Jesusek eskatologiaz jardun (24,1—25,46)
Sarrera: tenplua suntsitua izango
(Mk 13,1-2; Lk 21,5-6)
24,1 Jesus tenplutik urten eta bajoian. Orduan, ikasleek hurreratu eta tenpluko eraikinak erakutsi eutsoezan. 2 Baina Jesusek esan eutsen: «Ikusten dozue hori guztia, ez da? Ba, benetan dinotsuet: Ez da hemen harririk harri gainean geldituko: dana ezereztuko dabe».
Azkenaren aurreko seinaleak
(Mk 13,3-13; Lk 21,7-19)
3 Gero, Oliamendin* jesarrita egoala, ikasleek bakarrean hurreratu eta galdetu eutsoen: «Esaiguzu noiz gertatuko dan hori, eta zein izango dan zure etorrerearen eta munduaren azkenaren ezaugarria».
4 Jesusek erantzun eutsen: «Kontuz! Ez zaizela inork atzipetu! 5 Asko etorriko dira, nire izena eurenganatuz eta esanez: ‘Neu naz Mesias’; eta jende ugari engainatuko dabe. 6 Gerra-hots eta zurrumurruak entzungo dozuez. Begira, ez izutu, gertatu beharrekoa da-ta hori guztia; baina oraindino ez da azkena. 7 Izan ere, nazinoa nazinoaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra jagiko dira; goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen. 8 Baina hori guztia erdiminen hasierea da.
9 «Zori larrian jarriko zaituee eta hil egingo; herri guztiek gorroto izango deutsuee nigaitik. 10 Orduan, askok fedeari uko egingo deutsoe*, eta alkar saldu eta gorrotatuko dabe. 11 Sasiprofeta asko jagiko dira eta asko engainatuko dabez. 12 Eta gaiztakeria ugaltzean, gehienen maitasuna hoztu egingo da; 13 baina azkeneraino sendo irauten dauana, horixe izango da salbatua. 14 Mundu guztian iragarriko da Jainkoaren erregetzearen barrion hau, herri guztiek haren barri izan daien. Orduan etorriko da azkena.
Larrialdi izugarria
(Mk 13,14-23; Lk 21,20-24)
15 «Daniel profeteak aitatzen dauan profanatzaile higuingarria* toki santuan ezarrita ikusiko dozuenean —irakurleak uler beza—, 16 orduan, Judean dagozanek ihes egin beie mendietara; 17 etxe gainean dagoana ez bedi jaitsi etxeko gauzak hartzera, 18 eta soloan dana ez bedi itzuli soingaineko bila. 19 Dohakabeak egun hareetan seindun dagozanak eta bularreko umeak dabezanak! 20 Eskatu Jainkoari, ihes egin beharra neguan edo zapatuz jazo ez dakizuen. 21 Munduaren hasieratik orain arte izan ez dan eta izango ez dan lango larrialdi handia izango da-ta orduan. 22 Eta Jainkoak aldi hori laburtuko ez baleu, ez leuke inortxok ere bizirik urtengo; baina, aukeratuak dirala eta, laburtu egingo dauz egunok.
23 «Orduan, inork ‘Hona hemen Mesias’ edo ‘Hara han’ esango baleutsue, ez sinistu. 24 Izan ere, guzurrezko mesiasak* eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak eurak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirari handiak eta egintza harrigarriak egingo dabez. 25 Horra, jakinaren gainean jarri zaituet aurretiaz. 26 Beraz, inork ‘Hara, basamortuan dago’ esaten badeutsue, zuek ez urten, edo ‘Hara, etxe barruan dago’ esaten badeutsue, ez sinistu. 27 Izan ere, tximisteak une baten sortaldetik sartalderaino argi egiten dauan lez, bardin izango da Gizonaren Semearen etorrerea. 28 Sarraskia non, han batzen dira putreak.
Gizonaren Semearen etorrerea
(Mk 13,24-27; Lk 21,25-28)
29 «Egun hareetako larrialdiaren ondoren, berehala, eguzkia ilundu egingo da, ilargiak ez dau argirik egingo, izarrak zeru goitik jausi egingo dira, eta ortziak dardarka egingo dau. 30 Orduan, Gizonaren Semearen seinalea agertuko da zeruan, eta lurreko leinu guztiek bular-joka ekingo deutsoe, Gizonaren Semea zeruko hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etorten ikustean. 31 Orduan, bere aingeruak bialduko dauz turuta-hots ozenez, eta haren aukeratuak batuko dabez lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
Ez dakizue hau guztia noiz izango dan. Egon erne!
(Mk 13,28-33.35; Lk 21,29-33;17,26-30.34-36;12,39-40)
32 «Ikasi ikondoaren irudi honetatik: kimua barritzen eta orria zabaltzen jakoneko, badakizue udea hur dana. 33 Era berean, gauza horreik ikustean, jakizue hur dala, Gizonaren Semea* ate ondoan dozuela. 34 Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. 35 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete barik igaroko.
36 «Baina zein egunetan edo ordutan jazoko dan, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak bakarrik baino. 37 Noeren sasoian lez gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan. 38 Uriolearen aurretik, jan-edanean ziharduen eta ezkondu egiten zan jendea, Noe untzian sartu zan arte; 39 eta ez ziran konturatu, uriolea heldu eta danak eroan ebazan arte. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. 40 Soloan izango diran gizon bietatik, bata eroan eta bestea itzi egingo dabe; 41 errotan eihotzen diharduen emakume bietatik, bata eroan eta bestea itzi egingo dabe. 42 Zain egon, beraz, ez dakizue-eta zein egunetan etorriko dan zuen Jauna. 43 Hartu gogoan hau: etxeko nagusia, lapurra gaueko zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, zain egongo litzateke eta ez leuke etxea zulatzen itziko. 44 Prest egon, ba, zuek ere, gitxien uste dozuen orduan etorriko da-ta Gizonaren Semea.
Zerbitzuan leial iraun
(Lk 12,41-48)
45 «Izan zaiteze morroi leial eta zentzunduna lez, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna emon deutsona lez. 46 Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau. 47 Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau. 48 Baina morroia gaiztoa bada eta, nagusiak luzatu egingo daualakoan, 49 bere morroikideak joten eta mozkorrekin jan-edanean hasten bada, 50 gitxien uste dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, 51 eta zigorrik gogorrena ezarriko deutso eta itxurazaleek merezi daben zoria emongo. Negarra eta hagin-karraska izango dira han.