SARREREA
Nork eta norentzat idatzia
Ebanjelio honen sorburuan dagoan komunitateak Jesusek «gehien maite eban» ikasleagaz identifikatzen dau autorea, 21,24 tx.eko konklusionan ikusi daitekenez. Ikasle hau behin eta barriro agertzen da Pazko-kontakizunetan (13,23; 19,26; 20,2); hau 1,35-39 eta 18,15 tx.etan agertzen dan «beste ikaslea» bera da. Ebanjelioak ez dau ikasle honen izenik emoten.
II. mendetik aurrera kristau-tradizinoak Joanegaz, Zebedeoren semeagaz, identifikatzen dau ikasle hori eta ebanjelioaren idazletzat joten. Baina ez dakigu ziur ez non, ez nork idatzi eban ebanjelioa. Seguruenik, ebanjelio honek eratze-prozesu luze samarra izan eban. Azken moldaketea lehenengo mendearen azken urteetan burutu zan, beste hiru ebanjelioena baino beranduago.
Mezuaren hartzaileari dagokionez, egoera gatx samarrean bizi zan kristau-komunitate batentzat idatzi zala uste izan daiteke, bai barru-eztabaidekaitik (Joan Bateatzailearen jarraitzaileak, Jesusen jainkotasuna edo gizatasuna zalantzan jarten ebenak…), bai judaismoarekiko sumatzen dan gatazkeagaitik.
Ebanjelioaren hari nagusiak
Nahiko berezia eta ezbardina dogu hau beste hiru ebanjelioen –Sinoptikoen– aldean. Material ezbardina jasoten dau, eta beste tradizino batekoa emoten dau. Sinoptikoek Jesusen jarduera gehiena Galilean kokatzen badabe, azkenean bidaia bakarra eginez Jerusalemera, Joanen ebanjelioak Jesusek Judean egindakoa azpimarratzen dau, eta Jerusalemera hiru joanaldi aitatzen. Sinoptikoetan hogeita hamarren bat mirari azaltzen badira, Joanen ebanjelioan zazpi baino ez dira mirarizko seinaleak. Sinoptikoek Jesusen irakaspena esaldi laburretan emoten dabe, parabola askogaz. Joanek, barriz, gaien inguruko hitzaldi luze eta landuagoak ditu. Hiztegia eta baliabide literarioak ere bereziak dira; sarri erabilten ditu maitatu, epaitu, testigantza emon, egia, bizia, mundua eta beste berba batzuk. Honen helburu nagusia ez da hainbeste Jesusen bizitzako xehetasunak kontatzea, ez da-eta historiaz arduratzen; izaera bereziki teologiko eta espirituala dau laugarren ebanjelioak. Eta hauxe litzateke ikuspegirik egokiena liburu hau irakurri eta ulertzeko.
Mezuari dagokionez, Joanen ebanjelioa loturik dago Jesusegaz bizi izan ziranek –eta batez ere Jesusek «gehien maite eban» ikasleak– emon eben testigantzeagaz; baina, aldi berean, Jesus mundutik desagertu ondorengo kristau-komunitate batek, Espiritu Santuaren gidaritzapean, Jesusen misterioa hobeto ulertzeko egin eban ahalegina erakusten dau, Jesusen bizitzearen, egintzen eta hitzen esanahian sakondu nahirik, hain zuzen. Honi dagokionez, Kristo, batetik, Jainkoa bera bezain handi eta ahaltsu dala, eta, bestetik, benetako gizaki dala azpimarratzen dau.
Sarreran (1. kap.) hitzaurrea dogu lehenik, gorazarre moduan moldatua; bertan Jainkoaren betiko Berba lez agertzen da Jesus, gizaki bihurtu eta munduan bizi izatera datorrena, gizon-emakumeen bizia, argia eta egia dalarik. Hitzaurreak ebanjelioaren gai nagusiak aurreratzen deuskuz. Bat-batean Jesusegaz topo egin ebenen lekukotasuna agertzen da (Joan Bataiatzailea, Andres ikaslea, Felipe, Natanael… ).
Gainerakoan, bi zati nagusi dagoz liburuan:
Lehenengoa, Jesusen mirarizko seinaleak (2,1–12,50), sarritan Seinaleen Liburua deitua. Jesusen zazpi mirari agertzen dira, ebanjelio honetan seinale deituak: Kanako ezteguak (2,1-11), errege-funtzionarioaren semearen osaketea (4,46-54), elbarriaren osaketea (5,1-9), ogi-ugariketea (6,1-14), Jesus oinez ur gainean ibiltea (6,16-21), jaiotzatiko itsuaren osaketea (9,1-7) eta Lazaroren biztuerea (11,1-44). Jesusen hitzaldi luze eta alkarrizketen bidez seinale horreen esanahia azaltzen da. Seinale, hitzaldi eta elkarrizketek Jesusen misterioa agertzea dabe helburu, eta Jesusen egitekoa Aita agertzea dala erakusten dabe.
Bigarren zatia, Jesusen nekaldi eta biztuerea (13,1–20,31), sarritan Jesusen Orduaren Liburua deitua. Bertan Jesusek bere azken aholkuak eta testamentu espirituala izten deutse ikasleei (13–16). Otoitzean heriotzarako prestatzen da, beretarrak Aitaren esku itziz (17). Atxiloketea, kondenea, heriotzea eta biztueran beste ebanjelioen bide beretsutik joten dau (18–20), Jesusen nekaldiaren eta biztuerearen inguruan bere aintza agertzen dala. Ebanjelioaren lehen konklusino diran 20,30-31 tx.etan ebanjelio osoaren helburua autortzen da.
21. kap.a liburua amaitu ondoren sarturiko eranskina da eta Jesus biztuaren azken agerpena batzen dau, Jesusek maite eban ikasleak toki berezia dauala Pedrogaz batera.
Eskemea
–Sarrerea (1,1-51).
–Jesusen mirarizko seinaleak (2,1–12,50).
–Jesusen nekaldia eta biztuerea (13,1–20,31).
–Eranskina (21,1-25).