Jerusalemen. Jesus,
fruturik bako herriaren epaile (21,1—23,39)
Jesus Jerusalemen Mesias lez sartu
(Mk 11,1-11; Lk 19,28-38; Jn 12,12-16)
21,1 Jerusalemera hurreratu ziranean, Oliamendi* inguruko Betfage herritxora heldurik, ikasle bi bialdu ebazan Jesusek, 2 esanez: «Zoaze aurreko herritxo horretara; hara heltzean, asteme bat aurkituko dozue lotuta, eta astakume bat haregaz; askatu eta ekarri niri. 3 Eta inork ezer esaten badeutsue, erantzun: ‘Jaunak behar dauz, baina laster baten bihurtuko dauz’».
4 Hori Jainkoak profetearen bidez esana bete eiten jazo zan:
5 Esan Sion uri ederrari:
Hara, bajatortzu zure erregea,
apal eta astotxo baten gainean,
astakume baten gainean.
6 Joan ziran, ba, ikasleak eta Jesusek agindutako lez egin eben. 7 Astemea eta astakumea ekarri eta euren jantziak bizkarrean ezarri eutseezan, eta Jesus gainean jesarri zan. 8 Askok eta askok jantziak zabaldu ebezan bidean; beste batzuk, barriz, zuhaitzei adarrak moztu eta bidean egokitu ebezan. 9 Aurretik eta atzetik joian jendeak holan inoan oihuka:
«Hosanna Daviden Semeari!
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Gora Jainko gorena*!»
10 Jesus Jerusalemen sartu zanean, uri osoak, urduri galdetzen eban:
—Nor dogu hau?
11 Jendeak erantzuten eban:
—Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa.
Tenplua herri guztientzat otoitz-etxe
(Mk 11,15-19; Lk 19,45-48; Jn 2,13-16)
12 Jesus tenpluan sartu zan, eta bertan salerosketan* ziharduen guztiak kanpora bota ebazan eta diru-trukalarien eta uso-saltzaileen mahaiak irauli. 13 Eta esan eutsen: «Liburu Santuak dino: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, barriz, lapur-zulo bihurtu dozue».
14 Tenpluan itsuak eta herrenak hurreratu jakozan, eta osatu egin ebazan. 15 Baina abadeburuak eta lege-maisuak hasarre bizian egozan, Jesusek egiten ebazan gauza harrigarriekaitik eta umeek tenpluan «Gora Daviden Semea!» oihuka ziharduelako. 16 Eta esan eutsoen:
—Ez dozu entzuten zer dinoen horreek?
Jesusek erantzun eutsen:
—Bai. Eta zuek ez dozue inoiz Liburu Santuko pasarte hau irakurri: Umetxoen eta bularreko seintxuen ahotik atara dozu gorespena?
17 Eta hareik bertan itzi eta uritik kanpora urten eban, Betaniara*, eta hantxe emon eban gaua.
Ikondoaren madarikapena: fedea eta otoitza
(Mk 11,12-14.20-24)
18 Biharamun goizean, barriro urira etorrela, Jesus gosetu egin zan. 19 Ikondo bat bide-bazterrean ikusirik, bertara hurreratu zan, baina ez eban aurkitu han orria besterik. Orduan, ikondoari esan eutson: «Ez bedi higandik gehiago fruturik sortu!»
Eta bat-batean igartu egin zan ikondoa. 20 Hori ikusirik, harritu egin ziran ikasleak eta galdetu eutsoen Jesusi:
—Zelan igartu da bat-batean ikondoa?
21 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsuet: Zalantza bako sinismena badozue, ikondoarena eta gehiago egingo dozue; mendi honi «Kendu hadi hortik eta jaurti hadi itsasora» esaten badeutsozue, halantxe jazoko da. 22 Otoitzean sinismenez eskatzen dozuen edozer gauza lortuko dozue.
Nondik Jesusen aginpidea?
(Mk 11,27-33; Lk 20,1-8)
23 Jesus tenplura joan zan, eta, irakasten ziharduala, abadeburuak eta herriko zaharrak hurreratu jakozan, galdezka:
—Zein aginpidez jokatzen dozu holan? Nork emon deutsu aginpide hori?
24 Jesusek erantzun eutsen:
—Nik ere gauza bat galdetuko deutsuet; erantzuten badeustazue, esango deutsuet nik ere zein aginpidez jokatzen dodan holan. 25 Joanek noren aginduz bateatzen eban, Jainkoaren aginduz ala giza aginduz?
Hareek honela inoen euren artean: «Jainkoaren aginduz ziharduala esaten badeutsogu, zergaitik ez geutson sinistu erantzungo deusku. 26 Giza aginduz ziharduala esaten badeutsogu, barriz, jendearen bildur izan behar, guztiek Joan profetatzat dauke-ta».
27 Beraz, erantzun eutsoen:
—Ez dakigu.
Jesusek, orduan:
—Ba, nik ere ez deutsuet esango zein aginpidez jokatzen dodan horrela.
Seme bien parabola
28 Jesusek esan eutsen: «Ea zer deritzozuen. Gizon batek seme bi ebazan. Batengana joan eta esan eutson: ‘Seme, hoa gaur mahastira lanera’. 29 Harek erantzun eutson: ‘Ez dot nahi’; baina bat-batean damutu eta joan egin zan. 30 Besteagana ere joan zan aita eta gauza bera esan eutson. Eta harek erantzun: ‘Banoa, jauna’; baina ez zan joan. 31 Zuen ustez, bietatik zeinek egin eban aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun eutsoen.
Jesusek esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. 32 Izan ere, etorri jatzuen Joan Bateatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz*, eta ez zeutsoen sinistu; zergalariek eta emagalduek, barriz, sinistu egin eutsoen. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zaree aldatu: oraindik ez deutsozue sinistu.
Nekazari hiltzaileen parabolea
(Mk 12,1-12; Lk 20,9-19)
33 «Entzun beste parabola hau: Behin baten, nagusi batek mahastia landatu eban eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki eban. Gero, nekazari batzuei errentan itzirik, urrutira joan zan. 34 Mahatsa batzeko sasoia heldu zanean, bere morroiak bialdu eutsezan nekazariei, frututik egokion partea jasotera. 35 Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin ebezan. 36 Barriro beste morroi batzuk bialdu ebazan, aurrekoan baino gehiago, eta harei ere beste hainbeste egin eutseen. 37 Azkenik, bere semea bialdu eutsen, holan pentsatuz: ‘Nire semeari behintzat izango deutsoe begirune’. 38 Nekazariek, barriz, semea ikustean, esan eben euren artean: ‘Oinordekoa dok! Hil daigun eta egin gaitezan mahastiaren jabe’. 39 Oratu, mahastitik kanpora bota eta hil egin eben».
40 Jesusek galdetu eutsen:
—Zer egingo ete deutse nekazari horrei mahasti-jabeak bihurtzean?
41 Erantzun eutsoen:
—Errukirik barik hilgo dauz eta bere sasoian frutua emongo deutsoen beste nekazari batzuen esku itziko dau mahastia.
42 Jesusek esan eutsen:
—Ez dozue irakurri Liburu Santuak dinoana:
Etxegileek baztertutako harria
giltzarri suertatu da.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri?
43 «Horregaitik dinotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta frutua atarako deutson herri bati emongo jako. 44 Eta harri honen gainera jausten dana lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera jausten bada, txikitu egingo du*».
45 Parabolok entzutean, Jesusek eurekaitik ziharduala konturatu ziran abadeburuak eta fariseuak. 46 Horregaitik, ha atxilotu nahian ebilzan, baina jendearen bildur ziran, danek profetatzat euken-eta.