Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi
(Mt 26,613; Mk 14,39)
12,1 Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zan, han bizi zan-eta Lazaro, hilen artetik biztu ebana. 2 Afari bat eskeini eutsoen han; Marta ebilan afaria zerbitzen, eta Lazaro Jesusegaz mahaian egozanetariko bat zan. 3 Orduan, Mariak, nardo* garbizko kilo erdi bat ukendu, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi eutsozan Jesusi, eta gero bere ule-adatsez sikatu. Etxea lurrun-usainez bete zan. 4 Judas Iskariotek, salduko eban ikasleak, esan eban: 5 «Zergaitik ez da saldu ukendu hori hirurehun denariotan*, eta behartsuei emon?»
6 Hori esan eban, ez behartsuen ardureak jota egoalako, lapurra zalako baino, eta, diru-zorroa berak eukanez, hara botaten ebenetik ostu egiten ebalako. 7 Jesusek esan eutson: «Itzi bakean honi; nire hilobiratze-egunerako egin dau hori. 8 Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean, baina ni ez nozue betiko zeuekaz».
Agintariek Lazaro hil gura
9 Juduetariko askok jakin eben Jesus Betanian egoala, eta bertara joan ziran, ez Jesusegaitik bakarrik, bai eta hilen artetik biztu eban Lazaro ikusteagaitik ere. 10 Abade-buruek, orduan, Lazaro ere hiltea erabagi eben, 11 berau zala-eta, herritar askok alde egiten eutsen-eta eta Jesusengan sinisten.
Jesus Jerusalemen sartu Mesias lez
(Mt 21,111; Mk 11,111; Lk 19,2840)
12 Biharamunean, jaietarako Jerusalemera etorrita egoan jendetza handia, Jesus etorrela jakitean, 13 palmadarrak harturik, bidera urten eutsoen, eta oihuka hasi: «Hosanna*! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua Israelen erregea!»
14 Eta Jesus, astotxo bat aurkiturik, gainean jarri zan, Liburu Santuak dinoan lez:
15 Ez bildur izan, Sion uri eder!
Hara, bajatortzu zeure erregea,
astakume baten gainean jesarrita.
16 Haren ikasleak ez ziran orduan profezia honetaz jabetu, baina gero, Jesusen Jainko-aintza azaldu zanean, konturatu ziran Liburu Santuak inoan haxe egin eutsoela Jesusi.
17 Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hilen artetik biztu ebanean bertan zan jendeak jazotakoaren barri emoten eban. 18 Horregaitik urten eutson hainbeste jendek Jesusi bidera, egin eban mirarizko seinalearen barri izan ebelako, hain zuzen. 19 Orduan, fariseuek inoen euren artean: «Argi dago ez dogula ezer ere aurreratzen; begira zelan joakon jende guztia atzetik».
Greziar batzuek Jesus ikusi gura
20 Jaietan Jainkoari kultu emotera joan ziranen artean baziran greziar batzuk*. 21 Honeek Galileako Betsaidako Feliperi hurreratu eta eskabide hau egin eutsoen: «Jauna, Jesus ikusi gura geuke».
22 Felipe Andresi esatera joan zan, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinazo eutsoen. 23 Jesusek erantzun eutsen: «Heldu da Gizonaren Semearen aintza azalduko dan ordua. 24 Bene-benetan dinotsuet: Galgarua, lurrean sartu eta hilten ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hilten bada, barriz, frutu asko emoten dau. 25 Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gitxiesten dauanak betiko bizirako gordeko dau. 26 Nire zerbitzari izan nahi dauanak jarraitu beist eta, ni nagoan tokian, hantxe izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dana, Aitak aintzat hartuko dau.
Jesus bere heriotzearen aurrean
27 «Larri dot orain nire barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik atarateko eskatuko deutsot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri naz-eta! 28 Aita, azaldu zeure aintza!»
Ahots bat entzun zan orduan zerutik: «Azaldu dot, eta barriro ere azalduko».
29 Han egozanetako batzuk, ahotsa entzunik, trumoia izan zala inoen; beste batzuk, barriz, aingeru batek hitz egin eutsola.
30 Jesusek adierazi eban: «Ahots horrek ez dau niretzat hitz egin, zeuentzat baino. 31 Oraintxe da mundu honen epaiketea; oraintxe galduko dau bere ahalduntasuna mundu honetako buruzagiak. 32 Eta nik, lurretik jaso naienean, neugana erakarriko dodaz danak».
33 Hitzon bidez, zelango heriotzaz hilgo zan adierazo eban.
34 Jendeak esan eutson:
—Mesiasek betiko iraungo dauala irakasten deuskue Liburu Santuek. Zelan dinozu, ba, zuk Gizonaren Semea lurretik jaso behar dabela? Nor da Gizonaren Seme hori?
35 Jesusek erantzun eutsen:
—Oraindik apur baten argia zeuen artean dozue; ibili argia dozuen bitartean, ilunpeek harrapa ez zaiezen, ilunpetan dabilanak ez daki-eta nora doan. 36 Argia dozuen bitartean, sinistu argiari, argiaren partaide izan zaitezen.
Gauzok esan ondoren, Jesus hareengandik alde egin eta ezkutatu egin zan.
Konklusinoa: juduek sinistu ez
37 Jesusek herriaren aurrean mirarizko hainbat seinale egin eban arren, gehienek ez eben harengan sinistu; 38 holan, Isaias profeteak esandakoa bete zan:
Jauna, nork sinistu dau gure mezua?
Eta nori agertu deutso Jaunak
bere ahalmena?
39 Isaiasek berak esan eban zergaitik ezin eben sinistu:
40 Itsutu egin dauz hareen begiak,
gogortu hareen buru-bihotzak.
Ez beie euren begiez ikusi,
ez eta buruaz ulertu ere,
horrela nigana bihurtu ez daitezan
eta salbatu ez daidazan.
41 Isaiasek Jesusi buruz esan eban hau, ikusita eukan-eta beraren Jainko-aintza.
42 Ha ta guztiz ere, askok, bai eta buruzagietakoek ere, sinistu eben harengan; baina, fariseuen bildurrez, ez eben agerian autortzen, judu-alkartetik bota ez eiezan; 43 izan ere, giza ohorea maiteago eben Jainkoagandik datorrena baino.
44 Jesusek oihu eginez esan eban: «Nigan sinisten dauanak ez dau nigan bakarrik sinisten, bai eta ni bialdu nauanagan ere baino. 45 Eta ni ikusten nauanak, ni bialdu nauana ere ikusten dau. 46 Ni argia lez etorri naz mundura, nigan sinisten dauanik inor ilunpeen menpe gelditu ez dadin. 47 Nire irakatsiak entzun bai, baina beteten ez dauzana, ez dot nik gaitzetsiko, ez naz-eta mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baino. 48 Ni ukatu eta nire irakatsiak onartzen ez dauzanak badau nork gaitzetsi: nik adierazitako mezuak berak gaitzetsiko dau azken egunean; 49 nik ez dot-eta neure kabuz hitz egin, bialdu nauan Aitak agindu deust-eta zer esan eta irakatsi. 50 Eta badakit bai, Aitaren aginduak betiko bizia dakarrena. Horrela, ba, nik esaten dodan guztia Aitak agindu lez esaten dot».