Nondik Jesusen aginpidea?
(Mt 21,23-27; Mk 11,27-33)
20,1 Egun baten, Jesusek tenpluan herriari irakasten eta barriona iragarten ziharduala, abadeburuak eta lege-maisuak etorri jakozan zaharrekaz batera, 2 eta galdetu eutsoen:
—Esaiguzu zein aginpidez jokatzen dozun horrela. Nor da aginpide hori emon deutsuna?
3 Jesusek erantzun eutsen:
—Neuk ere gauza bat galdetuko deutsuet. Esaidazue: 4 Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bateatzen eban?
5 Hareek holan jardun eben euren artean: «Jainkoaren aginduz ziharduala esaten badeutsogu, zergaitik ez geutson sinistu erantzungo deusku. 6 Giza aginduz ziharduala esaten badeutsogu, barriz, jendeak harrika egingo deusku, danak dagoz-eta Joan profeta zala sinisturik».
7 Beraz, ez ekiela noren aginduz ziharduan erantzun eutsoen.
8 Jesusek, orduan:
—Ba, nik ere ez deutsuet esango zein aginpidez jokatzen dodan horrela.
Nekazari hiltzaileen parabola
(Mt 21,33-46; Mk 12,1-12)
9 Orduan, parabola hau esan eutson Jesusek herriari: «Gizon batek mahastia landatu eban eta, nekazari batzui errentan itzirik, urrutira joan zan aldi baterako. 10 Bere sasoian, morroi bat bialdu eutsen nekazariei, mahastiaren frututik egokion partea emon eioen. Baina nekazariek morroia jo eta esku-hutsik bialdu eben. 11 Barriro beste morroi bat bialdu eutsen; baina hau ere jo, irainez bete eta esku-hutsik bialdu eben. 12 Hirugarrena ere bialdu eutsen; baina ha ere zauritu eta kanpora bota eben. 13 Mahasti-jabeak, orduan, berekautan esan eban: ‘Zer egin? Neure seme maitea bialduko dot. Izango deutsoe honi begirune!’ 14 Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan eutsoen alkarri: ‘Oinordekoa dok! Hil daigun, eta mahastiaren jabe izango gaituk’. 15 Eta mahastitik kanpora bota eta hil egin eben.
«Zer egingo ete deutse, ba, mahasti-jabeak? 16 Joan eta garbitu egingo ditu langile horreik, eta mahastia beste batzuen esku itziko».
Entzuten egozanek esan eben:
—Ez daiala Jainkoak nahi!
17 Baina, Jesusek, begira-begira jarririk, esan eutsen:
—Zer esan nahi dau, ba, Liburu Santuak dinoan honek:
Etxegileek baztertutako harria
giltzarri bihurtu da?
18 «Harri honen gainera jausten dana lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera jausten bada, txikitu egingo dau».
19 Lege-maisu eta abadeburuek Jesusi eskua ezarri nahi izan eutsoen orduan bertan, ondo jabetu ziran-eta eurekaitik esan ebala parabola ha. Baina bildur izan eutsoen jendeari.
Zesarrena Zesarri, Jainkoarena Jainkoari
(Mt 22,15-22: Mk 12,13-17)
20 Lege-maisuek eta fariseuek Jesus salatzen hasi ziran. Zirikatzaile batzuk bialdu eutsoezan, zintzoarena eginez, ha hitzen baten harrapatzeko eta, halan, gobernariaren esku eta mendean jarteko asmoz. 21 Honela galdetu eutsoen, ba:
—Maisu, badakigu zuzen hitz egiten eta irakasten dozuna eta ez dozuna kontuan hartzen gizakiaren itxurea, Jainkoaren bidea behar dan lez irakasten dozula baino. 22 Zilegi jaku Zesarri zerga* ordaintzea, bai ala ez?
23 Hareen maltzurkeria sumaturik, Jesusek esan eutsen:
24—Ea, erakutsi txanpon bat*. Norenak dira daroazan irudia eta izena?
Hareek erantzun:
—Zesarrenak
25 Jesusek, orduan:
—Emon, ba, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.
26 Ezin izan eben ezertan ere herriaren aurrean harrapatu eta, haren erantzunaz harriturik, hitzik barik gelditu ziran.
Hildakoen biztuereaz
(Mt 22,23-33; Mk 12,18-27)
27 Ondoren, saduzear batzuk etorri jakozan Jesusi. Honeek hildakoak ez dirala bizten esaten dabe. Eta holan galdetu eutsoen:
28—Maisu, Moisesek idatzi euskun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik barik hilten bajako, ezkondu bedi alargunarekin, anaieari ondorengoa emoteko.
29 «Baziran, ba, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik barik hil zan. 30 Bigarrena 31 eta hirugarrena alargunarekin ezkondu ziran, eta zazpirak bardin. Eta danak seme-alabarik barik hil ziran. 32 Azkenik, hil zan emakumea ere. 33 Biztuerakoan, noren emazte izango da, zazpirek izan eben-eta emazte?»
34 Jesusek erantzun eutsen:
—Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; 35 baina datorren munduan eta hildakoen biztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dauzanak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko; 36 izan ere, ezin daitekez barriro hil, aingeruen antzeko dira-ta, eta Jainkoaren seme-alaba, biztueran parte daben ezkero*. 37 Gainera, hildakoak bizten dirala Moisesek berak adierazo eban, sutan egoan sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen deutsonean. 38 Ez da hilen Jainkoa, biziena baino, harentzat danak bizirik dagoz-eta.
39 Orduan, lege-maisu batzuk hitza hartu eben eta esan:
—Ederto esan dozu, Maisu.
40 Eta ez ziran ausartzen beste galderarik egitera.
Mesias, Daviden Seme eta Jaun
(Mt 22,41-46; Mk 12,35-37)
41 Jesusek galdera hau egin eutsen: «Zelan esaten da Mesias Daviden ondorengo* dala? 42 Izan ere, Davidek berak dino Salmoen liburuan:
«Hona Jaunak nire Jaunari esana:
‘Jesarri nire eskoian,
43 zure etsaiak oinazpian
jarten deutsudazan bitartean’.
44 «Beraz, Davidek Jauna deitzen deutso; orduan, zelan izan daike ondorengo?»
Jesusek lege-maisuak salatu
(11,37-54; Mt 23,1-12; Mk 12,38-40)
45 Herri guztia entzuten eukala, Jesusek ikasleei esan eutsen: 46 «Kontuz lege-maisuekaz! Gogoko dabe-eta harro-harro jantzita ibiltea eta plazetan jendeak eurei agur egitea; gogoko dabez sinagogetan lehenengo aurkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak; 47 eta azkenbako otoitzen atxakiaz, emakume alargunen ondasunak irusten dabez. Epairik zorrotzena izango dabe horrelako horreek».