko eginkizuna dabe*. 3 Ahalegindu zaitezte, ba, hareek esaten deutsueen guztia beteten; baina ez egin egiten dabena; esan, esaten dabe-ta, baina egiten ez. 4 Zama astunak lotu eta besteei leporatzen deutseez, baina eurek ez dabe atzamar bat ere mugitu nahi. 5 Egiten daben guztia, jendeak ikusteagaitik egiten dabe; larrutxa zabalak jarten dabez bekokian eta borlatxo luzeak* jantzietan; 6 gogoko dabez jai-otorduetan mahaiburuak eta sinagogetan lehen aurkiak; 7 gogoko dabe plazetan jendeak agur egitea eta guztiek ‘maisu’ deitzea. 8 Zuek, barriz, ez itzi inori zuei ‘maisu’ deitzen, bat bakarra da-ta zuen maisua, eta zuek danak senide zaree-eta. 9 Eta ez deitu lurrean inori ‘aita’, bat bakarra da-ta zuen aita, zerukoa. 10 Eta ez itzi ‘gidari’ deitzen ere, bat bakarra da-ta zuen gidaria, Mesias. 11 Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari. 12 Bere burua goratzen dauana, beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana, goratu.
13 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok, jendeari Jainkoaren erreinuko sarrerea ixten deutsozuenok! Zeuek ez zaree sartzen eta sartu nahi leukeenei ez deutsezue sartzen izten. ( 14 *).
15 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Nonor judubarri* egiteagaitik itsaso eta lehor zabize, eta egin dozuenean, infernurako zeuek baino gaituago bihurtzen dozue!
16 «Ai zuek, gidari itsuok! Halan irakasten dozue: ‘Tenpluagaitik zin egiteak ez dau baliorik; tenpluko urreagaitik zin egiteak, barriz, behartu egiten dau’. 17 Zoro itsuok halakook! Zer da handiago, urrea ala urrea sagaratzen dauan tenplua? 18 Beste hau ere irakasten dozue: ‘Aldareagaitik zin egiteak ez dau baliorik; aldare gaineko opariagaitik zin egiteak, barriz, behartu egiten dau’. 19 Itsuok halakook! Zer da handiago: oparia ala oparia sagaratzen dauan aldarea? 20 Aldareagaitik zin egiten dauanak, aldareagaitik eta gainean dagoen guztiagaitik egiten dau zin; 21 tenpluagaitik zin egiten dauanak, tenpluagaitik eta bertan bizi dan Jainkoagaitik egiten dau zin; 22 zeruagaitik zin egiten dauanak, Jainkoaren tronuagaitik eta bertan jesarten danagaitik egiten dau zin.
23 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Barazkirik kaxkarrenen* hamarrenak ordaintzen dozuez, eta legeko gauzarik garrantzizkoenak, barriz, zuzenbidea, errukia eta leialtasuna, bazterrera izten. Honeixek bete behar zeukeez, hareik baztertu barik! 24 Gidari itsuok! Eltxoa iresten dozue eta gamelua irunsten!
25 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dozuez, barrutik lapurretaz eta nahikeriaz gainezka dagozan bitartean! 26 Fariseu itsu hori! Garbitu eizu edalontzia lehenengo barrutik, kanpotik ere garbi gelditu dadin.
27 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zaree: kanpotik itxura ederrekoak dira, baina barrutik hil-hazurrez eta ustelkeriaz beteak. 28 Bardin zuek: azaletik zintzoak jendaurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak.
29 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eraikitzen eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dozuez, 30 esanez: ‘Gure arbasoen sasoian bizi izan bagina, ez geuken profeten hilketan hareekaz parterik izango’. 31 Holan, zeuek autortzen dozue profetak hil ebezanen ondorengo zareela. 32 Bete eizue, ba, zeuen gurasoen egintza gaiztoen neurria!
33 «Sugeok, sugegorri kumeok! Zelan egingo deutsozue ihes infernuko zigorrari? 34 Hor bialdu deutsuedaz nik profetak, jakintsuak eta lege-maisuak, eta zuek batzuk hil eta kurutzuntzatu, besteak sinagogetan zigortu eta herririk herri erasoka erabiliko dituzue. 35 Holan, zeuen kontu ezarriko da lurrean isuria izan dan errugabe guztien odolaren errua: hasi Abel zintzoaren odoletik, eta santutegitik altarara bitartean hil zenduen Barakiasen seme Zakariasen* odoleraino. 36 Benetan dinotsuet: Gizaldi honexi emongo jako horren guztiaren zigorra.
Jesus Jerusalemegaitik aieneka
(Lk 13,34-35)
37 «Jerusalem, Jerusalem, profetak hilten eta Jainkoak zuri bialduak harrikatzen dozuzana! Zenbat bider ez dodaz batu nahi izan zure seme-alabak, oiloak txitak hegalpean batzen dauzan lez, eta zuek ez dozue nahi izan. 38 Horra ba, hutsik geldituko jatzue etxea. 39 Eta badinotsuet ez nozuela ikusiko, harik eta hau esango dozuen arte: Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»
Jesusek eskatologiaz jardun (24,1—25,46)
Sarrera: tenplua suntsitua izango
(Mk 13,1-2; Lk 21,5-6)
24,1 Jesus tenplutik urten eta bajoian. Orduan, ikasleek hurreratu eta tenpluko eraikinak erakutsi eutsoezan. 2 Baina Jesusek esan eutsen: «Ikusten dozue hori guztia, ez da? Ba, benetan dinotsuet: Ez da hemen harririk harri gainean geldituko: dana ezereztuko dabe».
Azkenaren aurreko seinaleak
(Mk 13,3-13; Lk 21,7-19)
3 Gero, Oliamendin* jesarrita egoala, ikasleek bakarrean hurreratu eta galdetu eutsoen: «Esaiguzu noiz gertatuko dan hori, eta zein izango dan zure etorrerearen eta munduaren azkenaren ezaugarria».
4 Jesusek erantzun eutsen: «Kontuz! Ez zaizela inork atzipetu! 5 Asko etorriko dira, nire izena eurenganatuz eta esanez: ‘Neu naz Mesias’; eta jende ugari engainatuko dabe. 6 Gerra-hots eta zurrumurruak entzungo dozuez. Begira, ez izutu, gertatu beharrekoa da-ta hori guztia; baina oraindino ez da azkena. 7 Izan ere, nazinoa nazinoaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra jagiko dira; goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen. 8 Baina hori guztia erdiminen hasierea da.
9 «Zori larrian jarriko zaituee eta hil egingo; herri guztiek gorroto izango deutsuee nigaitik. 10 Orduan, askok fedeari uko egingo deutsoe*, eta alkar saldu eta gorrotatuko dabe. 11 Sasiprofeta asko jagiko dira eta asko engainatuko dabez. 12 Eta gaiztakeria ugaltzean, gehienen maitasuna hoztu egingo da; 13 baina azkeneraino sendo irauten dauana, horixe izango da salbatua. 14 Mundu guztian iragarriko da Jainkoaren erregetzearen barrion hau, herri guztiek haren barri izan daien. Orduan etorriko da azkena.
Larrialdi izugarria
(Mk 13,14-23; Lk 21,20-24)
15 «Daniel profeteak aitatzen dauan profanatzaile higuingarria* toki santuan ezarrita ikusiko dozuenean —irakurleak uler beza—, 16 orduan, Judean dagozanek ihes egin beie mendietara; 17 etxe gainean dagoana ez bedi jaitsi etxeko gauzak hartzera, 18 eta soloan dana ez bedi itzuli soingaineko bila. 19 Dohakabeak egun hareetan seindun dagozanak eta bularreko umeak dabezanak! 20 Eskatu Jainkoari, ihes egin beharra neguan edo zapatuz jazo ez dakizuen. 21 Munduaren hasieratik orain arte izan ez dan eta izango ez dan lango larrialdi handia izango da-ta orduan. 22 Eta Jainkoak aldi hori laburtuko ez baleu, ez leuke inortxok ere bizirik urtengo; baina, aukeratuak dirala eta, laburtu egingo dauz egunok.
23 «Orduan, inork ‘Hona hemen Mesias’ edo ‘Hara han’ esango baleutsue, ez sinistu. 24 Izan ere, guzurrezko mesiasak* eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak eurak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirari handiak eta egintza harrigarriak egingo dabez. 25 Horra, jakinaren gainean jarri zaituet aurretiaz. 26 Beraz, inork ‘Hara, basamortuan dago’ esaten badeutsue, zuek ez urten, edo ‘Hara, etxe barruan dago’ esaten badeutsue, ez sinistu. 27 Izan ere, tximisteak une baten sortaldetik sartalderaino argi egiten dauan lez, bardin izango da Gizonaren Semearen etorrerea. 28 Sarraskia non, han batzen dira putreak.
Gizonaren Semearen etorrerea
(Mk 13,24-27; Lk 21,25-28)
29 «Egun hareetako larrialdiaren ondoren, berehala, eguzkia ilundu egingo da, ilargiak ez dau argirik egingo, izarrak zeru goitik jausi egingo dira, eta ortziak dardarka egingo dau. 30 Orduan, Gizonaren Semearen seinalea agertuko da zeruan, eta lurreko leinu guztiek bular-joka ekingo deutsoe, Gizonaren Semea zeruko hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etorten ikustean. 31 Orduan, bere aingeruak bialduko dauz turuta-hots ozenez, eta haren aukeratuak batuko dabez lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
Ez dakizue hau guztia noiz izango dan. Egon erne!
(Mk 13,28-33.35; Lk 21,29-33;17,26-30.34-36;12,39-40)
32 «Ikasi ikondoaren irudi honetatik: kimua barritzen eta orria zabaltzen jakoneko, badakizue udea hur dana. 33 Era berean, gauza horreik ikustean, jakizue hur dala, Gizonaren Semea* ate ondoan dozuela. 34 Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. 35 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete barik igaroko.
36 «Baina zein egunetan edo ordutan jazoko dan, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak bakarrik baino. 37 Noeren sasoian lez gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan. 38 Uriolearen aurretik, jan-edanean ziharduen eta ezkondu egiten zan jendea, Noe untzian sartu zan arte; 39 eta ez ziran konturatu, uriolea heldu eta danak eroan ebazan arte. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. 40 Soloan izango diran gizon bietatik, bata eroan eta bestea itzi egingo dabe; 41 errotan eihotzen diharduen emakume bietatik, bata eroan eta bestea itzi egingo dabe. 42 Zain egon, beraz, ez dakizue-eta zein egunetan etorriko dan zuen Jauna. 43 Hartu gogoan hau: etxeko nagusia, lapurra gaueko zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, zain egongo litzateke eta ez leuke etxea zulatzen itziko. 44 Prest egon, ba, zuek ere, gitxien uste dozuen orduan etorriko da-ta Gizonaren Semea.
Zerbitzuan leial iraun
(Lk 12,41-48)
45 «Izan zaiteze morroi leial eta zentzunduna lez, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna emon deutsona lez. 46 Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau. 47 Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau. 48 Baina morroia gaiztoa bada eta, nagusiak luzatu egingo daualakoan, 49 bere morroikideak joten eta mozkorrekin jan-edanean hasten bada, 50 gitxien uste dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, 51 eta zigorrik gogorrena ezarriko deutso eta itxurazaleek merezi daben zoria emongo. Negarra eta hagin-karraska izango dira han.
Hamar neskatoen parabola
25,1 «Jainkoaren erregetzeagaz, kriseiluak hartu eta senar ezkonbarriari bidera urten eutsoen hamar neskatoekaz lez gertatzen da. 2 Neskatoetako bost zentzunbakoak ziran eta bost zentzundunak. 3 Kriseiluak hartzean, zentzunbakoek ez eben oriorik hartu; 4 zentzundunek, barriz, kriseiluekaz batera orioa ere hartu eben ontzietan. 5 Senarraren etorrerea luzatzen zala-ta, loguratu egin ziran danak eta loak hartu ebazan.
6 «Gauerdian oihu bat izan zan: ‘Hemen da senarra! Urten bidera!’ 7 Jagi ziran danak eta euren kriseiluak prestatu ebezan. 8 Orduan, zentzunbakoek zentzundunei esan eutseen: ‘Emoiguzue orio apur bat, kriseiluak amatatzera joakuz eta’. 9 Zentzundunek erantzun eutseen: ‘Ea ez dogun nahikoa danontzat; hobe dozue badaezpada dendara joan eta erostea’.
10 «Baina, erostera joanda egozala, senarra heldu zan, eta prest egozanak ezteguetara sartu ziran beragaz. Eta atea itxi egin zan.
11 «Heldu ziran, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin eben: ‘Jauna, jauna! Zabaldu!’ 12 Baina jaunak erantzun eutsen: ‘Benetan dinotsuet, ez dakit nor zareen’.
13 «Zain egon, beraz, ez dakizue-ta, ez egunik, ez ordurik.
Talentuen parabolea
(Lk 19,11-27)
14 «Jainkoaren erregetzeagaz, atzerrira urten behar eban gizonagaz lez jazoten da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak itzi eutsezan: 15 bati bost talentu*, beste bati bi eta besteari bat, bakotxari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin eban. 16 Bost talentu hartu ebazanak inbertitu egin ebazan berehala eta beste bost irabazi. 17 Beste horrenbeste talentu bi hartu ebazanak: inbertitu eta beste bi irabazi ebazan. 18 Bat bakarra hartu ebanak, ostera, lurrean zuloa egin eta bertan gorde eban nagusiaren dirua.
19 «Handik denbora askora, etorri zan nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi jaken. 20 Aurreratu zan bost talentu hartu ebazana eta beste bost aurkeztu eutsozan, esanez: ‘Jauna, bost talentu itzi zeustazan; hona beste bost neuk irabaziak’. 21 Nagusiak esan eutson: ‘Ederto, morroi on eta leiala! Gauza gitxian leial izan haz, askoren buru ipiniko haut; sartu heure jaunaren jaia ospatzera’. 22 Aurreratu zan, gero, talentu biduna eta esan eutson: ‘Jauna, talentu bi itzi zeustazan; hona beste bi neuk irabaziak’. 23 Nagusiak esan eutson: ‘Ederto morroi on eta leiala! Gauza gitxian leial izan haz, askoren buru ipiniko haut; sartu heure jaunaren jaia ospatzera’. 24 Aurreratu zan talentu bakarra hartu ebana eta esan eutson: ‘Banekian gizon zorrotza zarana, erein ez dozun tokian hartzen eta zabaldu ez dozun tokian batzen dozuna; 25 bildur nintzan, eta zure talentua lurrean ezkutatu neban. Hona zeure dirua!’ 26 Nagusiak erantzun eutson: ‘Ai morroi gaizto eta alperra! Bahekian erein ez dodan tokian hartzen dodana eta zabaldu ez dodan tokian batzen. 27 Beraz, bankuan jarri behar hendun nire dirua, bihurtzean bere korrituekin jaso neian. 28 Kendu eiozue, ba, talentua eta emon hamar daukazanari. 29 Izan ere, frutua dakarrenari emon egingo jako, eta gainezka izango dau; fruturik ez dakarrenari, barriz, daukan apurra ere kendu egingo jako*. 30 Eta ezertarako gauza ez dan morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hagin-hotsa izango dira han’.
Azken auzia
31 «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortean, bere errege-aurkian jesarriko da. 32 Herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteekandik bereiztu egingo dauz, artzainak ardiak akerretatik bereizten dauzan lez, 33 eta ardiak bere eskoian eta akerrak ezkerrean ezarriko dauz. 34 Orduan, erregeak eskoikoei esango deutse: ‘Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartuizue munduaren sortzetik zuentzat prestatuta dagoan erreinua. 35 Gose nintzan eta jaten emon zeusten-eta; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; 36 biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri’. 37 Orduan, zintzoek esango deutsoe: ‘Jauna, baina noiz aurkitu zinduguzan gosez eta jaten emon geutsun, edo egarriz eta edaten emon? 38 Noiz aurkitu zinduguzan arrotz eta etxean hartu, edo narrugorritan aurkitu eta jantzi? 39 Noiz aurkitu zinduguzan gaixorik edo kartzelan eta ikustera joan?’ 40 Eta erregeak erantzungo deutse: ‘Benetan dinotsuet: Nire seniderik txikien honeetako edozeini egin zeutsoena, neuri egin zeusten.
41 «Gero, ezkerrekoei esango deutse: ‘Alde nigandik urrun, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestauta dagoan betiko sutara. 42 Gose nintzan eta ez zeusten jaten emon-eta; egarri, eta edaten emon ez; 43 arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta kartzelan, eta ez zineen ikustera etorri’. 44 Orduan, hareek ere esango deutsoe: ‘Jauna, baina noiz aurkitu zinduguzan gosez edo egarriz, arrotz edo narrugorritan, gaixorik edo kartzelan, eta guk lagundu ez?’ 45 Harek erantzungo deutse: ‘Benetan dinotsuet: Txikien honeetako edozeini egin ez zeutsoena, neuri ez zeusten egin’. 46 Eta honeik betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».
NEKALDIA ETA BIZTUEREA (26,1—28,15)
Jesus zelan atxilotuko
(Mk 14,1-2; Lk 22,1-2; Jn 11,45-53)
26,1 Jesusek, hitzaldi guztiok amaitzean, bere ikasleei esan eutsen: 2 «Ondo dakizuenez, etzi Pazko Jaia da eta Gizonaren Semea etsaien eskuetara emon eta kurutzean josiko dabe».
3 Orduan, abadeburu eta herriko zaharrak Kaifas eritxon abade nagusiaren jauregian batu ziran, 4 eta Jesus maltzurkeriaz atxilotzea eta hiltea erabagi eben. 5 Baina hauxe inoen: «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik jazo ez dadin».
Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi
(Mk 14,3-9; Jn 12,1-8)
6 Jesus Betanian* Simon legendunaren etxean egoala, 7 emakume bat etorri jakon, hartzurizko ontzian ukendu baliotsua ekarrela. Eta Jesus mahaian egoalarik, burura isuri eutson. 8 Hori ikustean, ikasleek, hasarre, honela inotsoen:
—Zergaitik alperrik galdu horrela? 9 Nahikoa garesti saldu eitekean eta dirua behartsuei emon.
10 Ohartu zan Jesus eta esan eutsen:
—Zergaitik gogaituazoten dozue emakumea? Egintza ona egin dau nigaz. 11 Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean, baina ni ez nozue betiko zuekaz. 12 Ukendu hau nire gorputzean isuriz, hilobiratua izateko prestatu nau* aurretiaz. 13 Benetan dinotsuet: Mundu guztian zehar, barri on hau hots egingo dan edonon aitatuko da emakume hau eta beronek egina.
Jesus Judasek saldua
(Mk 14,10-11; Lk 22,3-6)
14 Orduan, Hamabietako batek, Judas Iskariote deituak, abadeburuengana joan 15 eta esan eutsen: «Zenbat agintzen deustazue Jesus zuen eskuetara emoteagaitik?»
Zilarrezko hogeita hamar txanpon* agindu eutsoezan. 16 Ordutik, Jesus hareen eskuetara emoteko egokiera bila hasi zan Judas.
Azken afarirako prestaketak
(Mk 14,12-16; Lk 22,7-13)
17 Legaminbako Ogien Jaiko lehen egunean, ikasleak hurreratu ziran Jesusengana, galdetuz:
—Non egin behar doguz Pazko-afarirako prestaketak?
18 Harek esan eutsen:
—Zoaze hurira, urliaren etxera, eta esaiozue: «Maisuak dino hurrean dala bere ordua, eta zeuenean ospatu nahi dauala Pazkoa bere ikasleekaz».
19 Jesusek agindu lez egin eben ikasleek, eta prestatu eben Pazko-afaria.
Afarian: Judasen saldukeriaren iragarpena
(Mk 14,17-21; Lk 22,14.21-23; Jn 13,21-30)
20 Iluntzean, mahaian egoan Jesus hamabi ikasleekaz. 21 Afaltzen ziharduela, Jesusek esan eban:
—Benetan dinotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau.
22 Hareik, oso goibeldurik, itaunka hasi jakozan banaka:
—Nik, Jauna?
23 Harek erantzun eban:
—Neugaz plater beretik jaten diharduan batek salduko nau. 24 Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek haretaz dinoen lez; baina zoritxarrekoa Gizonaren Semea salduko dauana! Hoba eukean jaio izan ez balitz!
25 Judasek, salduko ebanak, galdetu eutson:
—Ni ete naz hori, Maisu?
Jesusek erantzun eutson:
—Zeuk esan dozu.
Azken afaria: hona nire gorputz-odolak!
(Mk 14,22-25; Lk 22,15-20; 1 Ko 11,23-25)
26 Afaltzen ziharduela, ogia hartu eban Jesusek eta, bedeinkapena esan ondoren, zatitu eta ikasleei emon eutsen, esanez: «Hartu eizue eta jan, hau nire gorputza da».
27 Gero, kopa hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoren, emon egin eutsen, esanez: «Edan guztiok honetatik, 28 hau nire odola da-ta, Jainkoagazko ituna barrituko dauana*, pekatuak parkatzeko guztien alde isuria. 29 Egia esan, hemendik aurrera ez dot gehiago ardaurik edango, neure Aitaren erreinuan zuekaz ardau barria edan arte».
Afalondoan: Pedroren ukoen iragarpena
(Mk 14,26-31; Lk 22,31-34; Jn 13,36-38)
30 Gorazarreak kantatu ondoren*, Oliamendira abiatu ziran.
31 Jesusek esan eutsen: «Zuek guztiok nigan dozuen sinismenak huts egingo dau gaur gauean, honelaxe dago-ta idatzia Liburu Santuetan: Joko dot artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira*. 32 Baina biztu ondoren, aurretik joango naiatzue Galileara».
33 Pedrok esan eutson:
—Zuganako beste guztien sinismenak huts egiten badau ere, nireak ezelan ere ez.
34 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsut: Gaur gauean, oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu.
35 Pedrok esan eutson:
—Zeugaz hil behar badot ere, ez zaitut ezelan ere ukatuko.
Eta gauza bera inotsoen ikasle guztiek.
Getsemaniko otoitz larria
(Mk 14,32-42; Lk 22,39-46)
36 Jesus bere ikasleekaz Getsemani eritxon landa batera heldu zan, eta esan eutsen: «Zagoze hemen, ni hara otoitz egitera noan bitartean».
37 Pedro eta Zebedeoren seme biak hartu ebazan beragaz. Tristurea eta larria sentitzen hasi zan, 38 eta esan eutsen: «Hilteko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zagoze erne neugaz batera». 39 Eta aurreratxoago joanik, ahozpez jausi zan eta otoitz egin eban, esanez: «Ene Aita, ahal bada, urrundu eizu nigandik edari samin* hau. Halan ere, egin bedi zeuk nahi lez, ez nik nahi lez».
40 Ikasleengana joan eta lotan aurkitu ebazan. Pedrori esan eutson: «Beraz, ordu bete ere ezin izan zaree nigaz erne egon? 41 Zagoze erne eta egizue otoitz, tentaldian ez jausteko: gogoz gartsu izan arren, ahula da-ta gizakia*».
42 Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin eban, esanez: «Ene Aita, edari samin hau derrigorrez edan behar badot, egin bedi zure nahia».
43 Eta barriro bihurturik, lo aurkitu ebazan, begiak astun eukezan-eta. 44 Hareik itzirik, barriz ere aldendu eta hirugarren aldiz otoitz egin eban, lehengo hitzak barriro esanez. 45 Ondoren, ikasleengana joan eta esan eutsen: «Egin lo eta hartu atseden! Hara, gainean da ordua, Gizonaren Semea pekatarien eskuetara emona izateko. 46 Jagi, goazen, hemen da salduko nauana!»
Jesus loturik eroan
(Mk 14,43-50; Lk 22,47-53; Jn 18,3-12)
47 Jesusek berbetan ziharduala, han azaldu zan Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo handi bat etorren haregaz, ezpata eta makilak eskuetan, abadeburu eta herriko zaharrek bialdurik. 48 Saltzaileak seinale hau eutsen jarria: «Nik mosu emongo deutsodana, horixe da, atxilotu eizue». 49 Berehala, Jesusengana hurreratu eta esan eutson: «Agur, Maisu!»
Eta mosu emon eutson.
50 Jesusek esan eutson: «Adiskide, egizu egitekoa!»
Orduan, besteek, Jesusengana hurreraturik, heldu eta atxilotu egin eben. 51 Jesusekin egozanetako batek ezpatea atara, abade nagusiaren morroia jo eta belarria moztu eutson. 52 Jesusek esan eutson: «Bihurtu ezpata hori bere tokira, ezpataz diharduana ezpataz hilgo da-ta. 53 Ala uste dozu ezin deutsodala Aitari dei egin? Hamabi aingeru-talde eta gehiago jarriko leuskidaz berehala ondoan. 54 Baina zelan beteko lirateke, orduan, Liburu Santuak, honela gertatu behar dauala dinoe-ta?»
55 Une haretan, Jesusek jendeari esan eutson: «Ezpataz eta makilaz etorri zaree, lapur baten bila lez, ni harrapatzera! Egunero jesarten nintzan tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. 56 Baina hau guztia profetek idatzia bete dadin jazo da».
Orduan, ikasle guztiek Jesus itzi eta ihes egin eben.
Jesus judu-batzarraren aurrean
(Mk 14,53-65; Lk 22,54-55.63-71; Jn 18,13-15.19-24)
57 Jesus atxilotu ebenek Kaifas abade nagusiaren etxera eroan eben, hantxe egozan-eta alkartuta lege-maisu eta herriko zaharrak. 58 Pedro, Jesusi urrunetik jarraituz, abade nagusiaren jauregiraino joan eta, barrura sarturik, morroiekaz jesarri zan, ha guztia zertan amaitzen zan ikusteko.
59 Abadeburuak eta batzar Nagusi* osoa Jesusen kontra guzurrezko lekukotasun bila ebilzan, heriotzara kondenatzeko; 60 baina ez eben aurkitu, guzurrezko lekuko asko azaldu arren. Azkenean, bi azaldu ziran, 61 esanez: «Honek esana da: Jainkoaren santutegia desegin daiket eta hiru egunean barriro jaso».
62 Orduan, abade nagusiak zutundu eta galdetu eutson:
—Ez deutsezu ezer erantzun behar zure kontra ataraten dabezenei?
63 Baina Jesus isilik. Abade nagusiak esan eutson:
—Jainko biziagaitik eskatzen deutsut: Esaiguzu zinez zeu zaran Mesias, Jainkoaren Semea.
64 Jesusek erantzun:
—Zeuk esan dozu. Eta gehiago dinotsuet: Laster Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskoian jesarrita eta zeruko hodei gainean etorten ikusiko dozue.
65 Orduan, abade nagusiak bere jantziak urratu ebazan eta esan:
—Biraoa* esan dau. Ba ete dogu lekuko beharrik? Zeuek entzun dozue biraoa. 66 Zer deritzozue?
Hareek erantzun:
—Heriotzea merezi dau.
67 Orduan, aurpegira txistua bota eta ukabilkadak emon eutsoezan; beste batzuek matrailakoak emoten eutsoezan, 68 esanez: «Igarri egik, Mesias, nork jo hau?»
Pedrok Jesus ukatu
(Mk 14,66-72; Lk 22,56-62; Jn 18,15-18.252-7)
69 Pedro kanpoan jesarrita egoan, patioan; neskame batek ondoratu eta esan eutson:
—Hi ere Jesus galilearragaz bizi hintzen.
70 Baina harek guztien aurrean ukatu eban:
—Ez jakinat zertaz dihardunan.
71 Ate ondora urten eban, eta beste neskame batek ikusi eta han egozanei esan eutsen:
—Jesus nazaretarragaz ibilia da hau.
72 Pedrok barriro ukatu eban, zin eginez:
—Ez dot ezagutzen gizon hori.
73 Geroxeago, han egozanek, hurreraturik, Pedrori esan eutsoen:
—Bai, hi ere horreetakoa haz, jakina; hizkeran ezagun dok.
74 Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zan:
—Ez dot ezagutzen gizon hori.
Une haretan oilarrak jo eban. 75 Gogoratu jakon Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu», eta, kanpora urtenik, negarrari emon eutson saminez.
Jesus Pilatogana eroana
(Mk 15,1; Lk 23,1-2; Jn 18,28)
27,1 Eguna argitu zanean, abadeburu eta herriko zahar guztiek alkartu eta Jesusen kontrako erabagia hartu eben, heriotzara kondenatzeko. 2 Gero, lotuta eroan eben eta Pilato* gobernariaren eskuetara emon.
Judasen heriotzea
(Eg 1,18-19)
3 Judas saltzaileak, Jesus kondenatu egin ebela ikustean, damu izan eban eta zilarrezko hogeita hamar txanponak abadeburu eta herriko zaharrei bihurtu eutsezan, 4 esanez:
—Oker egin dot, errugabea heriotzara emonez.
Baina hareek erantzun eutsoen:
—Eta guri zer? Hor konpon!
5 Orduan, dirua tenpluan jaurtirik, alde egin eta bere burua urkatu eban. 6 Abadeburuek dirua jaso eta esan eben: «Ez da legezko diru hau tenpluko dirutegira botatea, odoletan zikindua da-ta».
7 Eta alkarren artean erabagi ondoren, «Lapikogilearen ortua» erosi eben diru harekin, kanpotarren hilerri izan eiten. 8 Horregaitik, gaur egun ere «Odol-ortu» deitzen jako toki hari. 9 Holan bete zan Jeremias profeteak esana*: Eta hartu ebezan zilarrezko hogeita hamar txanponak; hori izan zan israeldarrek ezarri eutsoen salneurria. 10 Eta lapikogilearen ortua erosteko erabili ebezan, Jaunak agindu eustan lez.
Jesus Pilatoren aurrean
(Mk 15,2-5; Lk 23,3-5; Jn 18,28-38)
11 Jesus gobernariaren aurrean aurkeztu eben. Gobernariak galdetu eutson:
—Zu zara juduen erregea?
Jesusek erantzun eutson:
—Zeuk dinozu.
12 Abadeburuek eta zaharrek salaketa asko egiten eben Haren aurka, baina Harek ez eban ezer erantzuten. 13 Pilatok esan eutson:
—Ez dozu entzuten zenbat gauza ataraten daben zure kontra?
14 Eta salakuntza bati ere ez eutson-eta erantzunik emon, guztiz harriturik gelditu zan gobernaria.
Jesus heriotzara kondenatua
(Mk 15,6-15; Lk 23,13-25; Jn 18,39—19,16)
15 Pazko jaiero preso bat askatu ohi eban gobernariak, herriak nahi ebana. 16 Bazan orduan preso sonatu bat, Barrabas* izenekoa. 17 Beraz, jendea batu zanean, Pilatok galdetu eutsen:
—Nor nahi dozue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias dalakoa?
18 Ondo ekian-eta bekaizkeriaz emona eutsoela Jesus.
19 Epai-mahaian jesarrita egoala, emazteak mandatu hau bialdu eutson: «Ez zaitezala errugabe horrekin sartu! Asko sufritu dot bart amesetan hori dala-eta».
20 Baina abadeburuek eta zaharrek jendea berotu eben Barrabasen askatasuna eta Jesusen heriotzea eskatu eizan. 21 Gobernariak barriro galdetu eutsen:
—Bietako nor nahi dozue askatzea?
—Barrabas —erantzun eben.
22 Pilatok esan eutsen:
—Eta zer egin behar dot Jesusegaz, Mesias dalakoagaz?
Danek erantzun eben:
—Kurutzean josi!
23 Eta Harek:
—Zer oker egin dau, ba?
Hareek, orduan eta oihu handiagoz:
—Kurutzean josi!
24 Guztia alperrik zala eta, gainera, iskanbila sortzera joiala ikusirik, Pilatok ura hartu eta eskuak garbitu ebazan jendearen aurrean, esanez:
—Ez naz gizon honen heriotzearen erantzule! Zeuek ikusi!
25 Herri osoak erantzun eban:
—Geu eta gure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule*!
26 Orduan, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigortuazo ondoren*, hareen eskuetara emon eban, kurutzean josi eien.
Soldaduen isekak (burlak)
(Mk 15,16-20; Jn 19,2-3)
27 Gobernariaren soldaduek Jesus jauregira bihurtu eben eta gudu-taldeko danak batu ebezan haren inguruan. 28 Soinekoak erantzi eutsoezan eta purpurazko kapa batez jantzi eben. 29 Arantzaz egindako koroia ezarri eutsoen buruan eta kainabera eskuan, eta, aurrean belaunikaturik, iseka egin eutsoen esanez: «Agur, juduen erregea!»
30 Txistua botaten eutsoen eta, kainaberea kendurik, buruan joten eben. 31 Nahikoa iseka egin ondoren, kapa erantzi eta bere soinekoak jarri eutsoezan. Gero, kurutzean josteko eroan eben.
Jesus kurutzean josia
(Mk 15,21-27; Lk 23,26.32-33.38; Jn 19,17-24)
32 Urtetean, Ziraneko gizon bat aurkitu eben, Simon eritzona, eta Jesusen kurutzea eroatera* behartu eben.
33 Golgota izeneko tokira heldu ziranean (Golgotak «Buru-hazur» esan nahi dau), 34 behazunez nahastutako ardaua* emon eutsoen edatera. Jesusek dastatu, baina ez eban edan gura izan. 35 Kurutzean josi ondoren, soldaduek Jesusen jantziak banatu egin ebezan zotz eginez. 36 Eta bertan gelditu ziran, jesarrita, zaintzen. 37 Buruaren gainaldean kondenearen arrazoia ipini eben idatzita: «Hau Jesus da, juduen erregea». 38 Lapur bi josi ebezan kurutzean Jesusegaz batera, bata eskoian eta bestea ezkerrean.
Jesus kurutzean iraindua
(Mk 15,29-32; Lk 23,35-39)
39 Handik igaroten ziranek irain egiten eutsoen Jesusi, buruari eragin 40 eta esanez: «Santutegia desegin eta hiru egunean eraikitzen ei duan horrek, Jainkoaren Semea bahaiz, salbau egik heure burua! Jaitsi hadi kurutzetik!»
41 Era berean, abadeburu, lege-maisu eta zaharrek ere irri egiten eutsoen, esanez: 42 «Besteak salbau jauzak, eta bere burua ezin. Israelgo errege ei dok hori; jaitsi dadila oraintxe kurutzetik, eta sinistuko joaguk beragan. 43 Jainkoagan jarri jok uste ona; libratu daiala oraintxe, maite badau; ez eban, ba, esaten Jainkoaren Semea zala?»
44 Beste horrenbeste, beragaz kurutzean josita egozan lapurrek ere irain egiten eutsoen.
Jesusen heriotzea
(Mk 15,33-41; Lk 23,44-49; Jn 19,28-30)
45 Eguerditik hirurak arte ilundu egin eban lurbira osan. 46 Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan eban: «Eli, Eli, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nauzu?»).
47 Hau entzutean*, bertan egozan batzuk esan eben: «Eliasi deika dihardu».
48 Eta berehala, hareetako batek, lasterka belaki bat hartzera joan, ozpinetan busti eta, kainabera bati muturrean jarriz, edatera emon eutson. 49 Besteek, barriz, inotsoen: «Egon, ea jatorkon Elias salbatzera!»
50 Baina Jesusek, barriro deiadar handia eginez, azken arnasea emon eban. 51 Eta horra, santutegiko oihala* erdiz erdi urratu zan, goitik beheraino; lurrikarea izan zan eta hatxak zartatu egin ziran; 52 hilobiak zabaldu eta hilik egozan santu asko biztu egin ziran: 53 hilobietatik urten eta, Jesus biztu ondoren, uri santuan sartu ziran eta jende askori agertu jakozan. 54 Lurrikarea eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta haregaz Jesus zaintzen egozan besteek, bildurrak jota, esan eben: «Benetan, Jainkoaren Semea zan hau!» 55 Baziran han emakume asko ere, urrutitik begira; Jesusi jarraituz Galileatik etorriak ziran, beraren zerbitzari; 56 hareen artean, Magdalako Maria, Santiago eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.
Jesus hilobian ezarria
(Mk 15,42-47; Lk 23,50-56; Jn 19,38-42)
57 Ilunabarrean, Jose eritzon Arimateako* gizon aberats bat etorri zan, Jesusen ikaslea. 58 Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu eutson. Pilatok emoteko agindu eban. 59 Josek, gorpua harturik, izara garbi baten batu eban 60 eta hatxean zulaturiko hilobi barri baten ezarri. Gero, harri handi bat irauliz, hilobiko sarrerea itxi eta joan egin zan. 61 Magdalako Maria eta beste Maria hilobi aurrean jesarrita egozan.
Hilobia zigilatua eta zaindua
62 Biharamuna zapatua zan*. Abadeburuak eta fariseuak Pilatogana batu ziran alkarregaz, 63 eta esan eutsoen:
—Jauna, gogoratu dogu engainatzaile horrek, artean bizi zalarik, esan ebala: «Hiru egunen buruan biztu egingo naz». 64 Agindu eizu, ba, hirugarren egunera arte hilobia zaintzeko; ez dadila gertau, haren ikasleek gorpua eroan eta gero «Hilen artetik biztu da» herriari esanez etortea. Azken engainu hau lehenengoa baino okerragoa izango litzateke.
65 Pilatok erantzun eutsen:
—Badozuez zeuen guardak. Zoaze, eta zaindu dakizuen modura.
66 Joan ziran, ba, eta hilobia segurtatu eben, harria zigilatuz eta guardia ipiniz.
Jesusen biztuerearen barria
(Mk 16,1-8; Lk 24,1-12; Jn 20,1-10)
28,1 Zapatua igaro eta asteko lehen eguna* argitzean, Magdalako Maria eta beste Maria hilobia ikustera joan ziran. 2 Bat-batean, lurrikara gogorra gertatu zan: Jaunaren aingerua jatsi zan zerutik eta, hurreraturik, harria biratu eban eta gainean jesarri. 3 Tximista itxurea eukan eta haren jantzia edurra baizen zuria zan. 4 Ha ikustean, bildurrez dardar eta hilda lez gelditu ziran zaintzaileak. 5 Baina aingerua emakumeei zuzendu jaken, esanez: «Zuek ez bildurtu. Badakit Jesus kurutzean josiaren bila zabizena. 6 Ez dago hemen, biztu da-ta, esan eban lez. Zatoze eta ikusi jarria egon zaneko tokia. 7 Gero, zoaze bizkor ikasleei esatera: ‘Hilen artetik biztu egin da eta zuen aurretik joango da Galileara; hantxe ikusiko dozue’. Hauxe da esan behar neutsuena».
8 Hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz eta poz-pozik, ikasleei barri emotera joan ziran lasterka. 9 Haretan, Jesusek urten eutsen bidera eta agurtu egin ebazan.
Emakumeek, ondoraturik, oinak besarkatu eutsoezan eta gurtu egin eben. 10 Jesusek esan eutsen: «Ez bildurtu! Zoaze eta esan nire senideei Galileara joateko; hantxe ikusiko nabe».
Soldaduak erosi
11 Emakumeak joan ondoren, guarda batzuk urira etorri ziran jazotako guztiaren barri abadeburuei emotera. 12 Abadeburuek, zaharrekaz batu eta soldaduei dirutza on bat emoteko erabagia hartu eben, 13 honela aginduz: «Esan eizue, haren ikasleek gauez etorri eta zuek lo zengozela gorpua eroan egin dabela. 14 Gobernariaren belarrietara ezer heltzen bada, geu konponduko gara haregaz eta atarako zaituegu arriskutik».
15 Soldaduek dirua hartu eta esan lez egin eben. Eta halaxe zabaldu da juduen artean kontu hori gaur arte.
KONKLUSIOA: IKASLEAK
MUNDU OSORA BIALDUAK (28,16-20)
(Mk 16,14-18; Lk 24,36-49; Jn 20,19-23; Eg 1,6-8)
16 Hamaika ikasleak Galileara joan ziran, Jesusek esandako mendira. 17 Ikusi ebenean, gurtu egin eben; batzuk, barriz, zalantzan egozan. 18 Jesusek, hurreraturik, holan egin eutsen berba: «Ahalmen osoa emon deust Jainkoak zeru-lurretan. 19 Zoaze, ba, eta egin herri guztiak neure ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bateatuz 20 eta nik agindu deutsuedan guztia beteten irakatsiz. Eta ni zeuekaz izango nozue egunero munduaren azkenera arte».