JESUSEN NEKALDIA ETA BIZTUEREA (13,1—20,31)
Jesus bere ikasleen oinak garbitzen
13,1 Pazko Jaia gainean zan. Jesusek baekian mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona. Munduan ziran beretarrak beti maite izan ebazan-eta, azkenean bete-betean maitatu ebazan.
2-3 Deabruak Simonen seme Judas Iskarioteri sartuta eukotson buruan Jesus saltzeko asmoa. Jesusek baekian dana bere esku jarri eutsola Aitak, eta Jainkoagandik etorria zala eta Jainkoagana joiala. Afaltzen egoala, 4 mahaitik jagi, soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban. 5 Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zan, eta gerrian eukan eskuzapiaz lehortzen.
6 Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutson:
—Jauna, zuk niri oinak garbitu?
7 Jesusek erantzun eutson:
—Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen, baina geroago ulertuko dozu.
8 Pedrok, barriro:
—Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko.
Jesusek erantzun:
—Garbitzen ez bazaitut, ez dozu nigaz zerikusirik izango.
9 Simon Pedrok esan eutson:
—Jauna, orduan, oinak ez ezik, eskuak eta burua ere bai.
10 Jesusek erantzun:
—Bainua hartu dauanak ez dau garbitu beharrik*, garbituta dago-ta, eta zuek garbi zagoze, baina ez danok.
11 Izan ere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze danok garbi».
12 Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? 13 Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta arrazoi dozue, halaxe naz-eta. 14 Beraz, nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere garbitu oinak alkarri. 15 Ikasbide emon deutsuet, zeuek ere, nik zuekin lez, jokatu daizuen.
16 «Bene-benetan dinotsuet: Ez da morroia nagusia baino handiago, ez eta bialdua ere bialtzailea baino handiago. 17 Ulertzen dozue hau, ezta? Ba, zorionekoak izango zaree, beteten badozue.
18 «Ez dihardut zuek guztiotaz; badakit, bai, nortzuk aukeratu dodazan, baina bete beharra dau Liburu Santuak dinoan honek: Neure mahaikide nebana kontra jagi jat. 19 Aurretiaz, jazo baino lehen, esaten deutsuet, jazo daitenean, nazana nazala* ni sinistu daizuen. 20 Bene-benetan dinotsuet: Nik bialdua onartzen dauanak, neu onartzen nau, eta ni onartzen nauanak, bialdu ninduana onartzen dau».
Jesusek Judasen saldukeria iragarri
(Mt 26,2025; Mk 14,1721; Lk 22,2123)
21 Hori esanik, larritu egin jakon Jesusi barrua, eta argi adierazi eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau».
22 Ikasleak alkarri begira hasi ziran, zeinetaz ziharduan igarri ezinik. 23 Ikasleetako bat, Jesusek gehien maite eban ha, bere ondoan egoan mahaian*. 24 Simon Pedrok hari keinu egin eutson, zeinetaz ziharduan galdetzeko adierazoz. 25 Eta Harek, burua Jesusen bular gainean jarriz, galdetu eutson:
—Jauna, nor da?
26 Jesusek erantzun eutson:
—Ogi zati bustia emongo deutsodana, haxe da.
Eta ogi zati bat bustiz, Simon Iskarioteren seme Judasi emon eutson.
27 Ogi zatia hartuaz bat, Satanas sartu zan haren barrura. Orduan, Jesusek esan eutson: «Egin behar dozuna, egizu bizkor».
28 Mahaikideetako inork ez eban ulertu zergaitik esan eutson hori. 29 Judasek diru-poltsearen ardurea ebanez, jairako behar zana erosteko edota pobreei zeozer emoteko esan eutsola uste izan eban hainbatek. 30 Judasek ogi zatia hartu eta berehala alde egin eban. Gaua zan.
Jesusen agindu barria
31 Judasek urten ebanean, esan eutsen Jesusek: «Oraintxe azaltzen da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. 32 Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko dau ha, eta laster gainera.
33 «Semetxook, ez jat denbora asko gelditzen zuekin egoteko. Nire bila ibiliko zaree, baina juduei esan neutsena bera dinotsuet zuei ere: ni noan tokira zuek ezin zaree joan. 34 Agindu barria emoten deutsuet: alkar maitatu daizuela. Nik maitatu zaituedan lez, maitatu zuek ere alkar. 35 Honetantxe ezagutuko dabe guztiek zuek nire ikasle zareela: zuek alkar maite izatean».
Jesusek Pedroren ukoak iragarri
(Mt 26,3335; Mk 14,2931; Lk 22,3134)
36 Simon Pedrok galdetu eutson Jesusi:
—Jauna, nora zoaz?
Jesusek erantzun eutson:
—Ni noan tokira zuk ezin deustazu orain niri jarraitu; geroago bai, jarraituko deustazu.
37 Pedrok barriro:
—Jauna, zergaitik ezin deutsut jarraitu orain? Neure burua emongo dot zugaitik.
38 Jesusek erantzun eutson:
—Nigaitik zeure burua emongo dozula? Bene-benetan esaten deutsut: Oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu.