SARREREA (1,1-51)
Jainkoaren Hitza gizon egin
1,1 Hasieran bazan Berbea.
Berbea Jainkoagaz zan
eta Berbea Jainko zan.
2 Hasieran Jainkoagaz zan Berbea.
3 Gauza guztiak beronen bidez egin ziran,
eta egindakotik ezer
ez da berau barik egin.
4 Berbeagan zan bizia,
eta bizia gizakien argia zan;
5 argi horrek ilunpetan argi egiten dau,
baina ilunpeek ez eben onartu*.
6 Agertu zan gizon bat Jainkoak bialdua; Joan* eban izena. 7 Testigu izatera etorri zan, argiaz testigantza egitera, bere mezuaren bidez sinistu eien. 8 Ez zan ha argia, argiaren testigantza egin behar ebana baino.
9 Berbea zan egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dauzana*.
10 Munduan zan
eta, mundua* haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez eben onartu.
11 Bere etxera etorri zan,
baina beretarrek ez eben onartu.
12 Onartu eben guztiei, barriz,
hau da, beragan sinisten dabenei
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena emon eutsen.
13 Honeik* ez dira giza odolekoak,
ez eta gizakiaren borondatez sortuak ere,
Jainkoagandik jaioak baino.
14 Eta Berbea gizon egin zan
eta geure artean jarri bizi izaten*.
Ikusi dogu haren Jainko-aintza,
Aitagandik maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari dagokion aintza.
15 Joanek beronetaz egin eban testigantza, oihu eginez: «Honetaz niharduan nik, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa zan-eta” esan nebanean».
16 Izan ere, guztiok hartu dogu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain*
hartu ere.
17 Legea Moisesen bidez emon zan;
maitasuna eta egia, barriz,
Jesus Mesiasen bidez.
18 Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi;
Aitaren barruan dagoan eta Jainko dan
Seme bakarrak emon deusku haren barri.
Joan Bataiatzailearen testigantzea
(Mt 3,1-12; Mk 1,2-8; Lk 3,1-6.15-17)
19 Judu-agintariek* Jerusalemdik abade- eta lebitar-talde bat bialdu eutsoen Joani nor zan galdetzera. 20 Harek argi eta garbi autortu eban:
—Ni ez naz Mesias.
21—Orduan, zer? Elias zara? —galdetu eutsoen.
Joanek erantzun:
—Ez.
—Etortekoa dan profetea* zara?
Harek erantzun:
—Ez.
22 Barriro galdetu eutsoen:
—Nor zaitugu, bada? Bialdu gaituenei erantzunen bat bihurtu behar deutsegu. Zer dinozu zeure buruaz?
23 Joanek, Isaias profetaren hitzak aitatuz, esan eban:
—Ni, «Prestatu bidea Jaunari»
basamortuan oihuka diharduanaren
ahotsa naz.
24 Talde haretako batzuk fariseuak ziran. 25 Honeek galdetu eutsoen:
—Beraz, Mesias ez bazara, ez Elias, ez eta etortekoa dan profetea ere, zelan diharduzu bateatzen?
26 Joanek erantzun eutsen:
—Nik urez bateatzen dot; zuen artean badozue, ordea, ezagutzen ez dozuen bat, 27 nire ondoren datorrena, eta ni ez naz inor hari oinetako lokarriak askatzeko ere.
28 Hau danau Betanian* jazo zan, Jordan ibaiaren beste aldean, han ziharduan-eta Joanek bateatzen.
Joanek Jesus, Jainkoaren Bildotsa, aurkeztu
29 Biharamunean, Joanek Jesus beragana etorten ikusi eta esan eban: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko pekatua kentzen dauana. 30 Honetaz niharduan, “Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa zan-eta” esan nebanean. 31 Neuk ere ez neban ezagutzen; baina ni urez bateatzera etorri banaz, bera Israel herriari agertuazoteko izan da».
32 Eta beste hau ere autortu eban Joanek: «Espiritua ikusi dot, uso-itxuran, zerutik jaisten eta honen gainean gelditzen. 33 Neuk ere ez neban ezagutzen, baina urez bateatzera bialdu ninduanak esan eustan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko dozu; bera da Espiritu Santuaz bateatzen dauana”. 34 Eta neuk ikusi dot eta autortzen hauxe dala Jainkoaren Semea».
Lehenengo ikasleak
35 Hurrengo egunean, barriro ere bertan egoan Joan bere ikasle bigaz. 36 Jesus handik igaroten ikusirik, esan eban: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa».
37 Ikasle biek, hori entzutean, Jesusi jarraitu eutsoen. 38 Jesusek, atzera begiratu eta ondoren etorkozala ikusirik, galdetu eutsen:
—Zeren bila zabize?
Hareek erantzun:
—Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan gura dau).
39 Jesusek esan eutsen:
—Etorri eta ikusi.
Joan, non bizi zan ikusi, eta beragaz gelditu ziran egun haretan. Arratsaldeko laurak inguru ziran.
40 Joani entzun eta Jesusi jarraitu eutsoen bietako bat Andres zan, Simon Pedroren anaia. 41 Lehenengo, bere anaia Simonegaz egin eban topo eta esan eutson: «Mesias aurkitu joaguk» (Mesiasek «Kristo» —hau da, Gantzutua— esan gura dau).
42 Eta Jesusengana eroan eban. Jesusek, begira-begira jarririk, esan eutson: «Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko zara» (Kefasek «Pedro» —hau da, hatx— esan gura dau).
43 Biharamunean, Jesusek Galilearantz joatea erabagi eban. Felipe aurkitu eta esan eutson: «Jarraitu niri».
44 Felipe Betsaidakoa zan, Andres eta Pedroren herrikoa. 45 Felipek Natanael aurkitu eban, eta esan eutson:
—Moisesek legearen liburuan eta profetek euren idazkietan aitatu eben ha aurkitu joaguk: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa.
46 Natanaelek esan eutson:
—On dan ezerk urten ete daikek Nazaretetik?
Felipek erantzun eutson:
—Etorri eta ikusi.
47 Ikusi eban Jesusek Natanael etorkola, eta esan eban:
—Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik bakoa.
48 Natanaelek galdetu eutson:
—Nondik ezagutzen nozu?
Jesusek erantzun:
—Felipek deitu aurretik ikusi zindudazan ikopean.
49 Natanaelek esan eutson:
—Maisu, zu Jainkoaren Semea zara, zu Israelgo erregea zara.
50 Jesusek gaineratu eutson:
—Ikopean ikusi zindudazala esan deutsudalako sinisten dozu? Handiagorik ere ikusiko dozu!
51 Eta gaineratu eban:
—Benebenetan dinotsuet: Zerua irekia ikusiko dozue, eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean.