JESUS, JAINKOAREN SEMEA. NEKALDIA ETA BIZTUEREA (14,1–16,8)
Jesus bere gogoz heriotzara (14,1-42)
Jesus zelan atxilotuko
(Mt 26,1-5; Lk 22,1-2; Jn 11,45-53)
14,1 Handik egun bira, Pazko Jaia eta Legamibako Ogien Jaia ospatzen ziran. Abade-buru eta lege-maisuak Jesus maltzurkeriaz zelan atxilotuko ebilzan, hilteko. 2 Baina hauxe inoen: «Ez gero jaiegunean, herrian zalapartarik sortu ez daiten».
Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi
(Mt 26,6-13; Jn 12,1-8)
3 Jesus Betanian zan, Simon legendunaren etxean. Mahaian egoala, emakume bat etorri zan, hartzurizko ontzian nardozko ukendu garbi eta garestia ekarrela. Ontzia hausi eta Jesusi burura isuri eutson. 4 Batzuk, haserre, honela inotsoen alkarri:
—Zergaitik horrela alperrik galdu ukendu hori? 5 Hirurehun danarioz goitik saldu eitekean eta dirua behartsuei emon.
Eta marmarrean ziharduen emakumearen kontra. 6 Baina Jesusek esan eutsen:
—Itzi bakean honi; zergaitik gogaituazoten dozue? Egintza ona egin dau nigaz. 7 Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean, eta nahi dozuenean egin zeikeoe on. Baina ni ez nozue betiko zuekaz. 8 Ahal izan dauana egin dau: nire gorputza ukenduz igurtzi dau aurretiaz hilobirako. 9 Benetan dinotsuet: Mundu guztian zehar, barriona iragarriko dan edonon aitatuko da emakume hau eta beronek egina.
Jesus Judasek saldua
(Mt 26,14-16; Lk 22,3-6)
10 Judas Iskariote, Hamabietako bat, abade-buruengana joan zan, Jesus eurei eskuetara emoteko asmotan. 11 Entzutean, poztu egin ziran hareik eta dirua agindu eutsoen. Jesus hareen eskuetara emoteko egokiera bila hasi zan Judas.
Azken afarirako prestaketak
(Mt 26,17-19; Lk 22,7-13)
12 Legamibako Ogien Jaiko lehen eguna zan, Pazko-bildotsa hilten zaneko eguna. Ikasleek esan eutsoen Jesusi:
—Non egin behar doguz Pazko-afarirako prestaketak?
13 Harek ikasleetako bi bialdu ebazan, esanez:
—Zoaze urira, eta ur-suila daroan gizon bategaz egingo dozue topo. Jarraitu berari, 14 eta sartuko dan etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen dau non dauan ikasleekaz Pazko-bildotsa jateko tokia». 15 Berak gela zabal bat erakutsiko deutsue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar doguzanak.
16 Joan ziran ikasleak eta, urira heltzean, dana Jesusek esan lez jazo jaken, eta Pazko-afaria prestatu eben.
Afarian: Judasen saldukeriaren iragarpena
(Mt 26,20-25; Lk 22,14.21-23; Jn 13,21-30)
17 Ilunabarrean, joan zan Jesus Hamabiekin, 18 eta mahaian afaltzen egozala, Jesusek esan eban:
—Benetan dinotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nigaz jaten dagoan batek.
19 Hareek, goibeldurik, itaunka hasi jakozan bata bestearen ondoren:
—Nik ala?
20 Jesusek erantzun:
—Hamabiotako batek, nigaz plater beretik jaten diharduanak. 21 Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek haretaz dinoen lez; baina zori txarrekoa Gizonaren Semea salduko dauana! Hobe eukean jaio izan ez balitz!
Azken afaria: hona nire gorputz-odolak
(Mt 26,26-29; Lk 22,15-20; 1 Ko 11,23-25)
22 Afaltzen ziharduela, ogia hartu eban Jesusek eta, bedeinkazinoa esan ondoren, zatitu eta emon egin eutsen, esanez: «Hartu eizue, hau nire gorputza da».
23 Gero, kopea hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoren, emon egin eutsen eta danek edan eben. 24 Eta esan eutsen: «Hau nire odola da, Jainkoagazko ituna barrituko dauana, guztiekaitik isuria. 25 Benetan dinotsuet: Ez dot gehiago ardaurik edango, Jainkoaren erreinuan ardau barria edan arte».
Afalostean: Pedroren ukoen iragarpena
(Mt 26,31-35; Lk 22,31-34; Jn 13,36-38)
26 Gorazarreak kantatu ondoren, Oliamendira abiatu ziran.
27 Jesusek esan eutsen: «Zuen sinismenak huts egingo dau, honela dago-eta idatzia Liburu Santuetan: Joko dot artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. 28 Baina biztu ondoren, aurretik joango naiatzue Galileara».
29 Pedrok esan eutson:
—Beste guztien sinismenak huts egiten badau ere, nireak ez.
30 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsut: Gaur gauean, oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nozu.
31 Baina Pedrok, gero eta errimeago:
—Zugaz hil behar badot ere, ez zaitut ezelan ere ukatuko.
Eta beste hainbeste inotsoen danek.
Getsemaniko otoitz larria
(Mt 26,36-46; Lk 22,39-46)
32 Getsemani izeneko landa batera heldu ziran, eta Jesusek esan eutsen bere ikasleei: «Geratu hementxe, nik otoitz egin bitartean».
33 Pedro, Santiago eta Joan eroan ebazan beragaz. Ikarea eta larria sentitzen hasi zan, 34 eta esan eutsen: «Hilteko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta egon erne». 35 Eta aurreraxeago joanik, lurrean jausi eta otoizka zuzendu jakon Jainkoari, urrundu eiola ordu ha, ahal bazan. 36 Honela inoan: «Abba, Aita! Zeure esku dago guztia; urrundu egizu nigandik edari samin hau! Baina egin bedi zeure nahia, ez nirea».
37 Ikasleengana joan eta lotan aurkitu ebazan. Pedrori esan eutson: «Simon, lotan? Ordu bete ere ezin izan zara erne egon? 38 Zagoze erne eta egizue otoitz, tentaldian ez jausteko: gogoz gartsu izan arren, ahula da-ta gizakia».
39 Barriro aldendu eta otoitz egin eban, lehengo hitz bardinak esanez. 40 Barriro bihurturik, lo aurkitu ebazan, begiak astun eukezan-eta; hareek ez ekien zer esan.
41 Joan jaken hirugarrenez eta esan eutsen: «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Heldu da ordua: hona Gizonaren Semea pekatarien eskuetara emona. 42 Jagi, goazen, hementxe da salduko nauana!»
Jesus giza eskuetan. Biztueera (14,43–16,8)
Jesus lotua daroe
(Mt 26,47-56; Lk 22,47-53; Jn 18,3-12)
43 Jesus berbetan egoala, han agertu zan Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat etorren haregaz, ezpata eta makilak eskuetan, abade-buru, lege-maisu eta zaharrek bialdurik. 44 Saltzaileak seinale hau jarria eutsen: «Nik musu emongo deutsodana, horixe da; atxilotu eta eroan arduraz». 45 Heldu zaneko, Jesusengana hurreratu eta esan eutson: «Maisu!»
Eta musu emon eutson.
46 Besteek heldu eta atxilotu egin eben. 47 Han egoan batek ezpatea atara, abade nagusiaren morroia jo eta belarria moztu eutson. 48 Jesusek esan eutsen: «Ezpatekaz eta makilekaz etorri zaree, lapur baten bila lez, ni harrapatzera! 49 Egunero nengoan zuen artean tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala behar dau, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».
50 Ikasleek Jesus itzi eta ihes egin eben. 51 Gazte bat ondoren joakon, soinean oihal bat besterik ez ebala. Heldu eutsoen, 52 baina oihala itzi eta ihes egin eutsen biluzik.
Jesus judu-batzarraren aurrean
(Mt 26,57-68; Lk 22,54-55.63-71; Jn 18,13-15.19-24)
53 Abade-nagusiaren etxera eroan eben Jesus eta han batu ziran abade-buru, zahar eta lege-maisu guztiak. 54 Pedro Jesusen atzetik joian, urrundik jarraituz, abade-nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekaz batera jesarrita, sutondoan berotzen egoan.
55 Abade-buruak eta Batzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila ebilzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin eben aurkitu; 56 askok haren kontra guzurrezko testigantzak egiten baebezan ere, hareen lekukotasunak ez etozan bat. 57 Batzuk zutundu eta guzurrezko testigantza hau egin eben Jesusen kontra: 58 «Geuk entzun deutsogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dot eta hiru egunean beste bat eraikiko, giza eskuz egin bakoa».
59 Baina honetan ere ez etozan bat euren esanetan.
60 Orduan, abade-nagusiak, batzarrraren erdian zutunik, galdetu eutson Jesusi:
—Ez deutsezu ezer ere erantzun behar zure kontra urteten dabenei?
61 Baina Jesus isilik egoan, eta ez eban ezer erantzuten. Abade-nagusiak barriro galdetu eutson:
—Zu zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?
62 Jesusek erantzun:
—Bai, neu naz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskoian jesarrita eta zeruko hodei artean etorten ikusiko dozue.
63 Abade nagusiak bere jantziak urratu ebazan eta esan:
—Ba ete dogu lekuko beharrik? 64 Zeuek entzun dozue biraoa. Zer deritzozue?
Heriotza merezi ebala erabagi eben danek.
65 Batzuk txistu botaka hasi jakozan eta, aurpegia estaldurik, ukabilkadak emoten eutsoezan, esanez: «Igarri egik, profeta!»
Guardek ere matrailekoka erabilen.
Pedrok Jesus ukatu
(Mt 26,69-75; Lk 22,55-62; Jn 18,15-18.25-27)
66 Pedro beheko patioan egoala, Abade-nagusiaren neskame bat etorri zan. 67 Pedro berotzen ikusirik, begira jarri eta esan eutson:
—Hi ere Nazareteko Jesusekin bizi hintzen.
68 Baina harek ukatu, esanez:
—Ez jakinat zer dinonan ere, ez deunat ulertzen.
Atarira urten eban, eta oilarrak jo eban. 69 Ikusi eban neskameak eta han egozanei ere honela hasi jaken:
—Hau ere hareetakoa joaguk.
70 Pedrok barriro ukatu eban. Geroxeago, ingurukoek ere esan eutsoen:
—Bai, hareetakoa haz, jakina, galilearra haz-eta.
71 Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zan:
—Ez dot ezagutzen zuek dinozuen hori.
72 Une haretan, bigarrenez jo eban oilarrak. Gogoratu jakon Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nozu», eta negarrari emon eutson.