Jesus fariseuekaz eztabaidan (2,1–3,6)
Pekatuen barkamenari buruz: elbarriaren osakuntzea
(Mt 9,1-8; Lk 5,17-26)
2,1 Egun batzuk geroago, barriro Kafarnaumen sartu zan Jesus. Eta etxean egoaneko barria zabaldu zan. 2 Batu zan jendetzeagaz, ez egoan inon tokirik, ez eta atarian ere. Eta mezua adierazten eutsen. 3 Haretan, elbarri bat ekarri eutsoen lau lagunen artean. 4 Baina jendetzeagaitik ezin eben eroan Jesusenganaino. Orduan, bera egoan parean etxe gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi eben elbarria, etzunda egoan esku-ohean. 5 Jesusek, hareen sinismena ikusirik, esan eutson elbarriari:
—Seme, parkatuak dozuz pekatuak.
6 Baziran han jesarrita legemaisu batzuk, eta hauxe inoen euren barruan: 7 «Zer dabil hori horrela? Biraoka dihardu. Nork parkatu daikez pekatuak, Jainkoak berak baino?» 8 Baina Jesusek bere barruan hareen gogoetak igarri eta esan eutsen:
—Zergaitik dozuez gogoeta horreik zuen barruan? 9 Zer da errazago, elbarriari «Parkatuak dozuz pekatuak» esatea ala «Jagi, hartu zure esku-ohea eta zabiz» esatea? 10 Oraintxe ikusiko dozue, ba, Gizonaren Semeak badauala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena.
Eta esan eutson elbarriari:
11—Zeuri dinotsut: Jagi, hartu esku-ohea eta zoaz etxera.
12 Berehala jagi, esku-ohea hartu eta guztien aurrean urten eban. Harriturik gelditu ziran danak, eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Ez dogu sekula horrelakorik ikusi».
Lebiri deia. Jesus bekatariekaz bazkaltzen
(Mt 9,9-13, Lk 5,27-32)
13 Jesusek barriro aintzira aldera urten eban. Jende guztia beragana etorren eta irakasten hasi jaken.
14 Bidez joiala, Lebi Alfeorena ikusi eban zerga batzeko mahaian jesarrita, eta esan eutson:
—Jarraitu niri.
Lebik zutundu eta jarraitu egin eutson.
15 Geroago, Lebiren etxean egoan Jesus mahaian. Bazan beste zergalari eta pekatari asko ere Jesusegaz eta honen ikasleekaz mahaian; izan ere, asko joiakozan ondoren. 16 Fariseu lege-maisu batzuk, pekatari eta zergalariekin jaten ziharduala ikusirik, esan eutseen ikasleei:
—Zelan jaten dau zergalari eta pekatariekaz?
17 Jesusek entzun eta esan eutsen:
—Ez dabe osasundunek behar sendagilea, gaixoek baino; ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino.
Barauari buruz. Zaharra eta barria
(Mt 9,14-17; Lk 5,33-39)
18 Behin baten, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna eben. Jesusengana joan eta esan eutsoen:
—Zelan egiten dogu barau Joanen ikasleok eta fariseuok, eta zure ikasleek ez?
19 Jesusek erantzun eutsen:
—Ezteguetara deituek egin ete daikee barau senar-barria eurekin dabela? Senar-barria eurekin daben bitartean, ezin daikee baraurik egin. 20 Etorriko jake, bai, senar-barria kenduko deutseen eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau.
21 «Inork ez deutso jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki barriak jantzi zaharra behartu eta zarratada handiagoa egingo leuke. 22 Zahagi zaharretan ere ez dau inork ardau barririk sartzen; ardauak zahagiak lehertu egingo leukez-eta, orduan, ez ardau eta ez zahagi. Ardau barriarentzat zahagi barriak!»
Jaiegunari buruz
(Mt 12,1-8; Lk 6,1-5)
23 Behin baten, zapatuz, gari-solo baten zehar joian Jesus. Eta ikasleak, bidean zehar, galburuak hartzen hasi ziran. 24 Fariseuek esan eutsoen Jesusi:
—Zelan dabilz egiten, zapatuz zilegi ez dana?
25 Harek erantzun:
—Ez dozue inoiz irakurri zer egin eban Davidek beharraldi baten, bera eta bere lagunak gosez aurkitu ziranean? 26 Zelan, Abiatar abade nagusi zala, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeinitako ogiak jan ebazan, legez apaizek bakarrik jan eikeezanak, eta zelan beragaz egozanei ere emon eutsen?
27 Eta, gainera, esan eutsen:
—Zapatua gizakiaren onerako egin eban Jainkoak eta ez gizakia zapatuaren onerako. 28 Beraz, zapatuaren beraren nagusi da Gizonaren Semea.