16,1 «Hau guztia, zuen sinismenak huts egin ez daian* esan deutsuet. 2 Judu-alkartetik bota egingo zaituee-eta; gehiago oraindino, badator ordua, zuek hilgo zaituenak Jainkoari kultu emoten deutsola uste izango dauana. 3 Eta horrela jokatuko dabe ez Aita, ez ni, ezagutu ez gaituelako. 4 Aurrez esaten deutsuet, hori jazotean esana neutsuela gogoratu daizuen.
Espirituaren jarduna
«Ez neutsuen hori hasieratik esan, ni zeuekaz nengoalako. 5 Orain, barriz, bialdu nauanagana noa, eta zuetariko inork ez deust nora noan galdetzen. 6 Baina esan deutsuedanagaitik, barrua tristuraz bete jatzue; 7 halan ere, egia dinotsuet: Hobe da zuentzat ni joatea; izan ere, joaten ez banaz, ez jatzue etorriko Laguntzailea; joaten banaz, barriz, bialdu egingo deutsuet. 8 Ha etortean, pekatu, zuzentasun eta epaiari buruz oker dagoela erakutsiko deutso munduari: 9 pekatuari buruz, nigan sinisten ez daualako; 10 zuzentasunari buruz, Aitarengana noalako, zuen artetik desagertuz; 11 epaiari buruz, gaitzetsia dagoalako mundu honetako buruzagia.
12 «Badot oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zaree gauza ondo ulertzeko. 13 Baina egiaren Espiritua etortean, berak gidatuko zaitue egia beteraino. Ez dau jardungo bere kabuz; neuk jakinazoko deutsodana azaldu eta etorkizuna iragarriko deutsue ostera. 14 Harek nire Jainko-aintza azalduko dau, jakinazoko deutsuena neugandik hartuko dau-ta. 15 Aitak dauan guztia neurea da. Horregaitik esan deutsuet Espirituak neugandik hartuko dauala jakinazoko deutsuena.
Tristura poz bihurtuko
16 «Gitxi barru ez nozue gehiago ikusiko, baina apur bat geroago barriro ikusiko nozue».
17 Orduan, ikasleetako batzuk honela ziharduen euren artean: «Zer ete da esaten deuskun hau: “Gitxi barru ez nozue gehiago ikusiko, baina apur bat geroago barriro ikusiko nozue” eta “Aitagana noa”? 18 Zer esan nahi ete dau “gitxi barru” horregaz? Ez deutsogu antzik ere emoten zertaz diharduan».
19 Konturatu zan Jesus galdetu egin gura eutsoela, eta esan eutsen: «Eztabaidan diharduzue zeuen artean nire hitz honeen esanguraz: “Gitxi barru ez nozue gehiago ikusiko, baina apur bat geroago barriro ikusiko nozue”. 20 Bene-benetan dinotsuet: Negar egingo dozue eta aiene; mundua, barriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zaree, baina zuen tristurea poz bihurtuko da. 21 Emakumea, erditzerakoan, triste egoten da, ordua heldu jakolako; umea jaio ondoren, barriz, ahaztu egiten da larrialdiaz, mundura gizaki bat ekarri daualako. 22 Zuek ere triste zagoze orain, baina barriro agertuko naiatzue, eta poztu egingo zaree, eta poz hori inork ez deutsue kenduko.
23 «Egun haretan ez dozue ezer galdetu beharrik izango. Bene-benetan dinotsuet: Nire izenean Aitari eskatuko deutsozuen guztia, emon egingo deutsue. 24 Orain artean ez dozue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko dozue, zuen poza betebetea izan dadin.
Jesusek mundua garaitu
25 «Orain arte irudi bidez egin deutsuet berba; baina badator ordua ez deutsuedana irudi bidez egingo berba, Aitaren barri argi eta garbi emongo deutsuedana baino. 26 Orduan, nire izenean eskatuko dozue, eta ez dot nik zuen alde Aitari erregutu beharrik izango, 27 Aitak berak maite zaitue-eta, ni maite izan nozuelako eta Jainkoagandik etorri nazala sinistu dozuelako. 28 Aitagandik urten eta mundura etorri nintzan; orain mundua itzi eta barriro Aitagana noa».
29 Ikasleek esan eutsoen:
—Orain bai diharduzula argi, eta ez irudi bidez. 30 Ziur dakigu orain dana dakizula eta ez dozula inork galdetu beharrik; horrexegaitik sinisten dogu Jainkoagandik etorri zarala.
31 Jesusek erantzun eutsen:
—Orain sinisten dozuela? 32 Hara, badator ordua —hobeto esan, heldua da—, bakotxak bere aldetik ihes egin eta bakarrik itziko nozuena. Baina ni ez nago bakarrik, nigaz Aita dago-ta. 33 Hau guztia, nigaz alkarturik bakea izan daizuen esan deutsuet. Munduan larrialdirik izango dozue; baina izan adore! Nik garaitua dot mundua.