Jesus Pilatoren aurrean
(Mt 27,1-2.11-14; Lk 23,1-5; Jn 18,28-38)
15,1 Eguna argitzeaz batera, abade-buru, zahar eta lege-maisuak batu ziran —Batzar Nagusi osoa—, eta, erabagia hartu ondoren, Jesus lotuta eroan eben eta Pilatoren eskuetara emon. 2 Pilatok galdetu eutson:
—Juduen erregea zara Zu?
Jesusek erantzun eutson:
—Zeuk dinozu.
3 Abade-buruek salaketa asko egiten ebezan haren kontra. 4 Pilatok esan eutson:
—Ez dozu ezer erantzun behar? Begira zenbat gauzaz salatzen zaituen.
5 Baina Jesusek ez eutsolako gehiago erantzun, harriturik gelditu zan Pilato.
Jesus heriotzara kondenatua
(Mt 27,15-26; Lk 23,13-25; Jn 18,39–19,16)
6 Pazko Jaiero preso bat askatu ohi eban Pilatok, herriak eskatzen ebana. 7 Bazan kartzelan Barrabas eritzon bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekaz batera. 8 Igon eban jendeak gobernariaren jauregira eta ohitura eukana emoteko eskatu eutsoen. 9 Pilatok erantzun eutsen:
—Nahi dozue juduen erregea askatzea?
10 Ondo ekian-eta abade-buruek bekaizkeriaz emona eutsoela Jesus. 11 Baina abade-buruek jendea berotu eben, Barrabas libratzeko eskatu eian.
12 Barriro zuzendu jaken Pilato:
—Eta zer egin behar dot juduen errege deitzen dozuen honegaz?
13 Jendeak, orduan, oihu:
—Kurutzera hori!
14 Eta Pilatok:
—Zer oker egin dau, ba?
Hareek, orduan eta oihu handiagoz:
—Kurutzera hori!
15 Orduan, Pilatok, jendeari poz emotearren, Barrabas askatu eutsen eta Jesus, zigorkatuazo ondoren, hareen eskuetara emon eban, kurutzeratu eien.
Soldaduen isekak
(Mt 27,27-31; Jn 19,2-3)
16 Soldaduek gobernariaren jauregira sartu eben Jesus, eta gudu-taldeko danak batu ebezan. 17 Purpurazko jantzia ipini eutsoen soinean eta arantzaz egindako koroia buruan.
18 Eta agurka hasi jakozan: «Agur, juduen erregea!»
19 Kainaberaz joten eben buruan, txistua botaten eutsoen eta, belaunikatuz, aurrean ahuzpez jarten jakozan. 20 Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri eutsoezan. Gero, atara eta kurutzean josteko eroan eben.
Jesus kurutzuntzatua
(Mt 27,32-38; Lk 23,26.32-33.38; Jn 19,17-24)
21 Solotik etxerakoan handik joian bat, Simon Ziranekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen kurutzea eroatera behartu eben.
22 Golgota izeneko tokira eroan eben Jesus (Golgotak «Buru-hazur» esan gura dau).
23 Mirraz nahastutako ardaua eskeini eutsoen, baina ez eban hartu. 24 Josi eben kurutzean, eta haren jantziak banatu egin ebezan, zer zeinentzat zotz eginez.
25 Bederatzirak ziran kurutzean josi ebenean. 26 Eta honela inoan kondenaren arrazoia adierazten eban idazkunak: «Juduen erregea». 27 Jesusegaz batera, lapur bi kurutzeratu ebezan, bata eskoian eta bestea ezkerrean. (28).
Jesus kurutzean iraindua
(Mt 27,39-44; Lk 23,35-39)
29 Handik igaroten ziranek irain egiten eutsoen Jesusi, buruari eragin eta esanez: «Hara, santutegia eratsi eta hiru egunean eraikitzen ei dauana! 30 Salbatu egik heure burua! Jatsi hadi kurutzetik!»
31 Era berean, abade-buru eta lege-maisuek ere irri egiten eutsoen, alkarri esanez: «Besteak salbatu jozak, eta bere burua ezin. 32 Mesias ei dok hori, Israelgo erregea; jatsi dadila orain kurutzetik, ikusi eta sinistu daigun».
Beragaz kurutzean josiak egozanek ere irain egiten eutsoen.
Jesusen heriotzea
(Mt 27,45-56; Lk 23,44-49; Jn 19,28-30)
33 Eguerdian, ilundu egin eban lurbira osoan hirurak arte. 34 Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan eban: «Eloi, Eloi, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nozu?»)
35 Hau entzutean, bertan egozan batzuk esan eben: «Eliasi deika jabilk».
36 Orduan, batek, arineketan joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kainabera bati muturrean lotuz, edatera emon eutson, esanez: «Egon, ea jatorkon Elias kurutzetik erastera».
37 Baina Jesusek, deadar handia eginez, azken arnasea emon eban. 38 Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zan, goitik behera.
39 Aurrean egoan erromatar ehuntariak, zelan hil zan ikustean, esan eban: «Benetan, gizon hau Jainkoaren Semea zan».
40 Baziran han emakume batzuk ere, urrundik begira; hareen artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome. 41 Honeik Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziran, Galilean egoala; baegozan beste emakume asko ere, Jesusegaz Jerusalemera igondakoak.
Jesus hilobian ipinia
(Mt 27,57-61; Lk 23,50-56; Jn 19,38-42)
42 Ilunabarrean —zapatu-bezpera zan egun ha, festarako prestaketak egiteko eguna—, 43 Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zan, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zan, eta Jainkoaren erregetzea noiz helduko zain egoan. 44 Harritu zan Pilato ordurako hilda egoteaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu eutson ea egia zan hilda egoala. 45 Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eroateko baimena emon eutson Joseri. 46 Honek izara bat erosi eta, Jesus kurutzetik eratsirik, izaran batu eban eta hatxean zulaturiko hilobi baten ezarri. Gero, harri bat irauliz itxi eban hilobiko sarrerea. 47 Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezarten eben begira egozan.