Jesus eta Nikodemo
3,1 Nikodemo eritxon gizon batek, fariseuen taldekoa eta juduen buruetakoa bera, 2 gauez Jesusengana etorri eta esan eutson:
—Maisu, seguru gagoz Jainkoak guri irakasteko bialdu zaituana, inork ezin daikez-eta egin zuk egiten dozuzan mirarizko seinaleak, Jainkoa beragaz ez bada.
3 Jesusek erantzun eutson:
—Bene-benetan dinotsut: Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi, barriro* jaioten ez bada.
4 Nikodemok galdetu:
—Zelan jaio daiteke inor, behin zaharra izanik? Sartu ete daiteke amaren sabelean eta barriro jaio?
5 Jesusek erantzun:
—Bene-benetan dinotsut: Ezin izango da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaioten ez bada. 6 Gizakiagandik berez jaioa gizaki da, Espiritutik jaioa espiritu. 7 Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsudalako. 8 Haizeak* edonondik joten dau; entzuten dozu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera jazoten da Espiritutik jaioagaz.
9 Nikodemok galdetu eutson:
—Zelan jazo daiteke hori?
10 Jesusek erantzun:
—Eta zuk, Israelen maisu izanik, ez dakizu hori? 11 Bene-benetan dinotsut: Dakiguna esaten dogu guk, eta ikusi doguna autortzen; baina zuek ez dozue gure testigantzea onartzen. 12 Nik lurreko gauzak esatean sinisten ez badeustazue, zelan sinistuko deustazue zerukoak esatean?
13 «Ez dau inork zerura igon, zerutik jatsi zanak baino, Gizonaren Semeak*. 14 Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagean jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, 15 harengan sinisten daben guztiek betiko bizia izan daien.
16 «Izan ere, Jainkoak, mundua hain maite izan eban-eta, bere Seme bakarra emon eutson munduari, harengan sinisten dauanik inor galdu ez dadin, betiko bizia izan daian baino. 17 Jainkoak ez ebalako Semea mundura bialdu mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baino. 18 Harengan sinisten dauana ez da kondenatua; sinisten ez dauana, barriz, kondenatua dago, ez dau-ta sinistu Jainkoaren Seme bakarragan. 19 Hauxe da kondenearen arrazoia: argia mundura etorria dala eta gizakiak ilunpea argia baino maiteago izan dauala, bere jokabidea gaiztoa dalako. 20 Izan ere, txarto jokatzen dauanak gorroto deutso argiari, eta ez da hurreratzen argitara, bere jokabidea agirian gelditu ez dadin. 21 Egiaren arabera dabilana, barriz, argitara hurreratzen da, bere egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak dirala agertu dadin».
Joan Bataiatzailearen azken testigantzea
22 Geroago, Jesus Judea aldera joan zan bere ikasleekaz, eta han egon ziran aldi batez, bateatzen. 23 Joanek ere bateatzen ziharduan Enonen, Salim ondoan*, han ur asko egoan-eta. Eta jendea bateatzera etorten jakon. 24 Sasoi haretan Joan ez egoan oraindino preso.
25 Joanen ikasleen eta judutar baten artean* eztabaidea sortu zan garbikuntza ohikuneez. 26 Eta Joanengana etorri eta esan eutsoen:
—Hara, Maisu; Jordanez bestaldean zugaz egoan harek, zuk testigantzea egin zeutsonak, orain bateatzen dihardu, eta beragana doaz danak.
27 Joanek erantzun eutsen:
—Gizakiak ez dauka ezer Jainkoak emoten deutsona baino. 28 Zeuek zaituet lekuko zera esan nebala: «Ez naz ni Mesias, haren aurretik bialdua baino». 29 Emaztea senarrarena* da. Senarraren adiskidea senarraren ondoan egoten da, hari entzuteaz pozik. Horixe dot nik ere poza, poz bete-betea. 30 Harek hazi egin behar dau eta nik txikiagotu.
Goitik datorrena
31 «Goitik datorrena danen gain dago. Lurretik sortua lurrekoa da, eta lurrekoaz dihardu; zerutik datorrenak 32 ikusi eta entzun dauanaren testigantzea egiten dau; baina haren testigantzea ez dau inork onartzen. 33 Haren testigantzea onartzen dauanak, Jainkoak egia dinola baieztatzen dau. 34 Izan ere, Jainkoak bialduak berba egitean, Jainkoak berak egiten dau berba, bere Espiritua neurririk barik emoten dautso-ta. 35 Aitak Semea maite dau, eta haren esku jarri dau dana. 36 Semeagan sinisten dauanak betiko bizia dau; baina Semeagan sinistu nahi ez dauanak ez dau bizia ikusiko, bere gainean Jainkoaren zigorra dau-eta».