Limosna
6,1 «Ez egin gero zuen erlijio-betebeharrak* jendaurrean, jendeak ikusi zaiezan; horrela, ez dozue saririk jasoko zeruko zuen Aitagandik. 2 Beraz, limosna egitean, ez ibili turuta joka, itxurazaleek sinagogetan eta kaleetan egiten daben lez, jendearen txaloak irabazteko. Benetan dinotsuet: Hartu dabe euren ordaina. 3 Zuk limosna egitean, ez bei jakin zure ezkerrak zer egiten dauan eskoiak; 4 horrela, zure limosnea ezkutuan geldituko da, eta ezkutukoa ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.
Otoitza. «Gure Aita»
(Lk 11,2-4)
5 «Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek lez: gogoko dabe sinagoga eta plazetan zutunik otoitz egitea, jendearen agerian. Benetan dinotsuet: Hartu dabe euren ordaina. 6 Zu, barriz, otoitz egiteko, sartu zaitez zeure gelan, itxi atea eta egin otoitz ezkutuan dagoan zure Aitari, eta ezkutukoa ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.
7 «Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilek egiten daben lez, euren hitz-jarioari esker entzungo deutsela Jainkoak uste dabe-ta. 8 Ez izan horreen antzeko, badaki-ta zuen Aitak zeren beharra dozuen, zuek eskatu baino lehen. 9 Zuek, egizue otoitz honela*:
«Gure Aita zerukoa,
agertu santu zeure izena,
10 etorriazo zeure erregetza;
bete lurrean zeure nahia,
zeruan beteten dozun lez.
11 emoiguzu gaur egun honetako ogia,
12 eta parkatu gure erruen zorra,
guk ere geure zordunei
parkatu deutsegun ezkero;
13 ez itzi gu tentaldian jausten,
eta gorde gaizuz gaiztoagandik*.
14 «Izan ere, besteei euren hutsegiteak parkatzen badeutsezuez, zeuei ere parkatuko deutsuez zeruko Aitak; 15 baina besteei parkatzen ez badeutsezuez, zeuei ere ez deutsuez parkatuko zuen hutsegiteak zeruko Aitak.
Baraua
16 «Barau egitean, ez zaiteze agertu aurpegi ilun, itxurazaleek egiten daben lez: aurpegia iluntzen dabe, barau egiten dabela jendeari azaltzeko. Benetan dinotsuet: Hartu dabe euren ordaina. 17 Zuk, barriz, barau egitean, igurtzi usain-gozoz burua eta garbitu aurpegia, 18 zure barauaz jendea ohartu ez daiten, ezkutuan dagoan Aita baino. Eta ezkutukoa ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.
Zeruan aberats
(Lk 12,33-34)
19 «Ez pilatu mundu honetan zuen aberastasunak, sitsak eta ugerrak jaten dabez-eta hemen, eta lapurrak etorten harrapatzera. 20 Pilatu zeruan zuen aberastasunak, han ez dauz-eta ez sitsak, ez ugerrak jaten, ez eta lapurrak harrapatzera joaten ere. 21 Zure aberastasuna non, zure bihotza hantxe dago-ta.
Barruko argia
(Lk 11,34-36)
22 «Begia da gorputzari argi egiten deutson kriseilua. Begia onik badozu, zure gorputz osoa argitan ibiliko da. 23 Begia gaixo badozu, barriz, zure gorputz osoa ilunpetan ibiliko da. Beraz, zeure barruan argi izan behar leukeana iluna bada, ha zelango ilunpea zurea!
Jainkoa ala dirua
(Lk 16,13)
24 «Ezin da inor nagusi biren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango dau eta bestea maite, edota batari men egingo deutso eta bestea gorrotatuko. Ezin zaitekeze Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
Zertaz arduratu
(Lk 12,22-34)
25 «Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu bizi izateko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ete da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? 26 Begira aireko hegaztiei: ez dabe ereiten, ez uztarik batzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zeuen Aitak janaritzen ditu. Ez ete dozue horreik baino askoz gehiago balio zuek? 27 Asko arduratu arren, zuetako nork luzatu daike bizitzea apurtxo bat ere?
28 «Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira zelan hazten diran lorak zalaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dabe iruten; 29 baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zan janzten horreetako baten pare. 30 Beraz, gaur landan dagoan eta bihar sutan erreko dan bedarra Jainkoak horrela janzten badau, ez ete askoz gehiago zuek, sinismen gutxikook? 31 Ez kezkatu, ba, zer jango, zer edango, zer jantziko dozuen pentsatuz. 32 Fedegabeak arduratzen dira guzti horreetaz; baina zeruko zuen Aitak badaki guzti hori behar dozuena. 33 Arduratu zaiteze, batez ere, Jainkoaren erregetzeaz eta haren nahia beteteaz*, eta beste guzti hori gehigarritzat emongo deutsue Jainkoak. 34 Ez arduratu, ba, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko dau-ta bere ardurea. Nahikoa dauz egun bakotxak bere buruhausteak.